Architectes

Astiazaran Galarza, Luis

Arkitektoa. Madril, 1898ko urriak 12; Donostia, 1969ko maiatzak 11.

Luis Astiazaran Galarza arkitektoa Gipuzkoa mailan XX. mendearen bigarren herenean lan egin zuen arkitektorik interesgarrienetakoa dugu. Hainbat estilotan aritu bazen ere, arrazionalismoari jarraituz egin zituen eraikinengatik du garrantzia, bereziki arkitektura industrialaren esparruan.

Luis Astiazaran Galarza Madrilen jaio bazen ere, bertan eman zuelarik bizitzako lehen mende laurdena, gurasoak euskaldunak zituen. Horren ondorioz, Madrilgo Eskolan 1923an arkitekturako ikasketak amaitu ostean, Gipuzkoara bizitzera joatea erabaki zuen, Antzuolan eta Bergaran familia baitzuen. Lehen bi urtetan Antzuolan bizi izan zen, izeba-osaben etxean eta bertan bere lehen lanak egin zituen, hainbat etxebizitza eta denden erreformak eginez, gehienak familia ingurukoak. Bi urteren buruan, 1925ean, Bergaran bizitzen jarri zen eta bertan ireki zuen bere lehenengo estudioa; estudio hori bere bizitzaren amaiera arte itxi gabe mantendu zuen, nahiz eta 1940an Donostiara bizitzera joan eta bertan beste estudio bat ere ireki zuen.

Lehenengo fase hori 1923an hasten da eta 1932an amaitu. Beraz, hamar bat urte iraun zuen, Luis Astiazaranen lehen lanak Madrilgo Eskolan jasotako ikasketen jarraipena izango dira, hau da, eklektizismoan eginak eta hainbat erreferentzia historiko erabiliz. Lehen fase horretan bereziki etxebizitza soilak egingo ditu eta adibide gisa Bergarako Eguzki-Alde Etxea (1928) ipini dezakegu. Tamalez eraitsi egin zuten, baina adibide bikaina da Astiazaranen hasiera nolako aizan zen ikusteko. Neoeuskalduna izeneko estiloan egina zegoen, hots, eraikinak egiteko euskal baserria eredutzat hartzen zen, baina ez funtsean baizik eta soilik azalean, kanpoko elementu apaingarrietan alegia. Neurri batez, Leonardo Rucabado arkitektoaren irakaspenei jarraituz burutu zuten, garaian garrantzi handiko baitzen, bereziki hainbat arkitekto bizkaitarrenen artean, apaingarrien erabilera oparoa ere nabarmenduz.

Lehen fase hori 1932an amaitzen da, urte horretan eraikiko baitu bere ibilbideko eraikinik garrantzitsuenetakoa eta interesgarrienetakoa, Legazpiko Bilbao Banketxearen egoitza (1932). Banketxearen lokalaz gain, bertan etxebizitzak ere bazeuden. Eraikin horretan Astiazaranek bere estiloa moldatu egiten du eta erreferentzia historikoei eta bereziki apaingarrien erabilpena oparoari uko egiten die. Itsasontziaren estetikan oinarritzen den eraikin arrazionalista burutzen du, Donostiako Nautiko Elkarteko eraikinean bezala, Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labayenen lana 1928an.

Eraikin horrekin Astiazaranek bere ibilbideko bigarren faseari hasiera ematen dio, ziurrenik bere fase interesgarriena. Garai horretan, ez bakarrik Gipuzkoan baizik eta Euskal Herria osoan ere, zaila da arrazionalismoaren alde apustua egin zuten arkitektoak aurkitzea. Fase hau amaitzen den arte -Gerra Zibilaren bukaerarekin, 1939an-, Astiazaranek estilo berri horren alde egiteaz gain, gauzatuko dituen eraikin gehienak arkitektura industrialaren tipologian egingo ditu. Eraikin mota berria garatuko da gure artean industria iraultzarekin batera, baina hasieran eklektizismoaren bidetik abiatutako da. Horren ondorioz, beste egile batzuekin batera -besteak beste, Florencio Mocoroa arkitektoa, Jose Luis Yeregui ingeniaria, Luis Tolosa delineatzailea-, Astiazaranek Gipuzkoa mailan tipologi horren eraikin formak eta estiloak aldatzen ditu, Frantzian eta Alemanian esparru horretan eraikitzen ari ziren lantegien formak aintzat hartuz. Gure artera horien berri garaiko arkitektura aldizkarien bitartez izaten zuten. Astiazaran ez da GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteko kide izango, baina elkarte horretako aldizkari ofiziala AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) jasoko du. Horrela, hainbat tokitan ikus zitezkeen eraikin moderno eta arrazionalen berri zeukan.

Bigarren fase horrek zazpi urte eskas iraungo baditu ere, Astizaranen lana itzela izan zen, hainbat lantegietako eraikin eta pabilioiak eraikitzen. Guk hemen bereziki Gipuzkoako hiru enpresa ezagunekin egin zuen lana nabarmenduko dugu, nahiz eta beste enpresa askotarako hainbat lanak ere egin. Nabarmendu beharreko lehen ekimena Union Cerrajera de Mondragon enpresarentzako eginiko lana da, bai Arrasateko egoitzan bai Bergarakoan; bigarrena SACEM (Sociedad Constructora de Maquina Herramienta) enpresarentzako Billabonan burutu zuen eraikina; eta hirugarrena, Andoainen SAPA (Placencia de las Armas, SA) enpresarentzako egin zuena. Hiru lan horiek beraien artean desberdinak badira ere (lehenengoan Astiazaranen lanaren zati bat bakarrik gauzatu zen, han eta hemen zenbait pabilioi eraikiz, eta bigarren eta hirugarren kasuan hasieratik eraikin osoa berak esandakoaren arabera burutu zen), antzeko ezaugarriak aurkitzen ditugu: eraikinen bolumenak itxiak dira, sendoak eta mardulak, garai hartan Alemanian eraikitzen ziren lantegiak bezalakoak; nabarmentzeko elementu bakarra sarrera izaten zen, bulegoak hartzeaz gain, ataria ere bazeukan eta, bertako leiho bertikalak zutabeen funtzio sinbolikoa betez eta eraikineko beste leiho horizontalekin kontrastea sortuz. Horrela, eraikina adierazkorragoa eta dinamikoagoa bilakatzen zen.

Bigarren fase hori Gerra Zibilaren amaierarekin batera eten egiten da. Dena den, Frankismoak beste arte eta kultur adierazpenetan bezala, arkitekturan ere estilo berria inposatzen du, berriro ere estilo historizista eta akademikoa berreskuratuz, eta horren ondorioz, estilo eklektikoa. Fase horretan Astiazaranek berriro bere estiloa aldatzen du eta lantegietan burutzen zituen ekimenetan -bai aurreko enpresetarako bai beste batzuetarako ere, Patricio Echevarria edota Patricio Elorza bezalakoak Legazpin-, arrazionalismoaren alde egiten badu ere, orain estiloa funtzionaltasunez bideratuko du, aurreko faseko ezaugarri espresiboak erabili gabe. Beste eraikinetan, etxebizitzetan esaterako, denetatik aurkituko dugu, eta horrela, etxebizitza soiletan gehienetan eklektizismoa berreskuratuko badu ere -enpresetako jabeen eta zuzendarien etxeetan neoeuskalduna edota inperioa izeneko estiloak erabiliko ditu, azken hori El Escorial bezalako eraikinetan oinarrituta-, beste batzuetan, adibidez, hainbat enpresak langileei zuzenduta prestatutako etxebizitzetan, historizismoa baztertu eta funtzionaltasunez eta soiltasunez egingo ditu lan horiek. Lan horiez gain, beste etxebizitza asko ere burutuko ditu, hasiera batean Obra Sindical del Hogar y la Arquitectura erakundearentzako lan eginez eta gero Instituto Nacional de la Vivienda-rentzako. Lan horietan, gehienak babes ofizialeko etxeak, Astizaranek garaiko beste arkitekto gipuzkoarrekin batera -Florencio Mocoroa, Domingo Unanue, Felix Llanos eta Damian Lizaur bezalakoak besteak beste-, hainbat etxebizitza multzo bideratuko dituzte probintzian zehar, tipologiari eta beharrei duintasuna eman nahian.

Etxebizitza eta lantegiekin lotutako eraikin horiez gain, hirugarren fase horretan beste hainbat eraikin eta lanak ere egingo ditu. Hirigintzako bi ekimenetan izan zuen partaidetza nabarmendu behar dugu, bata Legazpin Damian Lizaurrekin batera eta bestea Bergaran Felix Llanosekin. Pare bat eraikin burutu zituzten, garai hartarako guztiz bereziak estilo nagusiarekin erkatuz gero. Bergaran San Sebastian Banketxearen egoitza burutu zuten. Klasizismoa, barrokoa eta funtzionaltasuna nahasten ditu modu bitxian baina eraginkorrean. Bestea Donostian burutu zuen. Berez, 1940ean Donostiako Alde Zaharrera etorri zen bizitzera, bertan ere estudioa zuelarik, Fermin Calbeton kalean, Bergarako estudioa irekita mantendu bazuen ere bere ibilbide profesionalaren amaiera arte. Eraikin hori Zurriola etorbideko 16. zenbakiko etxebizitza zen. Eklektikoa zen, eta oso apaindua, baina guztia modu berezian egina, beti ere ezagunak ziren elementuetatik abiatuz, baina guztien irakurketa pertsonala eta berezia eginez.

Berrogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdian bere laugarren eta azken fasea hasiko du. Astiazaran modernitatera itzuli zen. Erreferentzia historizistak eta akademikoak baztertu zituen eta arkitektura soila eta sinplea egiten saiatu zen. Egiturak, bolumenak eta materialek hartzen dute garrantzia osoa eta guztia funtzio zehatzaren esanetara baldintzatzen da. Azken fase honetan lan gutxiago egingo ditu, etxe soilak nabarmentzen direlarik -Eliseo Belzunceren etxea Donostian (1957) Ategorrieta auzoan, adibidez- eta Bergarako Compañia de Maria Nuestra Señora erakunde erlijiosoarentzat eraikitzen duen ikastetxea Lehen Hezkuntza eta Lanbide Hastapenari zuzenduta. Azken eraikin horretan funtzio zehatz guztiak betetzeko espazioa antolatzerakoan oinplanoak L baten forma hartzen zuen. Fatxada guztiak desberdinak egin zituen. Eraikin modernoa baina era berean adierazkorra lortzen du, inguruarekin bat egiten duena, baina berezko nortasuna galdu gabe. Azken fase honetan eraikin gutxiago egin bazituen ere, bere estiloa heldutasunera ailegatu zela nabaritzen da, eta horrela aurreko garaietako nolabaiteko sintesia aurkitu dezakegu.

1969an Luis Astiazaran Galarza 70 urterekin Donostian hil zen.

  • AZPIRI, A. [et al.] Gipuzkoa. Guía de Arquitectura de 1850-1960. Donostia: Nerea-Gipuzkoako Foru Aldundia-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala Gipuzkoa, 2004.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • MENDIETA, J.M.; OLAZABAL, M.; SANZ ESQUIDE, J.A. Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbo: Eusko Jaurlaritza-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko ordezkaritza, 1990.
  • MOYA, A; SAENZ DE GORBEA, X; SANZ ESQUIDE, J.A. Arte y Artistas vascos en los aaños 30. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1986.
  • SOBRINO, J. Arquitectura industrial en España, 1830-1990. Madril: Cuadernos de Arte Catedra, 1996.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madril: Catedra, 1997.
  • ZALDUA GOENA, J. "La obra de Luis Astiazaran: permanenencias y evolución", en Ondare, 25. alea, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.