Architecture

Errenteriako Udaletxea

Jakina denez, 1480. urtean Errege Katolikoek emandako Ordenamendu baten arabera, hiri eta herrietako kontzeju guztiak eraikin itxi batean ospatu behar ziren eta ez elizetako arkupeetan edo kanpoan.

Gipuzkoaren kasuan, indarrean zegoen sistema kontzeju irekia zen, hau da, auzotar guztiak biltzen ziren herriko gaiak eta arazoak eztabaidatzeko, batez ere elizpetan, baita alkatearen etxean, herriko ospitalean eta hilerrian ere.

Denbora pasa ahala eta biztanleen hazkundearekin batera, gaiak eta beharrak konplexuagoak eta zailagoak egin ziren eta hiribilduen eta herrien gobernamendua aldatu egin zen. Kontzeju irekia kasu berezietarako bakarrik mantendu zen eta eguneko arazoak -zaintza, segurtasuna, ordena, administrazioa, ekonomia, justizia eta abar-, bilera edo kontzeju itxiaren esku utzi ziren. Udalerriko biztanle guztiek ez zuten bilera itxian parte hartzeko eskubidea, zenbait baldintza bete behar baitzituzten. Horien artean, gizartekoen aldetik, noblea edo aitoren semea izatea eta, ekonomiaren aldetik, zenbait errenta eta lur-ondasun edukitzea.

Aipatu dugun bezala, Gipuzkoan ezarritako erregimena irekia zen eta horrela jarraitu zuen gutxi gorabehera XVI. mendera arte. Ikerketen arabera, mende horretan bi udaletxe baino ez ziren gauzatu, Lezokoa eta Leintz Gatzagakoa. Hala eta guztiz ere, kontzejurako eraikinaren tipologia XVII. mendean ezarri zela esan daiteke. Izan ere, mende horretan udaletxeen eraikuntza zabaldu egin zen eta, oraindik ere, horietako batzuen traza edo diseinuak mantentzen dira, adibidez, Errenteriakoa.

Eraikin hau altxatu baino lehen, udal bilerak edo udal batzarrak parrokia elizako koruan burutzen ziren. XVII. mendearen hasieran erabaki zen udaletxearen eraikuntza.

Gauzak horrela, Errenteriako herriko etxea Gipuzkoako udaletxerik zaharrenetakoa bihurtu da. 1605. urtean eraikuntza lanak amaitutzat eman ziren eta Fray Miguel de Aranburu arkitektoak burutu zituen obrak. Agirien arabera, Zeraingo frantziskotar legoa zen eta Madrilgo Juan de Herrera arkitektoaren dizipulua izan zen. Horretaz aparte, jakina da Juan de Garaiburuk eta Martin de Ondartzak hargintza lana burutu zutela.

Kokapenari dagokionez, herriko plazan dago. Parrokia elizak, armarriz hornitutako etxeek eta Erdi Aroko bost kaleek osatzen dute herriko multzo arkitektoniko hau.

Udaletxea oinplano ia karratua duen Errenazimendu estiloko eraikina da. Tipologiaren aldetik, Euskal Herriko kontzeju-etxeetara egokitzen zaio, jauregiaren eta baserriaren eraginak elkartuz.

Errenteriako herriko etxean fatxada nagusia da atal nabarmenena. Aurpegi hau hareharrizko harlanduz eta harlangaitzez eraikita dago. Beheko pisua, bi solairu eta gainean beste gorputz bat dauzka, atzera aldera kokatuta dagoena. Fatxada horren antolaketa, hutsune simetrikoez osatutako erretikula batean dago banatuta eta hori izan daiteke ezaugarri deigarrienetako bat.

Baserriaren tipologiari jarraituz, beheko pisuan sei arkuetako arkupea agerian dago. Sei arku horietatik, batek aldameneko kale batera ematen du eta lau fatxada nagusian irekitzen dira. Erdi puntuko arkuak dira eta angeluzuzeneko pilaretan oinarritzen dira.

Arkuteriaren gainetik, oso irtena den moldura batek zeharkatzen du aurpegi nagusia, lehenengo solairua bereiziz. Gorputz honetan lau baoak agerian daude. Osagai esanguratsuenak dira erdiko balkoia eta hiribilduaren armarria dira. Balkoiak bi ate dauzka, luzea eta irtena da. Armarri aldiz, balkoi nagusiaren erdiko partean dago. Alboetan, ate bakarreko balkoiak agertzen dira. Horretaz gain, aipatzekoak dira baoak markoztatzen dituzten platabandak eta balkoietako burdinazko forjako lanak.

Bigarren solairua bereizteko moldura irten bat erabili da berriz ere. Lehenengo pisuko eskema berdina errepikatzen da, lau hutsunekoa baita. Kasu honetan, baoak neurri txikiagokoak dira, baina platabandetaz ere hornituak daude. Maila honetan ere, balkoietako barandak burdin forjatuz landuta daude. Solairu honetako goiko partean beste moldura irten bat nabarmentzen da eta multzoa triglifozko eta metopazko friso batez osatzen da.

Gorputz honen gainetik eta euskal etxe-kontzeju motara egokituz, teila hegal zabala agertzen da. Elementu hau, eguraldiaren hezetasunari aurre egiteko sortu zena, baserri tipologiatik dator eta apaingarri osagai bihurtu da udaletxe gehienetan. Kasu honetan, agertzen diren harburuak landuak izateaz gain, kalitate aipagarrikoak dira.

Ganbara batek amaitzen du multzo osoa. Esan dugun bezala eraikinaren planotik atzerago dago kokatuta eta, estiloaren aldetik, geroagokoa da.

Errenteriako udaletxeak hainbat zaharberritze lan izan ditu. 1638. urtean, adibidez, Frantziako gudarosteek, Condé printzearen agindupean zeudenak, Hondarribiko herria setiatu zuten eta ondoren Errenterian sartu ziren. Beste eraikinen artean, herriko udaletxea suntsitu zuten eta ondorioz berreraiki behar izan zuten.

Geroago, XX. mendean, 1905. urtean hain zuzen ere, barruko eraberritze-lanak egin ziren. Horretaz gain, jakina da 1925. urtean zabaltze-lanak burutu zirela eta, berriz ere, 1974. urtean barruko partean eraberritze eta egokitze lanak gauzatu zirela.

  • ASTIAZARAIN, Maria Isabel: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Manuel Carrera, Manuel Martin de Carrera. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismo Departamentua, 1991.
  • CENDOYA ECHANIZ, Ignacio: Arkitektura eta hirigintza Gipuzkoan. Bilbo: Ortzadar Bilduma. Gero-mensajero, 1995.
  • ISASA, Pedro; LINAZASORO, Iñaki: Gipuzkoako udaletxeen marrazkiak. Dibujos de las casas consistoriales de Gipuzkoa. Donostia: Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa. Fundación Social y Cultural Kutxa, 1995
  • SAÑUDO-LASAGABASTER, Blanca: Estudio histórico y arquitectónico de las casas consistoriales guipuzcoanas de los siglos XVII y XVIII. San Sebastián: Colección Estudios e informes. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1985.
  • YRIZAR, Joaquin: Las casas vascas: torres, palacios, caseríos, chalets, mobiliario. Bilbao: Librería Villar, 1980.