EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Gauza asko idatzi da eleberri honi buruz: kontsumo literaturarantz egindako norabide aldaketa suposatzen duela autorearen aldetik irakurlego euskaldunarentzat zein espainolarentzat deserosoa suertatzen dela, belaunaldi militante baten porrotari buruzko nobela dela, Atxagaren lehen lan errealista dela (historikoki kokaturiko lehen lana), gizartearen presiopean "euskal arazoaz" hitz egitera ausartzen dela lehenengoz Bernardo Atxaga, thriller-aren mekanismoak maisuki erabili dituen arren ideologien bukaeraz gogoeta sakona egitea lortu duela, psikologismo literarioan egiten duen lehen barneraldia suposatzen duela... Hori guztia dateke, eta baita beste gauza asko ere, Gizona bere bakardadean nobela.
Behi euskaldun baten memoriak (1991) obran hasitako bideari jarraiki, eta bere lehenagoko ohiturei muzin eginez, Bernardo Atxagak pertsonaia nagusi bakar baten inguruan eratu du obra osoa. Carlos da bakardadea pairatzen duen gizona. Eta Carlosi buruz dakigun guztia -ezaugarri ikusgarriez ari gara, eta ez bere barne bizitzaz- zera da, bere militantzia urteetako ezizena darabilela oraindik ere (irakurleak ez du ezagutuko bere benetako izenik), burusoiltzen hasia dela, beste ETAkide ohi batzuekin batera hotel bat erosi dutela Bartzelonatik hurbil (komandoaren "despedida" ekintza izan zen atraku batean osturiko dirutzari esker), hoteleko okindegiaz arduratzen dela eta hain zuzen okindegiaren sotoan gordetzea erabaki duela Carlosek, tupustean, Euskal Herrian atentatu bat egin berria duen aktibista bikotea, asoziatuak jakinaren gainean jarri gabe. Pixkanaka, Carlos anti-heroiaren nortasuna eta barne-bizitza korapilatsua deskubritzen joango gara, eta hori da nobelaren interesgune nagusia. Beste interesguneetako bat Jon eta Jone militanteak hotela inguratzen hasiak diren polizien atzaparretatik libraraztea lortuko ote duten da.
Carlos pertsonaia angustiatua da, alegia, hitzaren zentzu etimologikoan estutua. Estutasunek eta estutasunak bat egiten dute: espazioaren murrizketa geroago eta itogarriagoa bizi du Carlosek. Bere iragan politikoa dela eta, Euskal Herrira itzultzea problematikoa zaio (nahiz amets hori izan nobelan zehar). Bartzelonako eguneroko bizimoduan integratzea ere nahi luke (katalanera ikasiz), baina hotelera eta bere inguru hurbiletara murrizten zaio joko-zelaia: okindegia, sotoa, hotela bera, igerilekua, Banyera izeneko ur-putzua eta gasolindegia. Aipatzen diren gainerako tokiak (Euskal herria, Obaba, eta beste), pertsonaiaren oroitzapenetan baino ez dira agertuko, inoiz ez errealki. Gainera, nobela aurrera joan ahala, poliziaren presentziak are eta zailagoa egingo du espazio murriztu horretan zehar mugitzea. Nobela klaustrofobikoaz mintza gaitezke, dudarik gabe. Beste hainbeste esan dezakegu denboraz. Izan ere, Carlos iraganean harrapatuta bizi da. Bere oraina biziraupen ariketa arriskutsu bat izatera mugatzen da eta etorkizuna -iragan militanteak erabat baldintzatzen duen heinean- ameskeriaren mailan geratzen da. Eta Carlosek bizi duen iragana ez da preseski oroitzapen erosoz osaturiko eremu zabal eta atsegina, mamuz eta espektroz beteriko lurralde iluna baizik : "Kropotki" anaia iraultzaile extrabertitua, Obabako giro gaiztotuan erotua, militantzia armatuaren hastapenetako oroitzapen gazi-gozoak ("Sabino" formatzailearen eskutik), eta, batez ere, borroka armatuaren izenean burututako hilketa baten zama eramanezina. Hertsitasun tenporala areagotu baino ez du egiten nobelan aurrera joan ahala ematen den denboraren gestioaren aldaketa nabarmenak. Nobelaren hasiera, izan ere, geldoa da, eta bertan flash-backaren erabilpena nagusitzen da pertsonaia nagusiaren barne-ahotsen arteko elkarrizketa gatazkatsuaren bitartez gaurko nortasun uzkurti eta introbertitua azaltzen duen iragana miatzen delarik nagusiki. Bigarren zatian, aldiz, hotelera gerturatzen ari den poliziaren agerpenarekin batera, erritmoaren bizkortzeak benetako suspense nobelen ildoan jartzen gaitu. Suspensezko nobelagintzaren teknika ezaguna praktikan ezarriz, atzeraka kontatzen jartzen du autoreak Carlos -zenbat denbora falta zaion ETAkideen ihesaldia antolatzeko eta gauzatzeko, hori bihurtzen da bere kezka bakar eta obsesiboa-, eta osagai nobelesko berri horrek bat egiten du espazioaren hertsatze prozesuarekin, irakurlearengan benetako angustia (gorago adierazitako zentzuan) sortuz.
Beste testuinguru batzuetan -Obabako ziklo neo-erruralean- jadanik esperimentatutako barne-ahotsen teknika narratiboa berreskuratuz, Atxagak izaera polifonikoa -zentzu bakhtiniar batean- ematen dio Carlosi. Bere baitan ahots kontraesankor ezberdinen talka1 jasaten duen pertsonaia pasibo samarra da, bere buruaren eta patuaren jabe ez dela sentiaraziz irakurleari abilezia handiz. Nobela posible egiten duen erabakia (Jon eta Jone iheslariak bere ardurapean dagoen hoteleko okindegiaren sotoan aterpetzeko erabakia), esaterako, ez da benetako erabakia, Carlosek zergatik oso ondo ez dakiela egindako zerbait da, bere buruari ere ongi azaltzen ez dakiena, halako erru sentipen lausoa, nolabait euskal kausa traizionatu duelako sentipen nardagarria. Ez da harritzekoa, hortaz, eleberriaren background ideologikoa iraultza eta engaiamenduari buruzko gogoeta desliluratu bat izatea. Eta horretan datza Atxagaren asmakuntza ederrena, garai historikoaren eta kokapen geografikoaren hautaketan, alegia. Izan ere, elementu hauek oro modu naturalean uztartzea lortzen baitu 1982ko ekaineko azken egunak eta Bartzelona aukeratuz, hots, futbol mundialaren finalerdietako baten kokagune eta egunak. Kontsumo gizartearen eta despolitizazioaren sinbolo den kirol erregea hotelera ekarriz -Carlosen eta bere asoziatuen hotelean aterpetuko dira Poloniako taldeko jokalariak nobelaren ekintzak iraungo duen egunetan-, bi txori harri bakarraz jotzen ditu Atxagak : kutsu errealista ematen dio liburuari (irakurlearen ekintzarekiko identifikazioa gertakari unibertsal horren presentziaren bitartez bideratuz) eta, bidenabar, errealitate efektu horrek berak eleberriari perspektiba ematen dio -zentzu piktorikoan-, bertan txertaturiko iraultza eta konpromisoari buruzko gogoetari izan zezakeen zurruntasuna kenduz. Zotzari ziria sartzeko, ez zaio, noski, kasualitateari zor Poloniako selekzioaren hautua. Garai hartan oraindik herri komunista izanki (eta Gerla Hotzetik irten gabea zelarik artean mundua), Poloniak iraultza nagusitu den herrialdea sinbolizatzen du, hau da, teorikoki "paradisua" bere burua iraultzailetzat duen edonorentzat. Hala, garrantzia berezia izango dute nobelaren garapenean -ez hainbeste ekintzaren garapenean, baina bai nobelaren gune den eztabaidan- Poloniako selekzioari lotutako bi pertsonaiek: Danutak, adinean gora egindako interpreteak; eta Boniek, aurrelari izarrak.
Pertsonaia bakar bat obraren ardatz izateak ez du esan nahi beste pertsonaiak landuak ez direnik. Aitzitik, beste pertsonaiak tresna ezin hobeak dira Atxagaren eskuartean Carlosen izaera kontrastez (metafora piktorikoari eutsiz) definitzeko eta ñabartzeko. Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, Danuta eta Boniekekin. Danuta, adinean sartua delako, Carlosen aurreko belaunaldiaren ordezkaria litzateke, garaile atera zen iraultza handi batean esku hartutako norbait da, eta gazte denboran iraultzaren baitan "fedea" izandako pertsonaia izanki, Carlosentzat erreferentzia bihurtuko da nobelan zehar, agian bere buruaren irudi zahartutzat daukalako. Danutaren irakurketa kuttunek erakusten dutenez -Rosa Luxemburgo besteak beste-, pertsonaia honek ez du iraultzaren bertsio ofiziala irudikatzen, baizik eta nolabaiteko disidentzia. Horrek balore are handiagoa ematen dio Carlosen begietan eta beraz, logikoa denez, are eragin handiagoa du berarengan Danutak erakusten duen iraultzarekiko neke edo deslilurak, eta pixkanaka agerian geratuko zaion kontsumo gizartearekiko erakarpenak. Bonieken figura ere hala ulertu behar da: eleberriaren ekintza kokatua dagoen garaian, Boniek mendebaldeko futbol talde aberats batekin fitxatzekotan dago, nahiz mundialean -selekzio nazionalaren elastikoa soinean daramala- bere herri komunistaren irudi eta ospea defenditzeko ardura daukan. Kluba eta selekzio nazionalaren helburu eta izaeren arteko kontraesan horrek Carlosi zer pentsatu ematen dio.
Carlos, orain artekoa laburbiltzeko, Atxagaren obran lehen aldiz agertzen den problematika existentzial baten paradigma da, bi espazio lehiakideren artean hautatu ezin dezakeen pertsonaia urratuarena. Alde batetik iragana eta Euskal Herriarekiko atxikimendua dago -fisikoki etxera, Obabara, itzultzeko Carlosen gogo edo ameskeriak sinbolizatuko lukeena-. Bestetik, Bartzelonako bizitza "normalean" integratzeko desira ez erabat asumitua, ordura arteko bere "fede" militantearen ukapena litzatekeelako. Eleberriaren bukaera salatu gabe, esan daiteke pertsonaiak ez diola desira edo nahikeria hauetako ezeini erabateko baietza emango eta no man's land batean utziko duela Atxagak azken orrialdera iristean. Konpromezu orotatik aske... baina horren ordainetan bakardadean. Eskema hau -bi espazio lehiakideren edo kontraesankorren artean aukera ez dezakeen edo nahi ez duen pertsonaia nagusiarena- Atxagaren 90eko hamarkadako hurrengo testuetan ia aldaketarik gabe errepikaturik aurkituko dugu. Horregatik guztiagatik, esan daiteke, 90eko corpus atxagarreko paradigma dela Gizona bere bakardadean obra, ondoren etorriko diren testuen benetako matrizea izateraino.