Littéraires

Goldaketan (1946). Jokin Zaitegi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Gerra aurreko "olerkarien" belaunaldikoen sinbolismotik gehiegi urrundu gabe idatzia da Mexiko hirian 1946ean argitaratu zen Goldaketan olerki bilduma. Eta ez da harritzekoa, gogoan izanez gero Zaitegi gerraondoko urteetan egindako lanagatik ezaguna dela eta Lauaxetaren ikaskide izan zela Loiolako jesuiten ikastegian. Poemario luze samar honen garrantzia neurri handi batean argitaratze datari dagokiola esan daiteke. Gerraosteko euskal kulturgintza suntsituan Guatemalatik bertatik, lehenik liburu honen bitartez, eta batez ere 1950etik aurrera antolatu eta bere patrikatik bermatuko duen Euzko-Gogoa aldizkariaren bitartez (Orixe ere Zaitegik "mantenduko" du bere ameriketako erbestealdian), Zaitegik gerra aurreko eta gerraondoko idazle eta giroen arteko zubi ezinbestekoa eraikiko du.

Idealismoa darie Zaitegik biribildutako olerki gehienei. Abertzaletasuna eta fede kristaua etengabe txirikordatzen dira bere idazkietan, nahiz ez den adiskide eta aldizkarian kolaboratzaile izan zuen Orixeren mistizismora iristen. Kemena galtzekotan dagoelarik "Yainko"-aren beso indartsuan bermatzen den gizon ederzale gisa agertzen zaigu poeta arrasatearra liburuan zehar. Eta bizitza luze, mugitu eta gorabeheratsua izanagatik, bere sen edo joera poetikoa egonkorra izan bide da. Izan ere, gerraren ondorioz erbesteratutako euskal idazleen artean kokatzeko tentazioa izan badezakegu ere, errealitateari hurbilagotik begiratzea nahikoa da gerra hasi aurretik ere urte asko Euskal Herritik kanpo -Venezuelan eta Belgikan, kasurako- emandako ikasle nahiz irakaslea izan zela ohartzeko. Horregatik, olerki bilduman sarritan aipatzen edo ilustratzen den herriminak ez du zerikusi zuzenik Euskal Herriko egoera politikoarekin. Artifizialtasunaz mintzatzea bidegabea eta gogorregia litzatekeenez, esan dezagun topos literario bat ere badela herriminarena Zaitegiren olerkigintzan, haragian nozituriko sentimendua bezainbat, eta herriaz eskaintzen duen irudiak gehiago zor diola lehen eta bigarren Pizkundeko olerkari zein margolariek osatutako irudi idealari ezen ez eta hurbiletik deskribaturiko errealitate bati.

Liburua 110 olerkiz dago osatuta, non gehienak gerra aurrekoak baitira -asko eta asko Belgikan teologia ikasten ari zela onduak. Hain zuzen, 1934ean bosgarren Eusko Olerti Egunean saritutako "Tori nire edontzia" sinbolistarekin hasten da bilduma. Olerki programatiko honetan artzain batek olerkariari ontzi bat eskaintzen dio "eusko-bizikeraz" betea, idatzi aurretik edan eta inspirazioa etor dakion. Obraren bigarren zatia gehienbat autore europar ez arras garaikide baino moderno zenbaitzuen olerkien itzulpenez dago osatuta (Baudelaire, Verdaguer, Maragall, Coppée...), itzulpenok autorearen aurkezpen orrialde batez horniturik datozelarik. Horazio poeta latinoaren olerki batzuk ere badira eta baita beste autore klasiko zenbaitzuen imitazioz idatzitako olerkiak.

Bildumaren lehen zatia gerra aurreko poesiak urratutako ildo tematiko nahiz estetikoa goldatzeko ahalegin bat da, izenburuak xumeki iradokitzen duen legez. Lauxaetaren zenbait oihartzun -apika liburuko sinpleenak eta ederrenak diren maitasunari buruzko olerkietan, batez ere, edota itsasoa agertzen denetan- edo Lizardirenak -izadia eta euskal paisaia protagonista dituztenetan- garbiro entzun daitezke. Zaitegik poesiaren ezagutza badu eta bere kultura zabalean oinarriturik -gerra aurreko euskal olerkariek ere bere bibliotekaren apal bat osatzen dute- idazten duela ezagun du. Gaztaroan hasi eta zahartzaroraino egindako itzulpengintza lan eskerga ere lagungarri bide du arlo horretan. Artean Loiolan ikasle zela Sofoklesen antzerkiak euskaratu zituen, 1945ean Henry Wadswoth Longfellow iparramerikarraren Evangeline poema epikoa eta 1962an Platonen elkarrizketak osotasunean euskaraturik argitaratu zituen, besteak beste. Agertu zen garaian ere, garai latzak eta urriak izan arren, kritikak jaso zituen Goldaketan bildumak, besteak beste Orixe edo aita Lafitterengandik -azken honenak garratzenak. Ildo berririk urratzen ez duen olerkari kultu eta hotz samarra izatea leporatuko diote Orixek eta Lafittek, bakoitzak bere argudioekin; Orixek, Lauaxetari bezala, atzerriko idazle modernoen ezagutzak euskal poesiaren funtsetik desbideratzeko zorian utzi duela diotso, zenbait olerkitan izan ezik -"Eusko-artzaiarena" txit orixetarra salbatzen du Orixek-; Lafittek Zaitegiren hizkera poetikoa errealitatean baino euskal tradizio linguistiko kultu eta funtsean artifizial batean oinarritua egotea egozten dio. Urte bat lehenago Mexikoko Pizkunde izeneko argitaletxe berak kaleratutako Telesforo Monzonen Urrundik bildumak, modu zuzen eta linguistikoki herrikoiagoan, Zaitegik behar bada iritsi ez zuen bat-bateko komunikazioa lortu zuen irakurlegoarekin. Haatik, ezin utzi aipatu gabe bere poesigintzaren alderdi ezezagun bat: maiz, baliteke oharkabean, Zaitegiren olerki luzeetan txertaturik aurkitzen diren neurtitz bikote isolatuek, izadiaren aipamena eta poeta-narratzailearen aldartearena batuz, haiku japoniarraren estetika single bezain hunkigarria dakarkigute gogora.

Nolanahi ere, Zaitegiren poesigintzaren ahuleziak, ahuleziak badira, barkagarriak suertatzen dira aintzat hartzen bada ez zela hori izan bere ekarpen nagusia. Gorago aipatu moduan, kultur eragile gisa egindako ekarpena da Zaitegiren izena egin duena -oroit bedi Miranderen lehen lanak Euzko-Gogoan agertu zirela eta ikuspegi ireki batean oinarrituz eman ziola Zaitegik bere aldizkariari halako kolaboratzaile zerrenda miresgarria (Mitxelena, Orixe, Etxaniz... ehunetik gora orotara).