Roman

Otto Pette (1994). Anjel Lertxundi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Alberdania argitaletxeak plazaratu zuen Otto Pette: Hilean bizian bezala eleberria 1994an. Hainbat aldiz berrargitaratu da eleberri mardul hau.

Zazpi ataletan banaturik dago Erdi Aroan giroturiko nobela berritzaile arrakastatsu hau. Kortazarren iritziz esperimentatzeko bidea jorratzen segitu zuen Lertxundik eleberri honen bidez (2000: 157). Esperimentatzeko bide horretan, Lertxundik ondoren jorratuko duen bide baten aitzindari da Otto Pette eleberria, izan ere, Ifrentzuak saila aurkeztean esandakoak aurki ditzakegu jadanik mintzagai dugun nobela honetan: "Ifrentzuak sailak ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia ditu aztergai, autorearen begietan. Tradizio horiek ifrentzuz jarri eta azpil berriak bilatzen saiatu da Lertxundi". Eleberrian aurki genezake, esaterako, agotaren deskribapena estoldetako jendeaz mintzatzerakoan (219. or.). Otto Pette aitzindari izan da Lertxundiren eleberrigintzan tradizio horiei lekua eskaintzean, Aldekoak adibidez ongi horniturik aditzera eman duen bezala (2004: 266).

Erdi Aroan girotzeak, hizkuntza aldetik ere kontakizun berritzailea egitea eskatzen zuenez, ahalegin berezia egin zuen Lertxundik alde guztietatik Erdi Aroa hauteman dezan irakurleak, hain zuzen ere, euskaraz ordura arte jorratu gabe bide bat irekiaz. Liburu honen arrakastaren giltzetako, Lertxundik berak adierazi izan duen bezala, hizkuntza eraikitzeko eginiko lan itzel eta eskergan datza, izan ere, euskaraz ez zegoen aurretik gisa horretako eleberririk. Hizkera baliatu du Lertxundik giro hori sortzeko -eta bereziki, gainera hiztegia-, baina horrez gain, naturako osagaietan oinarrituriko konparazio ugariak ere oso lagungarri dira giro hori eratzean, baita eleberria garatzeko baliaturiko erregistro ugariak ere, pertsonaia bakoitzari dagokion mailako erregistroa aurkitzen baitu irakurleak, batik bat arrotza beste pertsonaia batzuen azalean mintzo denean nabarmen geratzen dena: Battis Toberaren hizkera jostaria edo Erret-Jauregian giroturiko hainbat pasartetan erabilia den hizkera larderiatsua, edo Otto Pettek bere kontakizuna hastean darabilena: "Zilegi bekit hastea [...] fraile doktrino lerdejario bati entzun nizkion hitz hanpatuokin" (65. or.).

Izenburuko otto anbiguoa da esanahiaren aldetik, osaba nahiz otsoa adierazten baititu, Lertxundik berak behin baino gehiagotan nabarmendu duenez. Izan ere, Otto Pette pertsonaia eleberrian barneraturik jakingo dugunez, pertsonaia gozoa da batzuekiko, baina gaizto eta zitala beste batzuekiko, eta hori da izenetik bertatik adierazi nahi zaiona irakurleari.

Erdi Aroan girotu ahal izateko, espazioek ere Erdi Aroa irudikatzen dute. Erret-hiria deskribatzean Donibane Garaziko gotorlekuaren barneko kaleak irudikatu zituen eta katedrala deskribatzean, berriz, Baionako katedrala izan zuen gogoan Lertxundik berak adierazitakoaren arabera.

Erdi Aroan giroturik egon arren, ez du datarik eleberriak, ez baita eleberri historikoa, nahiz eta garai jakin batekin loturiko hainbat osagai ageri diren, "Otto Petteko erdi aroak" aztertzean Aldekoak (1998: 64-70; 2004: 264-265) eta Olaziregik (2002: 158-159) nabarmendu bezala: azaleko motiboa XII. mendekoa izatea, XIV. mendean izaniko izurritea, kometa agertzea...

Otto Pette landetxe batean bizi da bakar-bakarrik, oroitzapenak bidelagun dituela. Baina arrotz bat hurbildu da etxera, eta kanpotarra etxean jaun eta jabe bihurtu da. Bien arteko elkarrizketa da eleberri osoa, eta Otto Pette arrotza nor den asmatzen ahaleginduko da harekin duen elkarrizketa luze horretan, arrotzak ematen dizkion arrastoei jarraiki, Otto Pettek bere bizitzan zehar ezaguturiko hainbat pertsonaiaren azalean agertuko baitzaio arrotza: Errondal, Aba Yakue, Battis Tobera... Arrotza (Herio) kontu eske aritu zaio Otto Petteri heriotzaren atarian, bizian eginikoengatik, azkenean mendean hartu arte: "kax-kax, atean jo dute" (458. or.).

90eko hamarkadaren amaiera aldera Anjel Lertxundik hainbat hitzalditan landu zuen literatura eta disidentziaren inguruko gaia, eta ondoren hainbat saiakera-lan argitaratzean (1999, 2001) etengabe egin du gogoeta gai horren harira. Besteak beste, esana du literaturaz bestearen tokian eta egoeretan jartzea dela, eta pertsonaiak bestearen larruan jartzen dituela literaturak: "beste talaia batean jartzea esan nahi du disidentzia hitzak" (2001: 43). Horixe da Otto Pette eleberrian landuriko estrategietako bat, hain zuzen, arrotzak beste norbaiten lekua hartu izana, Otto Pettek asmatu ezin duen norbaiten lekua. Gainera, Errondalen larruan ageri denean arrotza oso nabariki ikus daiteke nola doan Errondal bere bidea hartuz eta nola den pertsonaia disidentea azkenerako bere taldekide izandakoekiko ere:

"Biotatik Jonane zen itsuena musdetarrekiko ihardunean, bera zegoen liluratuen musdetarrekin, eta nik atxikimendu haren gehiegia aurpegiratzen niolako sortzen ziren bion arteko sesio gehienak. Ez zidan sekula musdetarrekiko, ez destainarik, ez arrenkura izpirik agertu" (238. or.)

Alde horretatik, Anjel Lertxundiren azken urte hauetako poetikaren edo pentsamolde literarioaren gauzatzea ikus genezake eleberri honetan hezur-mamiturik.

Bestalde, Lertxundik eleberrietan itzalekin eta ispilu-jokoekin egin ohi dituen jolasak ez dira soilik fikzioan baliatzen dituenak, izan ere, Mentura dugun artean saiakera-liburuan ere itzalak sarri ditu mintzagai, "Gure itzalaren bila" atala bera lekuko.

  • ALDEKOA, Iñaki. Mendebaldea eta narraziogintza. Donostia: Erein, 1998.
  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000.
  • LERTXUNDI, Anjel. Gogoa zubi. Irun: Alberdania, 1999.
  • LERTXUNDI, Anjel. Mentura dugun artean. Irun: Alberdania, 2001.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru Ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala, 2002.