EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Joxe Azurmendik (Zegama, 1941) Espainolak eta euskaldunak saiakera 1992an argitaratu zuen. Saiakera mardul horren lehenengo bertsio labur bat ere idatzi zuen 70eko hamarkadan; bada, bertsio labur hark 1976ko "Andima Ibinagabeitia" saria eskuratu zuen.
Irakurleen artean harrera ona izan zuen Espainolak eta euskaldunak saiakerak. 90eko hamarkadan saiakera ez zen genero literario indartsua euskal letretan; hartara, saiakera mardul honek izan zuen arrakasta are aipagarriagoa da. 70eko hamarkadan, aldiz, saiakeraren eragina berebizikoa izan zen, eta euskal saiakera modernoaren hastapen ziren haietan Joxe Azurmendiren ekarpena funtsezkoa izan zen.
Xabier Altzibarrek (2000, 617) bi joera nagusi nabarmendu ditu Azurmendiren saiogintza oparoan: batetik, egungo pentsaera modernoa jorratu du, gai politiko, sozial eta kulturaletan arakatuz; eta, bestetik, literatur kritika jorratu du, betiere idazlan edo idazleen pentsamendu filosofikoan sakonduz.
Espainolak eta euskaldunak saiakerak, beraz, pentsaera modernoan haztatzea du helburu. Hala ere, pentsaera moderno hori zertan den azaltzeko, pentsaera modernoan erroturiko zenbait kontzeptu, ideia eta diskurtsoren jatorri historikoa arakatzeari ekiten zaio liburuan. Hain zuzen ere, euskaldun basatiaren mitoaren jatorria aztertzea du helburu egileak, baina, batez ere mito horrek historian zehar izan dituen eraldatzeak eta egokitzeak agerraraztea. Mito horren sorburua eta hedapena aztertzearekin batera, mitoa biziarazi duten baldintza historikoak eta sozialak ere aipagai dira. Beraz, hizkuntzaren mitologiak aztergai dira, bai eta nazioaren mitologiak ere. Alegia, nazioen historia mitikoa aztertzen da, bereziki nazio espainolaren eta euskal nazioaren historia mitikoa. Nazio espainolaren historia mitikoak euskal nazioaren edo euskal herritarren irudi bat sortu du, euskaldun basati edo euskaldun zibilizatugabearen mitoa haizatu eta hedatu baitu. Azken batean, nazio espainolaren mitologia eta euskal nazioaren mitologia jartzen dira aurrez aurre saiakera honetan, erromatartze garaitik sorturiko botere-harremanek bi mitologia horien garapenean zein eragin izan duten aztertzen delarik.
Dagokigun saiakera, beraz, erromatartze garaiko diskurtsoak aztertuz abiatzen da. Abiaburuko atalean, erromatarren eta barbaroen arteko bereizketaren sorburua da aztergaia, eta barbaroaren irudia sortzeko erabili izan diren diskurtsoak aletuz, historian aurrera eginten da, Erdi Aroan, Ernazimentuan eta Modernian barbaro, basati edo zibilizatu gabearen diskurtsoak zein sostengu izan duen agerraraziz.
Bide horretatik, ordura arteko zenbait saiakeratan jada gogoetagai bihurturiko gaiak hizpidera dakartza Zegamakoak: hizkuntza, kultura, etnia eta nazioa. Lau kontzeptu horiek elkartzeko bideez egiten du gogoeta, eta batik bat horien arteko dialektika nazionalismo espainolean edo euskal abertzaletasunean nola garatu den aztertzen du, batzuetan zeharka bada ere.
Hala, Joxe Azurmendik aipuak erabiltzen ditu saiakeraren haria josteko. Garai eta ideologia ezberdineko pentsalariek edo agintariek esandakoak biltzen ditu, eta, ondoren, adierazpen horien inguruan gogoeta egiten, adierazpenek sorturiko harridurak, galderak eta zalantzak agertuz. Aipagarria da, gainera, gogoeta horiek josteko ironia duela egileak gidari, eta bizitasun handiko diskurtsoa osatzen duela. Ziur asko, begirada ironiko eta pertsonal horrek irakurleen harreran badu eraginik. Kontzeptu politikoak eta filosofikoak aletzen ditu egileak, modu argi, umoretsu eta zirikatzailean egin ere.
Saiakera berehala itzuli zuen Hiru argitaletxeak, 1995ean bertan: Los españoles y los euskaldunes.
Azurmendi saio-egile oparoa da, eta kezka-iturri zaizkion gaietan arakatzen segitu du, pentsamendu eta arrazonamendu bide etengabeak garatuz. Zentzu horretan, nazio espainolaren mitologiaren gaiari ere heldu dio beste behin, sakonago eta patxadatsuago, Espainiaren arimaz (2006, Elkar) saiakeran.
- ALTZIBAR, Xabier. "El ensayo del XX". in Patri Urkizu (zuz.), Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000. 589-627 or.
- AZURMENDI, Joxe. Espainolak eta euskaldunak. Donostia: Elkar, 2000.