Architecture

Hilobi Santuko eliza. Torres del Rio

Torres del Rio Done Jakue bide ertzetan kokatutako herria da, eta honek garrantzia handia izan zuen, zalantzarik gabe, hirigunearen sorreran eta bere garapenean. Mendi baten maldatik zabaltzen da, eta goialdean San Andreseko eliza aurkitu daiteke, herriko parrokia alegia. Behean, berriz, herriaren sarreran eta galtzadaren ondo-ondoan, Hilobi Santuko tenplu bikaina ikus dezakegu. Hilobi Santuko eliza Nafarroako erromaniko berantiarreko lan hoberenetako bat da, autore ezberdinek diotenez. Badirudi Hilobi Santuko ordenako zaldunen eskutik sortu zela, 1160-1170 urteen artean, baina beste hipotesi baten arabera, Hilobi Santuko eliza Iratxeko monasterioaren menpe eta bertako monjeen eskutik sortuko zen. Bestalde, eta Eunateko Santa Mariako elizaren antzera, Torres del Ríoko Hilobi Santuko tenplu hau faro-eliza bat izan zen bere jatorrian, erdi aroko erromesei norabide zuzena gauez adierazteko.

Oinplano zentrala du, Jerusalemgo Hilobi Santuko elizaren antzera, baina Torres del Ríoko kasu honetan disposizio orokorra ez da zirkularra baizik eta oktogonala, Eunaten gertatzen den bezalaxe. Tenpluaren sarrera hegoaldean dago, normala den bezala, baina oktogonoaren ekialdeko aldean abside sasi-zirkularra ireki zuten, elizaren barne disposizioan ardatz baten norabidea azpimarratuz. Elizaren oinetan adosaturik, bestalde, barne-eskailera bat duen dorre bat dago, oinplano ultrasasizirkularrarekin, eraikinaren faroaren jatorrizko funtzioarekin lotuta behar bada.

Murruak ongi landutako harlandu erregularrez osatuak daude barrutik eta kanpotik. Barnealdean, xakeztatu batekin apaindua dagoen inposta bat dago, eliza guztiaren perimetroan, Jakako katedraleko apainduran inspiratua zalantzarik gabe. Inposta honek bi pisutan banatzen du elizaren disposizioa. Hala ere, oktogonoaren angeluetan kokaturik dauden zutabe luze batzuk inposta hori hausten dute, zeharkatuz, orden erraldoi bat sortuz. Gainean, beste inposta xakeztatu batek markatzen du kupularen abioa. Aipaturiko zutabe hauen kapitelak landaretzarekin apainduak daude, gai historiatu batzuk ere aurkitu daitezkeelarik. Honela, ikus dezakegu bi lehoien artean kokatutako munstro baten irudia, zentauro eta arpia baten arteko borroka, Hiru Mariak Jesusen hilobiaren aurrean, edota Jesusen Behereztapena gurutzetik. Kapitel hauek landaretzarekin apaindutako zimazioak dituzte. Kanpotik, oktogonoaren alde bakoitzean deskarga-arku bat dago, profil zorrotzarekin dagoeneko. Eunateko murruen kanpoko itxurarekin antza handia dute eta, Eunaten bezala, gotikoaren hurbiltasuna iragartzen dute dagoeneko.

Elizaren barnealdeko argiztapena bermatu ahal izateko, horma hauek hiru leihoekin zulatuak daude. Horietako bi, handienak, absidearen bi alboetan daude, eta hirugarren leihoa, txikiena, absidean bertan kokatua dago, elizaren ardatz nagusia azpimarratuz. Leiho erromanikoak dira, abozinatuak, eta zutabe motz eta lodien gainean dauden erdi puntuko arkuak dituzte. Aipaturiko zutabeen kapitelak animaliekin eta landaretza-forma ezberdinekin apainduta doaz.

Estalki sistemari dagokionez, oktogonoak oinplano bereko eta profil zorrotza duen kupula eder bat jaso zuen. Nerbio prismatiko sendo batzuek laguntzen dute pisu handiari eusten, kupulako giltzarrian gurutzatu gabe, eragin musulmana erakutsiz. Nerbioen artean leiho txiki batzuk daude, eragin musulmana ere adierazten duten harrizko leihosare batzuekin apaindurik, eta leiho bakoitzaren gainean bolizko lanen eragina duten arkitektura txiki batzuk ikus daitezke, batez ere dorre eta gazteluen irudikapenak. Nerbioetan, azkenik, beste motibo batzuen artean, apostoluen izenak daude margoturik. Kupularen goialdean, nerbioek markatzen duten erdiko hutsune oktogonalean, beste inposta xakeztatu bat doa, linternaren abioa seinalatuz. Linternak badu oinplano oktogonala ere, eta kupulatxo batekin estalita doa. Linterna honek erdi puntuko leihoak ditu lau aldeetan, ardatz nagusiak markatuz, eta kanpotik ikusita eliza guztiaren miniatura baten itxura hartzen du, joku estetiko ederra eginez. Elizako absideari dagokionez, profil zorrotza duen labe-ganga arrunta jaso zuen estalki gisan.

Elizaren sarrera erdi puntuko arku erromaniko bat da. Arkibolta bakarra du, eta kanpoaldetik lau petalo dituzten loreez apainduriko arkutxo bat doa. Arkiboltaren azpian bi zutabe daude, harroina molduratuekin, fuste zilindrikoekin eta dekoraziorik gabeko kapitel tronkokonikoekin. XVI. mendeko interbentzio batetan ate hau eraldatu zuten hutsunearen tamaina gutxitzeko asmoz, eta momentu horretan profil dintelatua eman zioten.

Elizaren oinetan, azkenik, lehen aipatutako dorre zilindrikoa dago, itxura itsu eta trinkoarekin, non barruko eskailera argiztatzeko beharrezkoak diren argizuloak soilik irekitzen diren. Teilatuak harlauzez osatua daude oktogonoan, absidean eta dorrean. Teilatu-hegalak ere harrizkoak dira, ongi landutako mentsulekin eta Jakako katedralaren apainduraren eragina erakusten duten bolez osatutako inposta batzuekin.

Elizaren proportzio orokorrak begiratuta, badirudi oktogonoaren aldearen neurriak erabili zirela modulu bezala, zabalerak eta osagai ezberdinen altuera finkatzeko momentuan. Honela dirudi oktogonoaren, absidearen eta kupularen beraren proportzioak aztertuz gero. Efektu honek ahalbidetzen du, zalantzarik gabe, eraikin guztian sumatzen den inpresioa, itxura harmoniko eta osatuarekin. Horregatik, autore ezberdinen ustez, Torres del Ríoko Hilobi Santuko eliza hau eredu bereko elizarik hoberena kontsideratu daiteke, Eunateko Santa Maria bera baino perfektuagoa beraz.

Arte higigarriari dagokionez, garai eta estilo ezberdineko lanak egon ziren, baita erretaula bat ere, baina elementu hauek guztiak kendu zituzten elizaren azken errestaurazioan. Gaur egun soilik gurutziltzatu erromaniko bat ikus daiteke, presbiterioan kokaturik. Lan erromanikoa izan arren, eragin gotikoa sumatu daiteke hainbat aspektutan, hala nola espresibitatean eta zalutasunean. Hilik irudikatu zuten Jesus, buruan errege-koroa daramalarik. Anatomiaren trataerari dagokionez, geometrizatu xamarra du, eta arroparen tolesturak ere gogorrak eta zurrunak suertatzen dira.

  • CARLOS DE VERGARA, I.; SÁNCHEZ SALAZAR, T.: Santo Sepulcro, Torres del Río, 2004.
  • GARCÍA GAÍNZA, M. C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, II tomoa, Merindad de Estella, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1983, 536-542 orr.
  • HUICI, S. Iglesia de templarios de Torres del Río, Iruñea, B.C.M.N., 1924.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 375-376 orr.
  • LOJENDIO, L. M. La España Románica, VII. tomoa, Madrid, Encuentro Argitaletxea.
  • URANGA GALDIANO, J.E. / ÍÑIGUEZ ALMECH, F.: Arte medieval navarro, II. tomoa, Iruñea, Aranzadi Argitaletxea, 1973, 149-152 orr.
  • YÁRNOZ, J. Las iglesias octogonales de Navarra, Príncipe de Viana, Iruñea 1945.
  • ZORRILLA, P. E. Otra iglesia de templarios en Navarra: El Santo Sepulcro de Torres del Río, Iruñea, B.C.M.N., 1914.