Concept

Pedagogía en Euskal Herria

Historian zehar izan duen garapena eta gaur egungo egoerari buruzko hurbilpena.

Informazio osagarria


· Hezkuntza
· Pedagogia
· Berrikuntza Pedagogikoa Euskal Herrian

Euskal pedagogiaz aritzerakoan agertzen zaigun lehengo galdera zaharra bezain oinarrizkoa zaigu: ba al da euskal pedagogiarik?

Galdera bera plazaratu izan da euskal literaturaz, musikaz edo zinemaz gogoeta egin nahi izan den bakoitzean. Hau da, egilearen jatorriak markatzen du ekoizpena erabilitako hizkuntzak baino?

Ba al dago, ordea, euskal estiloren bat, nolabaiteko hezkuntza berezitua, egileaz edo hizkuntzaz gain euskal artea, filosofia ala pedagogiaz definitzerakoan funtsezkoa dena?

Areago, Pedagogia kontzeptu moderno moduan, Kanten filosofiatik abiatutako hezkuntza zientziak ba al du euskal pentsamenduaren historiarik?

Argi esanda, euskal pedagogotzat joko da Euskal Herrian sortutakoa soilik?

Horrela, Marko Fabio Kintiliano, Abraham Ibn 'Ezra, Gonzalo Bertzeokoa, Loiolako Iñigo, Joanes Uhartekoa, Saint Cyran edo, garai modernoetan, A.P. Iturriaga, L. Astigarraga, J.M. Eguren, edota J.B. Artxu euskal pedagogoak lirateke? Egia da Iturriaga Hernanin jaio zela eta Abraham Ibn 'Ezra Tuteran, baina, eskakizun geografikoa betetzen duen edozeri euskal etiketa ematen dion jarrera ez al da aski faltsua eta hori baino gehiago euskal tankera kontzeptuan oinarritu beharko zen hautua?

Honela, euskal pedagogiaren ezaugarri sakonenak erabiliz (jendarteratzeko moduak, idazkeraren erritmoa, aukera estetiko iraunkorrak, eskolaz kanpoko irakaskuntzak, herri-ikasketa motak etab...) edo, alderantziz, hizkuntzaren arabera soilik, euskalduntasuna definitzea posible izango litzateke?.

Azken baldintza hau zentzu hertsian aplikaturik, ezin esango zen esan, adibidez, Gottfriend Wihelm Leibniz edo Immanuel Kant, Filosofia Unibertsitate germaniokoetan irakastea ahalbidetu zutenak, hezkuntza pentsalari alemanak zirenik zeren latinez edota frantsesez aritu ziren idazten zein irakaskuntzan, eta jardun haietan gainera, egungo alemaniar lurraldeetatik nahikotxo urruti.

Irizpide haiek, beraz, ezin dira erabakigarriak izan euskal pedagogiari buruz ez eta edonongo pentsamenduaz definizio eraginkorrik erdiesteko ere. Gauza jakina da, horretaz gain, garai bateko Euskal Herriaren lurraldetasuna eta barruti administratibo garaikideak bat ez datozela, beraz, orduko euskalduna ezin izango litzateke gaur gurera ekarri.... Ildo beretik, lehen aipaturiko Kantek eskolak eta idazkiak burutu zituen duela bi mendetako Köninsberg (Prusian) egun existitzen ez den estatuan, hau da, egungo Kaliningrado (gaur egungo Bielorrusian). Lurraldetasunak, bada, ezezta dezake Gesammelte Schriftenen egilearen alemaniartasuna filosofian?

Alabaina, Kant ez litzateke izango alemaniar segurua ez bere jardunean erabili izan ohi zuen hizkuntzagatik ezta jaio eta aritu zen tokiagatik ere. Immanuel Kant, Filosofia Unibertsitate germanikoetara bideratu zuen moderniaren aitapontekoa alemaniar pentsalaria da berak horrelako aldarrikapena egin izan zuelako, bere irakaspenak horretan oinarritu zituelako, hain justu.

Askotan Euskal Herria munduarekiko lehian eta saihestu ezinezko hautuan jarri nahi izan da. Hau da, euskalduna eta unibertsala batera izatea ezkontezina balitz bezala. Euskal Herriaren kasuan, dikotomia faltsu honek, bakoitza bestearen arerioa bailitzan aurkeztea, aukeratze atakan jartzen du bat (euskalduna) bestearen aitzin (unibertsaltasuna) edo alderantziz. Honi aurre eginez, ordea, hezkuntza pentsamenduaren munduan garrantzia izan duten euskaldunak badaudela esan beharra dago, heziketari buruzko hausnarketak idatzita utzi dutenak, eta hauxe izango da, orduan, lerro hauetan erabiliko den oinarrizko irizpidea. Alde batetik, hezkuntza pentsamenduaren historian bere burua euskalduntzat hartu nahi izan duen egile bakoitzaren munta izango da kontutan. Bestetik, noski, kulturaren bilakaerak markatzen dituen ezaugarrien arabera kokatuko da, zeren aro bakoitzak heziketa gogamenaren paradigma jakin bat edo bestea hobetsi behar izan du beti.

Kalagorrin jaiotako Marko Fabio Kintiliano da (35?-96?) Institutio Oratoria deritzaneko lehenengo erretorikaren eskuliburu egilea. Urteetako lanaren ondorioa izanik, hartan Platonen Gorgiasen baita Aristotelesen irakaspenak biltzeaz gain, bere esperientzia pedagogikoari ere antzematen zaio Antzin Arotik hona heldu den erretorika ikasteko egitura didaktiko duen liburu sorta garrantzitsuenean (hamabi liburuki).

Kintilianoren ikasleak izan ziren Plinio Gaztea, Juvenal, Tazito eta Adriano enperadoera, besteak beste...eta bere ekarpena, Zizeronek ele-edertasuna mailan eskuratutakoaren parekoa litzateke.

Institutio Oratoria mendetan galduta egon ondoren, Suitzako Saint-Gall monastegian aurkitu zuten XV. mendearen hasieran. Ordutik hona, hizkuntzaren didaktika arloan, gero eta garrantzi gehiago aitortzen zaio.

Orain artekoa zehazturik, Euskal Herrian XII. mendera arte berezko pentsamendu eskolaturik ez dagoela gogora dezagun. Honek ez du esan nahi aurretik euskal heziketa gogamenaren ezean zegoenik erromatarren hirietan euskaldungoaren presentzia domestikoa bezain bernakuloa besterik ez zela baizik, hau da, menperaturiko esklabutzan, artisautzan (askaturiko libertoak) zein merkataritzan edo soldadutzan bakarrik aritu ohi ziren euskaldunak. Hala aurretik nola aro honetatik aitzin, aldiz, mitologia aberatsa eskuratu da (jatorriaz euskal gizakia eta besteak definitzen, genealogiak, Jainkoak etab...), geroko pentsaera garatu ahal izateko guztiz beharrezkoa izango dena baina hori guztia euskal hezkuntza pentsamenduaren historia baino aurre-historia da nahiz eta hartan aurkitzerik badago, jakina, geroan garaturiko zenbait jite ideologiko (Heyne alemaniar filologoak zioenez (1764) De causis fabularum seu mythorum veterum physicis), mitologi guztien zergatia, hain zuzen, kanpotik datorren izuari aurre egin ahal izana da.

Erromanikotik Gotikora doan aroa da, ordea, Europar pentsamenduaren sorburua (Panofsky, E. Arquitectura gótica y pensamiento escolástico. Buenos Aires: Infinito, 1959). Kultur haustura handia izan zen hartan sortu ziren lehenengo hiri bilduak, eta haiekin batera, unibertsitateak (katedraletako eskolak zirenak) ertaroko monastegi nahiz ordenu zaharren kaltetan. Lanbide berriak agertzen dira haietan: itzultzaileak kopisten partez, notaritzan arituko direnak, burokratak etab... (Le Goff. J.(1957) Les intellectuels au Moyen Age. Seuil. Paris) eta haien bidez heziketa praktikak nahiz idazkiak, literatura, artea zein filosofia eraldatuz joaten dira (Hauser, A. Hª Social de la literatura y el arte. Madrid: Guadarrama, 1962).

Geroko Errenazimenduak haiekin ahaztu nahi izan badu ere unibertsitate lanbide haietan judu nahiz islamiar erlijiokoak izan ziren nagusi. Zenbat ofizioetan, gainera, kristauen parte hartzea ia debekaturik zegoenez (sendagintza, legegintza, kontularitza, bankagintza etab...) egun pedagogo edota intelektualak izendatuko liratekeenak orduko kolektibo etniko haien arabera ulertu beharra dago (Garaudy.R.( 1946) Contribution historique de la civilisation arabo-islamique. Liberté. Argel). Giro horretan jaio zen Tuteran XII. mendean Abraham Ibn 'Ezra.

Bere bizitzaren mugak ziurtasun osoz zehazterik ezinezkoa izan arren (noiz jaio zen, 1089an edo 1092an?; noiz hil zen, 1164an edo1167an?) haren berri iritsi da gaur egunera toki asko ezagutu zituelako eta ezagutu zuen guztia irakaskuntzarako itzuli edota idatzi zuelako ere. Horregatik jakintzaren historialaria den G. Sartonek bere Introduction to the History of Science ospetsuan dio Abraham Ben Meir Ibn 'Ezrak XII. mendeko ezagutza dena bildu zuela. Jakin badakigu Afrikako iparraldean eta Egipto zein Palestinan egon zela. Erroman zegoela (1140) Hizkuntzaren Balantza izena daraman gramatika idatzi zuen. Salerno, Mantua eta Verona ezagutu zituen (1146an) non hezkuntzan erabili ahal izateko, Hizkuntzaren garbitasuna, Mintzaira garbia, Gramatikaren oinarriak eta Letren enigmak izeneko ekarpenak idatzita utzi zituen.

Filosofia arloan Zeruko atea, Jakintza bildua, Izenaren liburua eta Pentsaeraren lorategia liburukiak argitara eman zituen.

Langedocen zegoelarik (1148an) Pentateucori buruzko iruzkinak ezagutarazi zituen eta Britaina Handira joan zenean, Astronomiari buruzko orduko jakintza arabieratik hebraieratu zituen (1160). Honetaz gain Abraham Ibn 'Ezra bere bizitza osoan zehar aritu zen poesia idazten, profanoa sakratua baino, eta haietan guztietan bere erudizioaren zantzuak utzi zituen. Idazkera kultua, beraz, kultukoa baino, non neoplatonismo garbi batetik geroago pentsaera eskolastikoa izango denari antzeman dakioken. Horretan, dudarik gabe, aitzindaria izan zen Tuterako Abraham Ibn 'Ezra.

Inork ez daki Kalagorrin 1164an edo Londresen 1167an hil ote zen baina jakina da bere jaioterrira itzuli nahi zuela hiltzera zeren, gauza guztien gainetik, Ibn 'Ezra herriminaren idazlea izan baitzen.

Garai eta toki berekoak dira Yeuda Ha-Levi ( 1070-1161?) eta Benjamin ben Yonah (1127-1173?) idazle eta bidaiariak hezkuntzaren pentsamenduaren garapenerako Abraham Ben Meir Ibn 'Ezrak izan zuen garrantzia ez eduki arren. Dudarik gabe, aipatu Abraham Ben Meir Ibn 'Ezraren munta kulturala Maimonides, Averroes edota Ibn Al'Arabiren tamainako da.

Bertzeoko Gontzalok (1180?-1246?) euskalduntasuna eta haren izkribuetan agertzen diren euskal hitzen ikerketa Joxemari San Sebastiani (Latxaga) zor zaio (Errioxa`ko San Millan Euskal Iturri -1974-Edili-Donostia) baina bere garrantzia pedagogia arloan Carlos Lerenak (Reprimir y Liberar-1985-Akal) aztertu du.

Hamabi mila bertso utzi zituen idatzita baina, orduko hezkuntza ulertarazteko ezinbesteko bihurtu dira haurren "hazkuntzari buruz" haren deskribapenak nahiz gogoetak.

Pentsamendu heretikoen aurkako borrokak, halere, benetako triskantzak eragin zituen Euskal Herrian XIII. eta XIV. mendean: albitarren aurka Nafarroan, 1324an juduen kontrako sarraskia, eta, ospetsuena agian, Durangoko herexeak suntsitzekoa (1440-1450). Nafarroako konkistak (1512an hasita eta 1589an burutua),ostera, judu nahiz musulmanen aurkako lege gaztelarrak ekarri zituen Euskal Herriko hegoaldera: 1480koa Inkisizioaren Epaitegiak (Netanyahu, B. Los orígenes de la Inquisición. Barcelona: Paidos, 1995), isolamendu aginduak eta juderia nahiz mairutegietan bizitzeko beharra, 1492koa katoliko bihurtu ez ziren juduak erresumatik botatzeko eta 1502koa, katoliko izatera pasa ez ziren musulmanak uxatzekoa.

Kinka hartan Piriniotik beherako judu euskaldun gehienak Baionara bizitzera joan ziren.

Garai hartan (1491ean) jaio zen Loiolan Iñigo Oinazekoa, jesusen konpainiaren eta haren pedagogiaren fundatzailea. Gaztelaren alde borrokatzen, Iruñearen defentsan, zaurituta erori zen 1521ean eta, sendatze-aldian eginiko erlijio irakurketak bultzaturik, Jerusalemera joatea deliberatu zuen. Handik bueltan Alcala eta Salamancako unibertsitateetan ikasi zuen Parisera joan aurretik (1528) non filosofia doktoretza erdietsi zuen (1534). Han ezagutu zuen Jatsuko Frantses nafarra eta, beste lagunekin batera, berriz Palestinara joatea erabaki zuen. Honetan, halere, bidaia ezin zen berehala burutu eta Paulo III.ak, Erroman zeudela, "Jesusen Lagundia" izeneko ordenu berria onartu zuen (1540). Aipatu ordenu honek juduak onartu zituen eta pedagogian sekulako ekarpenak egin zituen didaktika lehiakorra hobetsiz, aristokrazia katolikoa heziz eta erreforma mota ezberdinen aurkako borroka teologikoan Aita Santuaren aldeko jarrera irmotasun handiaz defendatuz. Izan ere, 1550ean Julio III. Aita Santua hautatzeko egindako konklabean Loiolako Iñigok bost bozka eskuratu zituen. Berak fundaturiko hastapeneko Unibertsitate Georgiarraren eredura hamaika unibertsitate zabaldu dira munduan zehar eta hala berak idatzitako Eliza sentitzeko arauak nola Izpirituaren Egunerokoa pedagogia kristauan gehien erabilitakoen artean dago.

Garai bertsuko da Tuterako Migel Servet (1509 ?-1553) Erromanikotik Gotikora doan garaia (XII-XIII. mendeak) bezalako kultur etena suposatu zuen Luteroren proposamena (Weber, M. L'ethique protestante et l'esprit du capitalisme. Paris: Plon, 1964. Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua. Gaiak. Donostia) berarekin batera gizakiaren aldarria baitator. Protestantismoak norbera, Biblia irakurriaz, bere moralaren jabe dela dio. Bera sortu aurretik kristautasun bertsio ia bakarra bazegoen ere, eta fedegabe guztiak islamdarrak, juduak edo barbaroekin bukatzen baziren, Luteroren oldartzeak erlijio gerrak ekarri zituen eta, haiekin batera, pentsamendu ezberdinengatiko jazarpen berria (Cipolla, C. Educación y desarrollo en Occidente. Barcelona: Ariel, 1970).

Servetek erreformatzaile gailenak gertutik ezagutu zituen: Melantchon, Lutero, Zwinglio eta Calvinorekin sutsuki eztabaidatu eta ez zuen inoiz arrazoiez apartekorik inolako inposaketarik onartu nahi izan. Okzitaniako Tolosan eta Parisen, Lyonen edota Basilean, orduko intelektualen antzera, hizkuntzak, matematikak, geografia, filosofia, teologia eta medikuntza ikasi zituen. Bere idazki ezagunenak Dialogarum de Trinitate, Syroporum universa ratio eta Christianismi Restitutio izan ziren. Liburu hau zela-eta erre zuten Suitzako Genevan 1553ko urriaren 27an. Servet, halere, ez da ezagutu behar honengatik soilik. Aitzitik, geografiaren metodologia didaktikoan ere ekarpenak egin zituen (Ptolomeoren Geografia osatu eta argitaratu zuen, baita etnografiaren lehenengo hastapenak ezarri). Askotan, Aragoikoa edo judua zela zabaldu arren.

Parisen zegoelarik(1548an), adibidez, honako izaeraz agertzen zen: Michel Villeneufe, docteur en médicine, natif de Tudella au royaume de Navarre, edota bere paperetan ut dicebat Navarrus argi utzirik. Lyonen, berriz, Michael Villanovus nortasuna erabili zuen etab... ezkutuan zebilen pentsalariak, beraz, beti nafartzat jo zuen bere burua eta, bere aburuengatik, hiltzen jakin izan zuen lehenengo intelektualetariko bat izan zen.

Antzera gertatu zitzaion Uharteri, Joanes Uharte Donibanekoak medikuntza ikasketak egin eta horrelako ogibidean aritu ondoren idatzi zuen bere Examen de Ingenios para las Ciencia-Zientzietarako Argimenen Azterketa (1575). Garai hartan, jakina, egun zientzien artean ohiko bihurtu diren mugak erabiltzea ezinezkoa zen, baina haren ekarpena Hezkuntzaren Psikologia arloan abiapuntutzat hartua izan dira.

Izan ere, Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketan Hezkuntzaz argibideak eman arren (I.,II. eta III. Ataletan batik bat) ez dira ikasketak gizakiaren bilakaerari dagokion aro berezi batekin lotzen soilik (haurtzaroarekin, adibidez...) gizakiak sailkatzeko erabili nahi direla baizik. Joanes Uharte Donibanekoarentzat, beraz, ikasleria ezin da adin jakin batekin lotu. Areago, ikasketarako ahalmena gizakiaren nortasunari dagokion gaitasuna bezala hartu zuela eta, bide batez, bakoitzaren izaera definitzeko funtsezko ezaugarri bihurtu zuen. Horrela, bada, gizabanakotzearen bide modernoa irekitzeaz gain ertaroko gizarte estamentala eta mailakatuari zegokion ikasleriaren, eta ildo horretatik gizakia bera, ulertzeko eredua hautsi zuen.

Erdi Aroan erabilitako ikasketa moduak kolektiboak ziren. Hala monasterioetan nahiz unibertsitateetan nola gremioetan zein kofradietan ere, ikasketen antolaketak taldea zuen oinarritzat. Eredu prezeptorala, berriz, printzeen heziketarako erabili zen bakarrik(Varela, J.; Álvarez-Uría, F. Arqueología de la escuela. Madrid: La Piqueta, 1991) baina, horretan ere, ezin esan gizabanakotze prozedura dagoenik zeren jauntxo edo printze haiek adin jakin batean ziren ikasle bakarrik eta, haien maisuek, gainera, ikaslea zenarekin batera ibili behar zuten ikaslea zen bitartean (Varela, J Modos de educación en la España de la Contrarreforma. Madrid: La Piqueta, 1983).

Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketak gizakia ulertzeko ikuspegi modernoa eskaini zuen lehen aldiz ertaroko gizona gizabanako gisa ulertuz eta honetarako ikasketarako gaitasuna eta, ondorioz, gizabanako horren bilakaerarako ahalmena definituz.

Erdi Aroko gizarte estatikoaren partez Errenazimenduari zegokion gizakia eta gizarte dinamikoaren aldeko apustua da ikusgai Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketan, non lehenengo ataletik ikasketarako gaitasun bakoitzari zeregin ezberdina aholkatzen zaion:

Nerau bederen egia honen lekuko ona naiz. Zeren hiru lagun sartu ginen elkarrekin latin ikastera, eta batak hura txit errazki ikasi zuen, eta gainerakoek ez zuten inoiz perpaus dotore bat osatzerik ukan. Baina hirurak dialektikara iraganik, gramatika ezin ikas zezaketenetako bat arte horietan goi mailako arrano gertatu zen, eta beste biek ez zuten ikastaro osoan hitzik ere erran. Eta hirurok astrologia entzutera etorririk, kontsideratzekoa izan zen ez latin ez dialektika ikasterik ez zuenak handik egun gutxitara irakasten zigun maisuak berak baino gehiago jakin zuela, gainerakooi hura buruan inoiz ezin sartu zitzaigun artean. Eta harrez gero, espantuz, hartaz gogoeta egiten eta filosofatzen hasi nintzen, eta neure kontutik aurkitu nuen zientzia bakoitzak bere argimen berezi eta bedera eskatzen zuela, eta hark, behin handik ateraz gero, ez zuela deus balio gainerako letretarako (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena,1996) Klasikoak. Bilbo. 67. or.)

Baina, esan bezala, eskarmentutik ateratako ondorioa da (hau da, nahiz eta atalean zehar Sokrates, Platon, Aristoteles, Ciceron, Galeno eta abar aipatu, funtsezko baieztapena ez da oinarritzen inolako autoritatean bere esperientzia pertsonalean baizik) eta berak bakarrik sortutako gogoeta da. Orduan agerrarazten ari zen pentsaera protestantea dakar gogora mota honetako hausnarketak.

Edonola ere, argi dauka Joanes Uharte Donibanekoak bere Zientzietarako Argimenen Azterketan ikasteko garaiak badaudela (Ibidem Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa (Xabier Kintanaren itzulpena-1996) Klasikoak. Bilbo.. 68,69...or.) eta maisuak ezaugarri bereziak behar dituela (Ibidem 69. or.)baina, betiere, norberak dituen ezaguerazko tankerak baldintzatuko duela emaitza:

Naturaren aurka tiraka ez iharduteko, eta ez gaitezela saia hizlari izaten hark horretarako biderik ematen ez badigu, alferlana eginen dugulako

(Ibidem 72. or.).

Honekin guztiarekin Uhartek irakaslea eta ikasleria definitzeaz gain, ezaguerazko tankeraren araberako pedagogia proposatu zuen gizabanakoaren neurrira eta, finean, Errenazimenduan hedatzen ari zen pentsamendu modernoaren lekukotasuna ere eman zuen.

Zehatz-mehatz Uharte noiz jaio zen oraingoz jakiterik ez badago ere (1529an izan zela uste dute aditu gehienek) non jaio zen argi dago. Horixe bezain garbia dago, era berean, 1530tik 1660ra bitartean Donibane Garazi eta bere ingurua (Nafarroako Erresuma zaharreko azken aztarnak) ez zeudela Gaztelako, Frantziako, Aragoiko edota beste inongo Koroaren menpe (Esarte, P. Navarra, 1512-1530.Conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico. Pamiela: Iruñea, 2001).

Aldiz, protestantismoa izan zela hango lurraldearen erlijioa ez dago dudarik (Olaizola, J.M. Historia del Protestantismo en el País Vasco. Iruñea: Pamiela, 1993). Hori zela-eta, Nafarroa Garaiko agintariek ez zieten onartzen behe-nafarrei herritartasunik eta bearnesei edota frantsesei bezala ez zieten Nafarroa katolikoan geratzeko baimenik ematen. Gaztelaren menpeko Gorteek behenafarrak kanpotarrak hartzen zituzten eta edozein ofizio nahiz eliza ikasketak ere egin ahal izateko aukera debekatzen zieten (Goyhenetche, M. Historia General del País Vasco. Donostia: Tarttalo, 1999).

Garai hartakoa da Joanes Leizarragaren Itun Berria eta Europan zehar latinez at eginiko Bibliaren lehengo itzulpenak (Leizarraga, J. (1571) Itun Berria. Se Wsi soumieraz (1548) etab... Europan latina erabili beharrean tokian tokiko hizkuntzen arabera eginiko Biblien itzulpenak zerrendatu ditu Joseba Intxaustik bere Euskera liburuan (1997) Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.). Luteranismoak gizaki berria aldarrikatzen zuen. Edonon, ertaroko latinaren ordez, tokian tokiko hizkuntzak erabiltzen hasi ziren.

Cervantesek gai honi heldu zionean, norberak bere hizkuntza idazteko erabiliz lortzen zela adierazpen garbiena zioen:

Homero handiak ez zuen latina erabili, ez eta Virgilioak grekoa ere...beraz, arrazoizkoa litzateke nazio guztiek, bakoitzak bere hizkuntza idazteko erabiltzea eta, ildo beretik, alemaniarra dena ez mesprezatzea alemaneraz idazten duelako, ez Gaztelakoa gazteleraz aritzen denean ez eta bizkaitarra ere idazteko garaian berea darabilenean...

(Kixotearen II.zatian XVI.atalean-1615-).

Baina aldarrikapen hura, beste batzuk bezala, Uharterengandik hartua dela nahiko frogatua dago (Torre, E. "Las influencias". Examen de Ingenios para las Ciencias. Madrid: Editora Nacional, 1976. 40.or.) :

Aristotelesek dioenez, haurrek edozein hizkuntza hobeki ikasten baitute gizon nagusiek baino, hauek arrazionalagoak badira ere. Eta inork erran gabe, esperientziak berak erakusten digu hori argiro; izan ere badakusagu ezen baldin hogeita hamar edo berrogei urteko bizkaitar bat Gaztelera bizitzera badator, ez duela inoiz erdara ikasten eta mutila baldin bada . bi edo hiru urtetan Toledon jaioa dirudiela ...eta horretara, autore nagusietarik inor ez zen joan atzerriko hizkuntzaren bila bere kontzeptuak adierazteko: aitzitik, grekoek grezieraz izkiratu zuten, erromatarrek latinez, hebrearrek hebraieraz, eta mairuek arabieraz... (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena, 1996) Klasikoak. Bilbo. VIII. ataleko 149. or.), 1575.

Funtsean Uharteri berari kasu eginez gero, pentsaera eta hizkuntzaren artean harreman zuzena badagoelako:

Nola ezagun norbaitek adimenik baduen? Biderik onena adierazpena edo dialektika da. Froga harriak urrea ezagutarazten duen bezala, halaber, adierazpenak adimena

(Etxarren-Lohigorri, J.B. Huarte, Hator Etxerat. Donostia: Jakin, 1975, 86. or.).

Eta aldarrikapen honetan aitzindaria da doniandarra zeren tokian tokiko kulturak gogamen unibertsala bera baldintzatzen duela izpiritu katolikoaren aurkako iritzia zen:

"Eta esperientziaz klarki ageri da zein urrun diren elkarrengandik grekoak eta eskitiarrak, frantsesak eta espainolak, indiarrak eta alemanak, Etiopiakoak eta ingelesak. Eta ez da hori soilki ageri hain herrialde apartatuetan; Espainia osoa inguratzen duten probintziak kontsideratzen baditugu, kontatu ditugun bertuteak eta bizioak haien bizilagunen artean bana ditzakegu...kontsidera ditzagun katalanen argimen eta ohiturak, valentziarrenak, murtziar, granadar, andaluziar, extremadurar, portugaldar, galego, asturiar, montañes, bizkaitar, nafar eta aragoarrrenak, eta Gaztelako giltzururrunekoenak. Nork ez dakusa eta ez dazagu horiek artean ez direla berdin, aurpegiaren figuran eta gorputzaren izaeraz gainera, arimaren bertute eta bizioetan ere?...ezin sinets daiteke zer nolako ezberdintasuna izaten den bertako bizilagunen artean. (Joanes Uharte Donibanekoaren Zientzietarako Argimenen Azterketa.

(Xabier Kintanaren itzulpena-1996) Klasikoak. Bilbo. II. ataleko 78-79. or.)

Baina aipatzen dituen argudioen arabera eta, gizabanakoen sailkapena egin nahian betiere, gertuago dirudi Uharteren ikuspuntua Pedagogia Garaikidetik edo Garapen Psikologiatik defendatu ohi den Chomskyren teorietatik baino.

Uhartek gizaki modernoaren ezaugarriak erakusten dituela ezin da zalantzan jarri. Era berean, modernitate hura garai bertsuan sortzen ari zen protestantismoaren ezaugarriak azalarazten dituela aski garbi dago. Baina ezaugarri haiek guztiek ez zuten aurrekari gisa klasikoen pentsamendua baizik eta, haien aipamen ugariak eta guzti, haiekiko haustura garbia.

Horrela, pentsatzeko gaitasuna soinean kokatzerakoan, Aristotelesek defendaturikoaren aurka burmuinaren alde jotzen du garazitarrak bihotzaren kaltetan.

Mirariak baztertzeko ez zuen beldurrik izan. Eskolastikaren nominalismoari muzin eginez materialismo naturalista zein eraikuntza kognitiboaren alde agertu zen hastapenetatik.

Horrela, autoritate eskolastikoetatik kanpo klasikoen berrirakurtzeari ekin zion, gehienetan Platonen aurka (Platonek espantatzen nau...) eta Aristotelesen bertsio enpirikoa azpimarratuz.

Ildo beretik, ezaguera eraikitzeko bidea ulerkuntza dela argi utzi nahi izan zuen, baita adimena garatzeko heziera mailakatuak duen garrantzia.

Honekin batera, VIII. Atalean zientzia bakoitzari dagokion adimen mota sailkatu zuen. Bere aburuz, jakina denez, Latina eta Gramatika ikasgaiak dira oroimen ona dutenentzat. Dialektika, berriz, ezaguerari dagokio eta Astrologia irudimenaz lantzen da hoberen.

Patologiak ere zerrendatu zituen bigarren argitalpeneko bigarren atalean. Honela, alde batetik adimen zikiratua daukatenak badaudela dio, ezer ulertzeko gai ez direnak. Bestetik, ulertu ondoren oroimenean ezer gorde ez dutenak ere adimen gabezia badutela uste du eta, azkenik, jende nahastua da, kontzeptu gehiegi sortzen dituztenak, alegia.

Lehenengo atalean, berriz, adimenik duenaren ezaugarria kontzeptu berriak sortzea dela dio. Latinetik ekarriak gigno, ingigno eta ingenero hitzak erabili zituen adierazteko irudimenaren sorkuntza (Gogoeta honen inguruan, eta Uharteren arrastotik dudarik gabe, garatu zuen Marinak .J.A.(1992) bere Elogio y Refutación del ingenio (XX Premio Anagrama de ensayo). Anagrama. Barcelona.). Honen arabera hiru motako ikasle bereiz zitekeen: maisuak dioena ongi ulertu, ikasi eta gorde egiten duen ikaslea, hamaika kontzeptu sortzeko gai dena eta, finean, inolako laguntzarik gabe, ikasteko gaitasuna duena. Ikasleria horrela definituz (bere patologiak eta guzti!) Uhartek gizakiak sailkatzeko irizpideak emateaz gain, adimena definitu zuen, eskolastikaren aurka, oso era modernoan. Alde batetik gizabanako bakoitzak dituen ezaugarri naturalen baldintzak ezagutarazi zituen eta, bide horretatik, haien araberako adimena garatzeko bideak ere eskaintzeko aukera izan zuen.

Errenazimendutik aurrera hasi zen gizabanakotze prozedura zibilizatzaileak (Elias, N. La civilisation des moers. Paris:_Calmann-Lévy, 1973) Uharterengan du oinarria haren garaikideak izan ziren Erasmus, Vives edo Castiglionengan baino. Azken hauek heziera sotiltasunarekin parekatuz soinaren gizarte kontrolari ekin bazioten ere (Morreale, M. Castiglione y Boscán. El ideal cortesano en el Renacimiento español. Madrid, 1959), Uhartek gorputza eta gogoaren arteko harremanak aztertzeko ausardia izan zuen.

Egungo ezagueraren gizartean Uharteren ekimenak, jazarpen nahiz debeku guztiak pairaturik ere (Zientzietarako Argimenen Azterketa 1575ean lehen aldiz kaleratu arren 1581ean Inkisizioaren Indexean zerrendaturik izan zen 1966ra arte, zeinean aipatu Tribunalak liburu debekatuen aurkibidea zen Indexa desagerrarazi zuen - Acta apostolicae sedis, LVIII.liburukia .186.or.), garaipena erdietsi duelakoan nago. Izan ere, ertaroaren antzera, dagonarena errepikatzea baino egungo egoerak norberak pentsatu ahal izatea eskatzen baitu eta Uharteren aldarria, funtsean, horixe besterik ez zen izan, pentsamendu askearen aldeko jarrera intelektuala.

Errenazimendu euskalduna, Europa osoan bezala, erlijio gerrek markatu zuten. Alde batetik, eta Joana Albretekoaren aitorturiko erreformismo kalbinistaren itzalpean (1560an) higanautak (hugonoteak) euskarazko elizkizunak eta irakaskuntzaren premiaz ohartarazten dira, eta horretarako euskarazko itzulpen eta sorkuntzaren beharra agertzen da lehen aldiz. Joanes Leizarragak hartuko du 1564an Pauen bilduriko Sinodo Kalbindarraren mandatua eta La Rochellen 1571ean hiru liburuki kaleratu zituen: Jesus Christ Gure Jaunaren Testamendu Berria, Kalendrea eta ABC edo Christinoen instructiones. Azken honetan, alabaina, eta zehazkiago bere hitzaurrean (Heuskalduney) euskara batuaren aldeko lehendabiziko agiria aurkituko da (Leizarraga hautatua. Iruñea: Pamiela, 2003).

Protestantismoaren eragina, ordea, aurretik zetorren. Izan ere Angulemako Margarita (Albreteko Enrike II. ren emaztea izateagatik 1525ean nafarren erregina bilakatuko zena) idazle errenazentista oparoa izan zen. Nafarroako ohituretan oinarriturik idatzi zituen, besteak beste, Le miroir d'une ame péchereuse (1531) eta, batik bat, Boccacioren antzerako Heptameron (1559) liburua.

Ildo beretik, Enrike III. emaztea izan zen Margot erreginak (1553-1615) idatziriko Oroitzapenak orduko testigantza intelektuala utzi digu.

Bestalde, eta Trentoko Kontzilio katolikoaren eraginpean (1545-1563) katiximak eta irakaskuntza ere landu nahi zituzten. Ekintza Kristauren teorizatzaile eta antolatzailea izango da ataka horretan Iñigo Loiolakoa (1491-1556). Pentsalaria baino Trentoko izpirituen aldeko ekintzailea, beraz. Horretan aurrekariak bazeuden ere (Egia anaia nafarrak Erasmoren zabaltzaileak izan ziren Gaztelan eta Loiolako Iñazioarekin batera aritu ziren irakaskuntza katoliko eta bateratzailearen alde) Bartolome Karrantzaren (1503-1576) Catechismo Christianoa da alboraezinezko aitzindaria. Nafar honek larrutik ordaindu behar izan zuen ekarpenean, garaiaren lekuko, mistizismoarekin batera, erasmismoa eta "argituen" izpiritua aurkitzen da.

Garbitasun hura, hain zuzen, izango da Antonio Duvergier Haurannekoaren (Saint-Cyran. 1581-1643) funtsezko ezaugarri intelektuala. Pentsamendu zein hautuetan argia izateaz gain, Lovainan ezagutu zuen Jansenioren dotrina berritu eta gardendu zuen: ez zion Elizari jaramonik egiten baina bai, ordea, fedeari eta karitateari. Moral hertsiak eta barne gogoetaren beharrak laburbiltzen dute haren mezua, azkenean kartzelara eraman zuena. Bere jarraitzaileen artean Barkoxeko Martinek (1600-1678) idatzi zituen liburu batzuk horren ziren garrantzitsuak Inkisizioak irakurketa debekatuen indexean sartu behar izan zituela. Hala nola, Exposition de la foi de l'eglise romaine touchant la grace et la prédestination, De l'autorité de saint Piere et de saint Paul... etab.

Hegoaldean Habsburgotarren menpean pentsatzea arriskugarri bihurtu zenez Euskal Herriko Iparraldean aurkituko da XVII. mendean euskal letren loraldia. Ziburu eta Donibane Lohitzune hiriak egungo Bilboren antzera zen orduko bere 3000 biztanlez. Juduen aurkako matxinadak (1622an) ia bi mila pertsona bota bazituen ere hori baino jende gehiago erakartzea lortu zuen Baionak baino itsasontzi gehiago bilduz. Haietan, jardunean zein kaian, Elizan nahiz karriketan, euskara zen nagusi. Leizarragak erabili zuen hizkuntza batua bezain kultua ez da antzematen garai hartako deitua izan den Sarako Eskolan bildu ohi diren idazleen artean. Axularren Gero (1643) ez da pentsamendu originala (batzuk itzulpena besterik ez dela diote) baina aurreko mistizismo argituari asketismoaren bidea arrapostu nahi izan zion. Dudarik gabe, gainera, euskaraz pentsatua eta garatua da euskarak eguneroko bizitzan pisua zuen garai eta toki batean.

Antzekoa suertatzen zaio Arnaut Oihenarten Atsotitzak eta Neurtitzak (1657) bildumari. Euskaraz idatziriko sasoi bereko beste errefrau sortak funtsean greziar, erromatar, frantses edo gaztelarren esaera zaharren itzulpenak besterik ez ziren bitartean mauletarrak eskaini zuena, berak sorturik olerkiak, neologismoak eta guzti, aro hartan ezaguna zen humanista eta ikerlari batek orduko euskal pentsamenduari buruz jasotako isla da.

Espainiar erresumako dinastiaren aldaketak (Habsburgotarren partez Borboiak) Piriniotako muga malguagoa eragin zuen, ideientzat bederen, eta arrazionalismoaren itzala Euskal Herria osoan nabarmendu zela esan daiteke.

Euskaldunon autokontzeptuan, aldiz, Manuel Garagorri Larramendi (1690-1766) da ziaboga. Gaztelera nahiz frantsesaren alde erabilitako argudioei aurre egin nahian Larramendik argitaratu zituen bere De la antigüedad y universalidad del Bascuenze (1728); El imposible vencido (1729); Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736); Diccionario Trilingüe (1745) eta Corografía o descripción general de Guipúzcoa (1882). Haietan guztietan polemista gipuzkoarrak euskara erabiltzearen abantailak zerrendatzen ditu eta, etimologiaren bidez, euskal kulturaren irakurketa literario berria proposatu zuen.

Etimologiaren bidea erabili zuen Sibiliako Isidorok bere garaiko jakintza guztia birfundatu nahi izan zuenean. Iturri klasiko haietatik edanda edo, Larramendik euskararen etimologiaren atea ireki zion euskal hausnarketari. Gero, bide hori bera, mota ezberdinetako idazle eta artista, euskaltzale eta pentsalarien etorria izango da: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Mogel, Añibarro, Astarloa, D'Abbadie, Xao, Kirikiño... Kapanaga edo Oteiza bera etorriko dira bide beretik baina, zalantzarik gabe, Larramendi izan zuten atezain.

Hegoaldean, dena den, Ilustrazioaren pentsamenduak gogoeta ekonomikoak (Cabarrus (1782) Memoria para la formación de un Banco Nacional), zientifikoak (Elhuyar anaiak Bergarako Erret mintegiaren inguruan) edo kostunbrismoa (Samaniegoren fabulak edo Peñafloridaren El Borracho burlado antzerki elebidunaren modukoak) besterik ez zituen landu. Hau da, ez da pentsamendu politiko garatua aurkitzen Garat anaiak berea kaleratu arte.

Garat Hiriarte anaiak. Dominika (1735-1799) eta Joxe (1749-1833) dira euskaldunon interesen alde Paris iraultzailean agertu ziren Lapurdiko Biltzarraren ordezkariak.Uztaritzen eta Baionan jaioak Larresoron eta Bordelen ikasi zuten. Hartan, Afrikatik ekarritako esklabo beltzen salerosketak sasoiko ogasunaren zutabea zenean, Garat nagusia horren kontra agertu zen sutsu inork gutxik horri buruz ezer esaten ez zuen garaian (Fagoaga.I. "Domingo Garat, el defensor del Biltzar in Lopez. C. Cien vascos de proyección universal". La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1977. Pp. 287-294.). Ohikoa zenez, Pariseko Legebiltzarrean (Estatu Nagusiak) 1139 ordezkariak hiru mailetan zeuden banaturik: Jauntxoak 270, Elizak 291 eta Herriak 578. Azken hauen artean zeuden Garatarrak. Iraultza hasi zen pizten bozka sistema aldatu eta ordezkari bakoitzak bozka bana zuela aldarrikatu nahi izan zenean (proposamen iraultzailea) mailaka egin beharrean. Elizak nahiz Jauntxoek ez zuten hori onartu gura bestela herri ordezkariek bakarrik gehiengoa osatzen zutelako eta hauek, berriz, Legebiltzarrera joatearen partez Teileriako frontoira joan ziren (Jeu de paumera) eta Konstituzio berria erdietsi arte batera aritzea zin egin zuten. Jakina denez, Batzar hura eratzaile bihurtu zen eta erregerik gabeko Konstituzio berria antolatzen hasi zen. Errepublika berri hori, aldiz, aurreko monarkia baino homogeneoa izan nahi zuen eta horren aitzin Garatarrak tinko defendatu zuten Euskal Herria gobernatzeko berezko ohiturak eta barruti bakarraren beharra (Fenizia Berria). Honen ordez, Frantziako 1792ko konstituzioaren bidez, aginte eredu zentralista gailendu zen Lapurdi, Nafarroa Behea eta Zuberoa bi administrazio ezberdinetan banatuz. Garatarrak, haien ordezkaritzari uko egin ondoren, kartzelaturik izan ziren eta ondasun asko galdu zuten. Sara, Azkaine, Itsasu, Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraide herriak deportatuak izan zirelarik.

Garat gaztea hil ondoren, berriz, argitaratu ziren 1869an Origines des Basques de France et d'Espagne , berak eginiko ikerketak.

Garai modernoetan, A.P. Iturriaga, L. Astigarraga, J.M. Eguren, edota J.B. Artxu euskal pedagogoak lirateke?

Bai, noski. Euskal Herrikoak izateaz gain euskaraz ere idatzi zuten euskal eskoletarako material didaktikoa. L. Astigarragak 1825ean idatzi zuen "Diccionario manual vascongado y castellano" eta eskolan erabili ohi ziren zigor bortitzen aurkakoa izan zen. Aintzindaria.

A.P. Iturriagak 1842ean, argitaratu zuen bere Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa, non, honakoa adierazten zuen:

"siendo el romance la lengua de nuestro gobierno, y estando los señores maestros de primeras letras encargados de enseñárselo a sus discípulos, por sernos a los bascongados necesario e imprescindible a unos, útil a otros y conveniente a todos, no se hayan propiciado medios auxiliares que faciliten su enseñanza".

Izan ere, orduko haur denak euskara besterik ez ohi zekiten eskolatze garaian. Elebakartasuna, bada, ezaugarri soziolinguistiko nabarmena baitzen orduan.

J.M. Egurenek, esaterako, bere Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas, (1867) honela zioen:

"Cuando empiezan a asistir a la escuela no entienden bien el castellano, y como en este idioma aprenden a leer, escribir y todos los demás ramos de la enseñanza, excepto la doctrina cristiana, no comprenden lo que leen y estudian."

Helburu berekoa da, beraz, J.B. Archu zuberotarrak 1852ean kaleratutako liburu didaktikoak (Uskara eta Franzes gramatika uskalerrietako haurrentzat eguina).

Garai hartako diren beste zenbait ekarpenen egiletzat, Iracurtzaren asierac edo lenasteac euscalerrico aurrentzat, adibidez, izenik gabe argitaratu baitziren (1875ean G.Z. batek sinatuta).

Ordukoa da J.A. Mogelen lehenengo liburua, gipuzkeraz idatzita zegoena: Confesio eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracasteac (Iruñea.1800), bigarrena, berriz, bizkaieraz: Confesio Ona edo Ceimbat gauzac lagundu bihar deutseen Confesinuari ondo egiña izateko (Gasteiz.1803) eta hirugarrena elebitan, hau da, hitzaurrea gazteleraz eta eleberria euskaraz: El Doctor Peru Abarca , catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogo entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan (Durango, 1881).

Liburu honetan Mogelek defendatzen du ia mende bat lehenago (izan ere, 1802an bukaturik egon arren 1883ra arte ezin izan zen kaleratu) Tolstoi eta Gorkik (Yatsnia Polonia Eskola-Nire Unibertsitateak hurrenez herren...) erakutsitako jarrera kultural pedagogiko berbera, kultura askatzailearen maisuak nekazariak direla, alegia. Euskal nortasunaz aritzerakoan, hizkuntzari buruz bederen baina ez bakarrik, baserritarra jakintsuena dela da Mogelek gizarteratutako irudia.

Hizkuntza eta kulturaren euskal hausnarketaz Larramendik erabateko zentralitatea markatzen duen neurri berean, Agustin Xaho zuberotarra (1811-1858) badugu euskal kulturgintza modernoa definitzerakoan ardatza. Horrelakoa uste zuen Federiko Krutwigek eta Xahok berak utzitako arrastoek hala erakusten digute.

Oloron eta Parisen hizkuntzak ikasi zituen. 1935ean Voyage en Navarre pendant L'insurrection des basques kaleratu zuen non lehenengo Karlistada gerlaz aritu zen nazioarte mailan eragin nabarmena lortuz. Hurrengo urtean, Antoine Abbadiarekin batera, Etudes grammaticales sur la lange euskarienne argitaratu zuen. Ildo beretik ezagutzera eman zituen Histoire primitive des Euskariens-Basques eta Lelo ou la Navarre il. Honetaz gain Aitorren ereserkia idatzi zuen frantsesez (Arturo Kanpionek 1878an gazteleraturik in Rev. Euskera. Iruñea) Larramendik erabilitako etimologiaren bidea euskal kultura eta mitologia gizarteratu nahian.

Xaho gnostiko masoia eta errepublikazale laikoa zen. Baina, hein berean, euskal kultura eta politikaren defendatzaile sutsua.

Baionan zegoela Ariel egunkari politikoa sortu zuen 1844an nahiz eta 1852an Frantziako Gobernuak hura debekatu. Hegoaldean erbesteratu zen (Gasteizen) eta hil zenean (1858an) elizkizunik onartu gabe lurperaturiko lehenengo euskaldun ezaguna izan zen. Ikerlari eta idazle bezala euskal izaera ezagutzen lagundu zuen. Politiko gisa biltzen zituen bere baitan modernitate errepublikarra eta antirrazionalismo gnostikoa. Nazioartean ezaguna egin zen euskalduntasunaren aldarrikatzaile moduan.

Xaho hil zen garaian jaio zen Iruñean Arturo Kanpion (1854). Karlisten bigarren gerla galdu osteko giroak noziturik, euskal ohituren aldeko jarrera eraman izan zuen bere ekarpen teoriko guztietan, literaturan eta historian batik bat. Orduko hizkuntzalari eta kazetari euskaltzaleen gertukoa, ez zuen euskararen ezagutza zabaldu nahi bere erabilera hedatu baizik. Saiakera eta polemika landu arren nobelagintzari eta ikerketari ere tokia egin zien bere jardunean. Orreaga balada 1880an argitaratu zuen euskaraz, baita Euskal lau dialektoen izeneko Gramatika ere. Ildo beretik, gazteleraz, Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua vasca ikerketa linguistikoa eta Los orígenes del pueblo euskaldun. Iberos, keltas y baskos ikerketa historikoa. Asko idatzi izan bazuen ere ez da hona paperatutako guztia ekarriko. Bai, ordea, kultur eragile gisa izandako munta: Euskaltzaindiaren fundatzailetako bat izan zen eta euskaltzain osoa 1818tik hil arte (1937). Euskara elkartearen sustatzaile bezala EAJ sortu aurretiko euskal nazioaren aldarrikapenerako lehenengo bilgunea sortzen lagundu zuen. Honetan argi utzi nahi izan zuen ez zuela ados Sabino Aranak egiten zuen nazio irakurketarekin (Kanpionen ustez Aranaren planteamendu laburregiak bezain bizkaitarregiak zirelako).

Kanpionen eragina nabarmena izan zen Luis Arana Goirirengan (1862-1951) zeinak bere anaia Sabinori, familiaren tradizioagatik karlisten alde zituen ideiak, euskal nazioa defenditzearen alde birbideratu zizkion.

Hortik aurrera Sabino Arana (1865-1903) euskal nazionalismoaren fundatzailea hartu izan ohi da. Aranak liburu politikoak argitaratu zituen: Bizkaya por su independencia ( 1892); El Partido Carlista y los Fueros Vasco-Nabarros (1896), hizkuntzalaritzan proposamen berriak kaleratu zituen: Lecciones de Ortografía del euzkera bizkaino (1896), Deun ixendegi euzkorra (1910) eta prentsan ere aritu izan zen (Bizakaitarra hilabetekaria sortu zuen, Espainiako Gobernuak debekatua, El Correo español egunkari abertzalea eta La Patria astekaria). Asmatu zituen neologismoak, izenak eta euskal sinboloak (haien artean ikurriña) eta, gauza guztien gainetik, berarengandik aurrera, Euskal Herriko bizitza eta historia baldintzatuko zuen ideologiaren sortzailea izan zen. Pedagogia arloan, berriz, Umiaren lenengo aizkidea euskeraz irakurtzen ikasteko izeneko liburua kaleratu zuen ezizenez. Garai bertsukoa da Agakia euskaraz irakurtzen ikastekoa, K.A. Ormaetxeak 1896ean izkiriatua. Orduko euskal pedagogiaren aldarrikatzaile nabarmenenak L. Elizalde eta F. Belaustegigoitia izan ziren.

Bere garaikideen antzera, nazioaren oinarria kulturan ezarri zuen, eta hura orduan ulertzen zen arabera, arrazan edo genealogian. Nazioaren bilakaera eta etorkizuna, aldiz, mendeetan ukaturiko Estatuaren jabetzaren baitan kokatu zuen. Espainiaren menpeko zapalkuntza kritikatu zuen Euskal Herritik eta Kuba zein Filipinetako independentziaren borrokarekin bat egin zuen (eta horregatik kartzelaratua izan zen). Espainia zein Frantziaren aurkako borrokalari magrebiarrak zoriondu zituen eta, garaian garaikoa, XIX. eta XX. mendeen arteko antinperialista izan zela esan daiteke. Gaztea hil bazen ere (hogeita hemezortzi urtez) seiehun prentsa artikulu, hogeita hamahiru olerki-sorta eta hamalau liburu utzi zituen. Idatzitakoa baino, ordea, bere iritzien indarra utzi zuen (1898an diputatua izateko hautatua izan zen) eta baieztapen trinko bezain bortitza: Euzkadi da euskotarron aberria.

Esaldi hori, gainerako baieztapen guztiak bezala, aurretik pairaturiko galdera bati emandako erantzuna da, eta galdera, berriz, Hegelek Historiaren filosofian plazaratu berria zuen 1837an, hau da: Nola biziraun dezake aberria?. Prusiarraren erantzuna, jakina, ezin gardenagoa izan: Estatuak eta hezkuntzak berma dezake soilik aberriaren iraupena.

Europa osoan zabalduko den jitearen ordezkotza da, beraz, Sabino Aranaren esakunea. Horren aurrean, ordea, beste motatako irizpide intelektuala hasiko da zabaltzen, erabateko arrazionalismoa onartu nahi izango ez duena, edo hobeto adierazia, arrazoiaren ezintasunak nabarmendu nahi izan zituena, eta haiekin batera gizaki bakoitzaren bizipenei kasu gehiago egingo diena gizartearen arazo kolektiboei baino. Jarrera honen azalpen garbia izango da, orduko euskal pentsalarien artean, Migel Unamunok bere bizitzan zehar (1864-1936) erakutsi izan zuena.

Unamunok, Aranak bezala, euskara berreskuratu behar izan zuen gaztea zela. Euskalerria aldizkarian artikuluak argitaratu zituen baina, berriro ere Aranaren antzera, ezin izan zuen lortu Bizkaiko Aldundiaren euskara katedra (euskaltzainburua izango zen Azkuek irabazi zuen).

Madrilen Filosofia ikasi ondoren doktoradutza eskuratu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca izeneko tesiaz.

Salamancako Unibertsitatean grekoaren katedra lortu eta Errektorea izendatu zuten (Espainiako gerra garaian bi aldeek, bai errepublikarrak baita frankistak ere, kendutakoa). Europako unibertsitate sistemak ezagutu zituen (Oxford eta Grenoblen honoris causa izendatu zuten) eta Kierkegaarden pentsamenduarekin bat egin zuen. Goian esan bezala, arrazoia eta sinesmenaren mugaz hausnartzen saiatu zen, Estatuaren indar uniformatzaileak agerian uzten eta, bide batez, iraupen pertsonalaren mekanismoak aztertzen. Hala eta guztiz, filosofia akademikoan baino kezka hauek guztiak gizarteratzen maisua izan zen Unamuno. Saiakera landu zuen, Vida de D. Quijote y Sancho; olerkiak idatzi zituen, Poesías edo El Cristo de Velazquez; antzekia sortu (Fedra) eta eleberriak plazaratu (La agonía del cristianismo, Niebla, El sentimiento trágico de la vida...). Gogamenean erabiltzen zuen tragikotasun bera erabili zuen, kristautasunaz edota euskal kulturaz aritzerakoan.

Ildo beretik, Xabier Zubiri donostiarrak (1889-1983) pentsamendu historizista garaikidea kritikatu nahi izan zuen. Bilbotarra ez bezala Zubiriren lana filosofia akademikora mugatu zen. Ez ohi zuen parte hartzen gizarte eztabaidetan eta filosofia eskolak unibertsitatetik at eman nahi izan zituen. Nahiz eta Ortega y Gasset filosofo espainiarraren zuzendaritzapean aritu eta Husserl edo Heidegger hitzaldietara joan, bere pentsamendua sailkagaitza da. Sobre la Esencia , Cinco lecciones de filosofía eta Inteligencia sentiente liburuak lirateke haren funtsezko pedagogia ekarpenak.

XX. mendearen hasieran sekulako indarra hartu zuten kultur elkarteek eta haien aldizkariak. Batzuk euskal kulturaren inguruan arituko dira bakarrik: Eusko Folklorea (1921), Bulletin du Musée Basque (1924),Txistulari (1927), Antzerti (1932); Yakintza (1933); besteak erlijioaz: Zeruko Argia (1919),Gure Mixiolaria (1924); beste batzuk hizkuntzaz: Euskera (1920). Pentsamendua eta polemika landuko dituztenak ere agertuko dira: Revista Internacional de Estudios Vascos (1907) edo Euskalerriaren alde (1911) Bidasoaz hegoaldetik. Garai hartan, eskolan erabiltzeko argitaratu ziren Wildetar Oskar. Ipuñak (1927) Ander Jaureguibeitiak bizkaieraz eginiko itzulpena. Jaureguibeitiak berak Grimm anaien ipuinak kaleratu zituen urte berean (Grimm ana-yak. Ipuñak), H. Larrako-etxeak 1929ean ere argitaraturik (Grimm Anayen berrogeitamar ume-ipuin).

Bidasoatik goiti, berriz, Gure Herria (1921) edo Aintzina (1935) Euskal Herriko iparraldean eta Elgar (1934) Parisen. Azken hauetan edo frantses prentsan Jean Barbier, Jean Etchepare, Jean Saint Pierre, Julio Moulierrek (Otxobi) edo Martin Landerrechek idatziko dute. Hegoaldean, berriz, J. Azpeitiak, 1932en kaleratutako Irakurri, Maite edo Osasuna merketza eta yanaritza, liburuetan orduko berrikuntza pedagogikoaren edukiak (bai Katalunian baita Institución Libre de Enseñanzan ohikoak ziren higienismo eta zientifizismoaren aldarri pedagogikoak egin zituen).

Domingo Aguirre, Carmelo Echegaray, Julio Urquijo, E. Bustinza (Kirikiño), Jose Ariztimuño (Aitzol) edota N. Ormaetxea (Orixe). Azken bi hauek dute, ordea, berebiziko garrantzia. Aitzolek, hala Euskal Esnalea elkartetik nola Yakintza aldizkaritik ere, Engrazio Aranzadik (Kizkitza) ulertzen zuen moduko ikuspegi sabindarraren euskal kultura eta pentsamendua zabaltzen aritu zen Hernanin frankistek fusilatu zuten arte. Orixe, bestalde, espetxeak nahiz erbesteak markaturik, Euskaldunak izeneko oinarrizko euskal olerki epiko nazionala idazteaz gain, estetikaz, etikaz eta abar aritu zen nolabait, Unamunok espainiar kulturan eduki izan zuen jarrera polemista bera, euskarazko letretan erakutsiz. Aitzol eta Orixerekin batera ibilitakoak Euskal Pizkunde bezala ezagutua izan den kultur mugimenduan aritu ziren. Frankismoak, ordea, bertan behera utzi zuena.

Halere, E. Zipitriak Donostian, eta X. Peñak nahiz M.A. Garayk sortu zituzten, San Nicolas parrokian eta Agustinoetan, Iralabarri (Bizkaian) euskarazko alternatiba pedagogiko berriak, euskaraz, 1945tik 1955etara. Ildo beretik aritu zen Julia Berrojalbiz Bilbon.

Frankismopean, halere, eta hasieran euskaltzainburua zen Azkueren itzalpean, Federiko Krutwigek (1921-1998) irauli zuen ordura artekoko euskal pentsaera. Bilbon, Bonnen eta Parisen ikasi ondoren, Larramendirengandik, eta Mogelengandik baitik bat, miresturiko kultura naturalistaren alde ibili beharrean bide berriak ireki zituen euskal izaerari buruzko hausnarketetan. Mogelen iturri hartatik (Peru Abarkaren irakaspenetatik...) edango dute apologistek, euskaltzaleek eta nazionalistek Krutwig agertu arte behintzat. Honek metropolien aurkako XX. mendeko deskolonizatzaileen teorikoak ezagutuko zituen (Memmi, Sengor, Lumumba,Gevara,...) eta kultura menperatzailea eta menperatuaren arteko dialektika modu berri batez erakarriko zituen euskal gogoetara. Euskal Herria ulertzeko hausnarketa berri honek Vasconia liburuaren izenburua eraman zuen (1963).

Federiko Krutwig ez zen naturalista ez eta populista ere, euskal kultur elitearen premia aldarrikatu zuela baizik. Euskaltzaindian onartua izateko eliza katolikoren jarrera atzerakoia kritikatuz egin zuen sarrera hitzaldiagatik joan behar izan zuen erbestera (1952an), hizkuntz batasunaren irizpideak finkatzeko egindako saioetan (1968) ez zuen onartu nahi izan garbizaleen bidea (Aranaren aldeko ikuspegi nazionalista) ez eta Azkueren antzera gipuzkera osatua proposatzen zuen pragmatismoarena (Mitxelena, Txillardegi...) eta lapurtera literarioaren alde borrokatu zuen beti. Bere ibilbide intelektuala gizarteratu nahian hamaika liburu saiakera, prentsa artikulu, elkarrizketa eta abar kaleratu zituen: Praktikaz (1968), Garaldea (1978), Ekhaitza (1980), Mystagintza zaharra (1982), Jakintza baitha (1982)...

Ildo honetatik baina, era berean, Krutwigekiko lehian dago Jose Luis Alvarez Enparantzaren pentsaera (Txillardegi, Larresoro edo Usako, 1929). Idazle eta irakasle oparoa izan da beti (hogeita bost liburu, euskal prentsa ia guztian argitaraturiko iritziak eta ezbaiak, hizkuntzalaritzaz, literaturaz edo politikaz eginiko ekarpenak...).

Ez du, Krutwigek bezala, euskal kultura nekazal kulturarekin inola ere parekatu nahi izan. Aitzitik, Unamunoren antzera, existentzialismoaren ikusmoldea erabili du euskal izaeraz pentsatzeko. Bere lehenengo idazlanetan bizitzan egin beharreko hautuez, denboraren joan-etorriaz edo irtenbidea aurkitzerik ez daukaten pertsonaiez josita daude (Leturiaren egunkari ezkutua -1957, Peru Leartzako- 1959, Elsa Schellen-1969, Haizeaz bestaldetik -1979). Heldutasunean, alabaina, eskematismo politiko hertsiago batez aritu izan da (Exkixu-1988, Putzu 1998) nahiz eta haren ekarpen guztietan sinbologia berriak eta estilo modernoak etengabe aurkitzen diren.

Hizkuntzalaritzaz zein kulturaz ere aritu izan da (Huntaz eta hartaz-1965, Sustrai bila -1970, Hizkuntza eta Pentsakera-1972, Euskal Kulturaren zapalketa 1984, Gertakarien lekuko-1985...) eta denak politizatu egin ditu euskal intelektual gisa. Jarrera hori zabaldu nahian, gainera, kultur eragile nekagaitza izan da. Branka aldizkariaren sustatzaile bezala eta Udako Euskal Unibertsitatearen kide gisa euskal pentsamenduaren garapenean funtsezko uztarria izan da.

Bereziki hizkuntzaz eta literatura kritikan aritu bazen ere Koldo Mitxelena euskaltzainak (1915-1987) baditu Idazlan hautatuak (1972) izeneko bildumaz gain hona ekartzea merezi duten eztabaida intelektualak: Unibertsitatea eta Irakaskuntza gure artean (Jakin, 1977), Bigarren Adabakiak. Txillardegiren Euskal Kulturaren zapalketa dela eta (Egan, 1984), Zinema paperak...etab.

Ildo honetatik zeharo aldendurik daude, ordea, kristau pertsonalismoaren eraginpean Euskal Herrian sortutako pentsalariak: Arizmendarrietaren kooperatibismoa, E. Mounierren bidetik Carlos Santamariak idatzitako idazlanak etab.

Hirurogeita hamargarren hamarkadan, euskararen berreskurapenarekin batera, "helduen alfabetatzerako koordinazioa" (AEK) hasi zen eratzen eta hedatzen. Paulo Freire pedagogo brasildarraren eraginpean, hastapenetan, J. Kaltzada, J. Naberan edota A. Gabika irakasleek landu zuten "hizkuntz kontzientzian" oinarritutako ikas metodologia geroago "metodo antidiglosikoa" bihurtuko zena non, pedagogia berria zabaltzen hasi zen E. Osa edota J. Zabalo bezalako irakasleen esku.

Txilladergik ere landu zituen "metodo antidiglosikoaren oinarriak" historikoak izan ziren beronen ekarpenak Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian, 1957az geroztiko bere lankidetza ugarien bidez (besteak beste: Karta idigia-1956-eta Batasunaren bidea-1959), eta historikoak halaber gai honi buruzko beronen jarrera publikoa 1960 urtean eta Baionako Euskal Idazkaritzan, 1963 urtetik aurrera, aditzaren batasunaren alde eginiko proposamenak. Euskal hizkuntzaren aditu eta ikertzaile guztiek goraipatu ohi dute eginkizun korapilatsu honi Txillardegik eman zion bulkada eta arnasa, bai garai hartan bai gerora ere etengabe, ia ezin konta ahala baitira Euskal Hizkuntzaren Akademiaren organo horretan herrikide honek argitaratu izan dituen lanak, adibidez: Iritzi aditzaren erabilkeraz eta Fonetika baturuntz zenbait proposamendu (1978), bere ikerkuntza-ibilbide oparoaren gailurra 1983 urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztutako Euskal azentuaz /Sobre el acento vasco Doktorego tesian lortu arte.

Antzerako idazle eta irakasle oparoa da, alabaina, Joxe Azurmendi (1941). Bera bezala kultur eragileaz gain liburu askoren egilea: Manifestu atzeratua (1969), Kultura proletarioaz (1973), Gizona abere hutsa da (1975), Zer dugu Orixeren kontra? (1976), Schopenauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989), Gizaberearen bakeak eta Gerrak(1991), Espainolak eta Euskaldunak (1992), Demokratak eta biolentoak (1995), Oraingo gazte eroak (1997) Teknikaren meditazioa (1998), Euskal Herria Krisian (1999).

Unamuno edo Zubiri bezain pentsalari sailkaezina, C. Santamariaren edota E. Salaberryren irakaspenak ere ikertu ditu eta bere garaiko intelektualek ez bezala euskaraz argitaratu ohi ditu bereak. Erlatibismo filosofikotik irakurri izan ditu hala euskal kultura nola euskal kulturaren kontra aritutakoak ere eta bere irakasle lanetan, liburuetan zein parte hartu dituen kultur egitasmoetan (Jakin aldizkarian, Egan, Brankan, edo unibertsitate irakaskuntza etab...) euskal letrek argitara eman dituzten orrietarik jorienak eskaini ditu.

Euskal Herriko Iparraldean, berriz, goian aipatu Etienne Salaverry eta Piarres Xarriton dira errefentzia azpimarragarrienak zeintzuk haien jarrera giristinoarekin batera, euskalduntasunetik pentsatzeari eta irakasteari ekin izan diote frantses kulturatik eskuraturikoa galbahetik pasa ondoren.

Iparraldean ere, SEASKA ikastolen koordinazioarekin batera baina era autonomo batez, IKAS izeneko zerbitzu pedagogikoa sortu zen, eta irauten du.

Jakin eta Anaitasuna aldizkariak euskara batua gizarteratzeko ezinbestekoak izan ziren moduan, Euskal Herriko Ikastolen Federakuntzak sortutako material didaktikoari erreparatu gabe ezin da ulertu euskal pedagogiaren bilakaera XX. mendearen bigarren zatian. Honen fruitua izan zen 2004ean argitaratutako "Euskal curriculuma: kultur ibilbidea" bilduma non arlo ezberdinetako adituek euskal irakaskuntzarako metodologia nahiz edukien proposamen zehatzak eskaini zituzten. Lan erraldoi honen arduradunen artean bi pedagogoen izena hona ekartzeak merezi du: Xabier Garagorri eta Lore Erriondo.

Ildo beretik, baina "berrikuntza pedagogikoaz" egindako lanagatik Mikel Zalbideren izena azpimarratu gabe ezin utzi. Berari zor zaio, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako irakasleen euskal gaitasun kurrikularra garatzeko sortutako IRALE programen egitaratzea eta jarraipena.

Laurogeigarren hamarkadan, ikastoletan aritutako irakasleen egokitzapen didaktikoari eta, bide batez, irakaskuntza arautu publikoan tituluen demandari erantzun nahian Bergarako UNEDen magisteritza eskolak hasi ziren ematen eta, zeregin horretan, formazio psikologikozko bi pedagogo nabarmendu ziren: Manolo Cainzos eta Juanjo Otaño.

Garai bertsuan, "Adarra"izeneko pedagogia mugimenduaren inguruan, Euskal Herriko irakaskuntzatik ateratako hamaika esperientzia pedagogiko landu ziren. Horretan, besteak beste, EHUko irakasle izango ziren Eusebio Osa idazlea eta ekintzailea, EHUko euskara-kabineteko zuzendaria (Pedagogia eta gizartea, Elurra eta Dialektikaz eta kulturaz ) nahiz Felix Basurco, Pakita Arregi eta Feli Etxeberria aipatzekoak dira.

Ordukoa da Isilik, I. Pontestak koordinatutako pedagogia aldizkaria. Haren ordezkoa edo izan da laurogeita hamargarren hamarkadan Hik Hasi, euskal hezkuntzarako aldizkaria, pedagogiaz jardunaldi tematikoak eta argitalpen didaktikoak euskaraz kudeatzen dituena.

Azkenik eta gero, Eusko Ikaskuntzaren eta Genevako Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen artean izandako lankidetzan zenbait euskal pedagogo eta ikerlari (I. Idiazabal, Carmen Medrano, I. Plazaola...) irakaskuntzari buruzko azterketa akademikoak egin dituzte elebitasunaz, irakurketa-idazketa prozesuaz edota adimen neurketaz J. P. Bronckart, J. Dolz edo B. Scneuwly irakasleekin batera.

  • ARRIEN, G. Educación y escuelas de Barriada de Vizcaya (Escuela y Autonomía 1898-1836). Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia, 1987.
  • ANTXUSTEGI, E., "Eleizalde: Politika abertzalea pedagogia gisa". Tantak. 1997, núm. 18, pp. 55-76.
  • AZURMENDI, J. "Irakaskuntza eta Pentsamendua Euskal Herriko Historian". V.V.A.A. Euskal Herria : Historia eta Gizartea. Donostia: Jakin, 1985.. 357-386 or.
  • AZURMENDI, J. VolksgeistHerri gogoa. Donostia: Elkar, 2007.
  • CALVET, J. L. La guerre des langues et les politiques linguistiques. Paris: Payot, 1987.
  • DÁVILA. P. "Los libros escolares en euskara". ESCOLANO, A. (coord.). Historia ilustrada del libro escolar en España. Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez, Pirámide, 1992.
  • ERRIONDO, L. "Euskarazko eskolaliburuak". Argia. 1996, núm. 1590, p. 37.
  • ESTORNÉS, I. Aportaciones de Eusko Ikaskuntza a la cultura vasca. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1983.
  • IZTUETA, P. Intelligentsia kimatuaren orbelak. Donostia: Kutxa; Kimuak, 1996
  • LASA, J. Euskal herria eta ikastola. Donostia: Edil 1971. P. 130.
  • LERENA, C. Reprimir y liberar. Madrid: Akal, 1983.
  • LUZURIAGA, L. Historia de la Educación y de la Pedagogía. Buenos Aires: Losada, 1976.
  • MÁRQUEZ, A. D. Educación comparada. Teoría y metodología. Madrid: El Ateneo, 1972.
  • MATEOS, S. "Euskal Nazionalismoa eta Hezkuntza Publikoa". Tesis doctoral dirigida por Julen Zabalo en la UPVEHU, 1998.
  • MOGEL, J. A. Peru Abarca. Durango: Gerediaga Elkartea, 1981.
  • ORMAETXEA, TX. Txillardegi Lagun Giroan. Bilbao: UEU, 2000.
  • RODRIGUEZ, F. Ikastolas y Euskal Eskolak. Donostia: Orain/Egin, 1996.
  • TORREALDAI, J.M. El libro negro del euskara. Donostia: Ttarttalo, 1998.
  • RODRIGUEZ, F. Nacionalismo y Educación. Madrid: Delta, 2011.
  • SARRAILH DE IHARTZA, F (Krutwig, F. 1973) Vasconia: Estudio dialéctico de una nacionlidad. Buenos Aires: Norbait, 1973.
  • UHARTE DONIBANEKOA, J. (Xabier Kintanaren itzulpena) Zientzietarako Argimenen Azterketa. Bilbao: Klasikoak, 1996.
  • UNAMUNO, M. San Manuel Bueno, mártir. Madrid: Anaya, 2003.
  • XAHO, A. La Leyenda de Aitor. Donostia: Roger, 1998.
  • ZABALETA, I. "Euskal nazionalismoa eta hezkuntza (18951923)". Tesis doctoral dirigida por Pauli Dávila. Teoría e Historia de la Educación. Bilbao: UPV/EHU, 1987.
  • ZABALO, J.; MATEOS, S. Euskal Nazionalismoa eta Hezkuntza Publikoa. UPV/EHU, Argitalpen Zerbitzua, 2000.