Écoles basques

Paz Ziganda Ikastola

Iruñea

Iruñean Gerra ondoko lehen ikastola irekitzeko aukera iraungi zenean 1963an, beste bat sortzeko ahaleginak egin ziren 1965ean. Oraingo honetan, nahiz eta bide ofizialak ere jorratu ziren, gauzatzea lortu zen. Euskalerriaren Adiskideakeko elkartekideak izan ziren sortzaileak. Lehendakari Jorge Ramón Sarasa zela, bazkideentzat ikastola irekitzea erabaki zuten, Pozoblanco kalean kokatu zen hasieran.

"Nuestra Sra. de Uxue" izena jarri zioten. Andereño tituluduna Mikela Gastesi, Gorritikoa, eta ikasle, hamahiru neska-mutil, hasieran adostu bezala bazkideen seme-alabak zirenak.

José Estornés Lasa Euskalerriaren Adiskideakeko lehendakari zela 1968an, ikastolako gurasoen batzorde bat egitea erabaki zen. Bazkidetzaren inguruko eztabaidak suertatu ziren ikasturte horretan, izaeraren inguruan kontzeptu ezberdinak ernatzen hasi baitziren. 1969/70 ikasturtea Uxue ikastolarentzat azkena izan zen. Ikasleak 308, hamabi andereño eta bederatzi gela. Eman ziren eztabaidek izan zituzten nagusiki bi ardatz: konfesionaltasuna, eta antolakuntza mota (gizarteari zabalkundea bereziki).

Martxoan, biltzar korapilatsu baten ondoren, erdibitzea erabaki zen. Elkartearen mendean jarraitu nahi ez zuten gurasoek beste ikastola bat, San Fermin izena eduki zuena, sortu zuten. Euskalerriaren Adiskideak elkarteko ikastola Paz de Ziganda izenaz bataiatu zuten, izan ere emakume polifazetiko horrek Gerra aurretik eta euskal kulturaren zale eta ongile izan zen lehen urte zail haietan; gainera berak eta bere familiak Iruñeko ikastolarako dirua utzia zuten. "Konfesional"tzat jo zuten ikastola honetan gelditu ziren aurreko hiru andereño, horien artean lehena, Mikela Gastesi.

Hezkuntza Ministerioak Nafarroan baimendu zuen lehen ikastola bihurtu zen 1970ean. Baimendutakoa: ama eskolarako gela bat, beste bat eskolaurrerako eta lehen hezkuntzarako beste gela unitario bat. Baimena, hala ere, behin-behinekoa izan zen, eta laster egin behar izan zuten 1970eko Legearen araberako erreklasifikazioa. Urteak pasa ziren ere Paz de Zigandak Euskalerriaren Adiskideak elkartearekin zituen loturak behin betiko puskatu zituen 1981eko azaroaren 16an, ikastolaren titularitatea "Pedro de Axular" kooperatibak jabetu zuelarik.

Jose Luis Gorostidi (Lekeitio 1952- Iruñea 1996), bertan zuzendari aritu zen Lizarrakoan lanean egon ondoren eta zendu zen arte. "Euskaraz Bizi" proiektuaren sortzailea izan zen. Honekin, euskara ikasgeletatik atera eta eguneroko bizitzan sustraitzeko eta lantzeko helburua lortu nahi zen. Euskal Herriko ikastola gehienek parte hartu dute proiektu honetan.

Eraikin ezberdinetatik pasatu eta Nafarroa Oinez bat eta mailegu ezberdinei esker lortu zen LOGSE legeak eskatzen zituen etapak eskaini ahal izateko eraikin berria egiteko lursailak erostea Atarrabian.

Prestigio handiko ikastetxea izatera iritsi da eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza emateaz gain, 2012ko irailean batxileratoa ere eskaini du lehen aldiz.

Ver versión en euskara.