Littéraires

Harri eta Herri (1964). Gabriel Aresti

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Gabriel Arestiren (1933-1975) lana euskal literaturak izandako modernitate literarioranzko abioaren eredu da; sinbolismoan ainguraturako poesia gizarte giro berrira darama, eta hizkuntzaren erregistroa berritzen du Arestik, komunikazio modu berriak sortuz.

Idazleak garbi uzten du poeta maitatuen aipamenetan bere irakur zaletasuna, batetik; eta poesian esperimentatzeko grina, bestetik. Arestik Blas de Oteroren liburuak 1959an ezagutu zituen, gutun batean dioenez. Elkar ezagutu zuten, eta adiskide handi egin ziren 1961tik aurrera.

1960 eta 1964 artean, Aresti gero eta poesia zuzenagoa egiten hasten da, sistema politikoak ezarritako egoera soziala salatuz, eta aldi berean jite herrikoia duten poemak osatzen ditu, zenbait ezaugarrirekin: zatikakotasuna, alusioa, ideiak metatzea, lotura faltadun itxura egitea... Bestalde, testuak zentsuratu zizkiotenetik, liburuak argitaratzea gero eta zailagoa egin zitzaion. Jo eta su ari zen idazten garai hartan, testu poetikoez gainera, Gabriel Arestik ipuin sorta bat kaleratu zuen, gizarte giroko gai konprometituekin, eta baita nobela bat, Mundu-Munduan, hasiera batean antzezlan baterako pentsatua. Zenbait antzezlan ere aurkeztu zituen Euskal Herriko sariketa literarioetara.

1964an, Gabriel Arestik bide berri bat abiatu zuen Harri eta Herri poemarioarekin. 1962erako idatzia zeukan, eta trilogia baten lehen liburua izan zen, harria eta euskal herria lotzen zituen irudia oinarri harturik. Gero etorri ziren Euskal Harria, 1967an, eta Harrizko Herri Hau, 1970ean. Badirudi egileak nahita utzi zituela igarotzen hiru urte argitalpen batetik bestera.

Harria eta herria lotzea, dirudienez, egileari berari gertatutako zerbaitetik sortu zen. Abadiñoko Salbatzailearen Baselizatik gertu hamabi harri daude, Durangaldeko herrien sinbolo gisa. Dena dela, oihartzun historiko horrek ez du ezabatzen beste poeta batzuen eragina. Celso Emilio Ferreiro galiziar poetak ere harria aipatzen du lehenagotik argitaratuko Longa noite de pedra liburuan; bestalde, Jon Juaristik Miguel Hernándezen poema bat gogorarazten digu, "vascos blindados de piedra", eta are gehiago ikus daitezke euskal identitatea eta harria lotzen dituzten zantzuak Arestiren beraren lehenagoko poemetan, ohartuki erabili baitzuen harriaren balio sinbolikoa, egoera politikoari aurre egiteko bitarteko gisa.

Euskal historiaurreari egiten dio keinu Arestik, eta euskal identitatea historiaurrearen arabera definitzeko interesa zuten beste ikertzaile eta artistekin lotzen du horrek. Harriaren sinboloa Jorge Oteizaren hipotesiekin loturik dago; eskultoreak historiaurrean aurkitu nahi zuen euskal estetikaren ezaugarri nagusi baten sorrera: historiaurreko eraikuntzetan, zehazki mairu-baratzetan, ageri den hutsa, huts hori abangoardiako eskulturgintzari txertatzen dio Oteizak. Barandiaran arkeologo eta etnografoa ere euskal herriaren jatorriaz arduratua zen, apaiz hark bultzatu zituen Euskal Herrian arkeologia ikerketak. Harria sinbolotzat hartzeak esanahi politikoa indartzen du: Euskal Herriaren aro ideala, utopikoa, Harri Aroa da.

Dena den, Harri eta Herri lanean errealitatearen irakurketa semiotiko berezi bat egitea bilatzen zuen Arestik. Edozein ñabardura, gertakizun, denboraren eta bizitzea egokitu zitzaion gizartearen alegoria bihurtzen zen Arestiren poesian. Poetak gauza zehatzekiko sentiberatasuna zuen: bizitako oro, ikusitako oro, entzundako oro, dena izan zitekeen poesia izateko gai, eta horretan Gabriel Arestik bazuen bere poesian "object trouvé" delakoaren ukiturik. Arestiren poemak bidaiak dira, hasi zerbait zehatzetik eta egia orokor batera iristeraino.

Hala, "Zorrotzako portuan aldarrika" poeman handik eta hemendik etorri eta elkarrekin lanean ari diren langileen gertakari xume bat hartzen du oinarri, injustiziak ez du bereizten haien artean, Arestiren gizarte-konpromisoa poemaren amaieran ageri da: "Beti paratuko naiz/ gizonaren alde".

Berdin gertatzen da "Bilbaoko kaleak" poeman ere; kaleen irakurketa politiko bat egiten du, alde batetik gizarte frankista adieraziz, eta bestetik askatasunaren egarria.

Arestiren poesia Blas de Oterok esandako "Escribo/ como hablo" haren araberakoa bada ere, badu eginkizun bat bete behar duen poeta/profetaren ikuspegirik. Harri eta Herri liburuan, Gabriel Aresti munduaren erdigunean jartzen da, subjektibitatetik eta ni poetikoaren lirikatik abiaturiko diskurtso poetiko batez, etabulartsu egiten dio aurre frankismoak eraikitako gizarteari. Horregatik da deigarria "Munduaren neurria" poema, bertan poetak bere ni hori mundua sortzen duen hitzaren sormenaren haritik eraikitzen duelako hain zuzen ere.