Monastères

Ruako San Pedro eliza. Lizarra

Lizarrako San Nicolas kalean (42º40'08.08" I 2º01'47.99" M) aurkitzen da San Pedro de la Rua estilo erromanikoko eliza.

Lizarrako erdi aroko hirigunearen erdian jaio zen eliza hau Santiago Bidearen ondoan hazi zen. Bere parean Nafarroako Erregeen Jauregia aurkitzen da, Nafarroako eraikin zibil erromaniko bakarra eta gaur egun Gustavo de Maeztu museoa dena. XII. eta XIV. mendearen artean eraiki zen, Lizarra monumentu ugariz betetzen hasi zen Erdi Aroko garaian, Lizarrako eliza zaharrena izanik. XIII. mendean San Pedro Nagusia bezala ezagutzen zen ere eliza hau. 1174. urtekoa da honen inguruan ezagutzen den lehen aipamena parrokia bezala, lehendik existitzen zelaren ustea badago ere. 1256. urtetik aurrera Eliza Nagusiaren titulua eskuratzen du San Pedro de la Rua elizak.

Lizarra Sancho Ramirez Nafarroa eta Aragoiko erregea zenak sortu zuen 1090. urtean. Hasierako hiri hau hiru auzo ezberdinetan multzokatzen zen, horien artean San Pedro de la Rua-koa ezberdintzen zelarik. Gehienbat frankoen egoitza zen Lizarra, Santiago Bidearen ardatz nagusia bilakatu zen laster. Hiru auzoak udalerri bakar batean elkartu ziren 1266. urtean. Testuinguru honetan jaiotzen da San Pedro de la Rua-ko eliza, Santiago Bidearen ondoan, Erdi Aroan garrantzia handikoa zen hiriaren lehen eliza izateko.1256. urtetik, Eliza Nagusiko titulua eskuratu zuenetik, hainbat abantaila zituen eliza honek. Besteen artean, eliza honetan Nafarroako pribilegio eta foroak zin egin zituzten Carlos I.ak 1523. urtean eta Felipe II.ak 1592. urtean.

San Pedro de la Rua-n San Andrés-en erlikia batzuei kultu ematen zaie. Legendak esaten du Santiago de Compostela bidean zihoan pelegrin bat Lizarran hil egin zela XIII. mendean eta hau elizako klaustroan lurperatua izan zela, garai horretan pelegrinen hilerri moduan erabiltzen baitzen. Hainbat seinale miragarriek pelegrin hura Patrás-eko apezpikua zela erakutsi zuten eta Santiagora San Andresen omoplato bat erlikia moduan eskaintzeko eramaten zuela topatu zuten. Geroztik San Andres Lizarrako patroia izan da eta bere erlikiei kultu eman izan zaie elizan. 1979. urtean lapurtu egin zuten erlikia hau eta gaur egun topatu ez den arren, gaur beneratzen den erlikia San Andres-en buru-hezurraren zati bat da, Erromako Aulki Santuari esker lortutakoa.

Historia luzeko eraikin honek garai ezberdinetan zehar hainbat eraldaketa izan ditu. Eraikinaren barneko eraikuntza moduak XII. mendearen adierazgarriak dira, bertan duen bataiarria ere mende berdinean finkatzen delarik. 1170. urteko klaustro polita du, nahiz eta 1572. urtean Zalatambor gazteluaren eraisketarekin batera honen bi alde suntsiturik gelditu ziren. Tenplua 1687. urtean sortutako San Pedro-ren irudi batek nagusitzen du. San Andrés-en kapera, Lizarrako patroiaren omenekoa, 1696. urtean eraikitakoa da. 1893. urtean elizara iristeko kanpo harmailadi bat eraiki zuen Cayetano Echauri Lizarrako harginak. Gaur egun irisgarri egiten duen harmailadia 1966. urtean Francisco Pons Sorollak egindakoa da.

Eraikinaren iparraldeko fatxadan aurkitzen den estilo erromanikoko arku puntaduna da monumentu honen sarrera nagusia. Honen ondoan defentsarako dorre altua agertzen da. Arku honek hamar gingilez osatutakoa da, arabiar influentziako arkitektura gogorarazten duena. Sarrera arkuko hamaika arkiboltak bezainbeste zutabe kapiteletan sostengatu egiten dira. Arkibolta zein kapitel hauek itxura begetaleko apaindura figuratibo eta geometrikoak aurkezten dituzte. Portada nagusi honetan polikromia arrastoak topatu dira, garai batean kolore biziz guztiz margotua egongo zela pentsaraztera daramana, garaian ohikoa zen ezaugarria. Sarrera honek inguruan topatzen diren eta Erdi Aroan eraikitako beste elizen sarrerekin antzekotasun handiak dauzka.

Eliza hiru zatitan banatutako hiru nabez osatua dago. Ebanjelioko alboko nabea Epistolakoa baino handiagoa da, forma trapezoidalekoak biak. Honen arrazoia orubeko lurzoruaren ezaugarriei atxikitzen zaie. Nabe hauek gurutzeria ganga gotikoekin estalita daude, puntako arkuak dituztenak. 1572. urtera arte erdiko nabearen altuera handiagoa zen, baina urte horretako eliza ondoko gazteluaren eraisketarekin batera hondamendi latzak jasan zituen. 1609. urtean berreraiki behar zutenean ganga horren altuera laburtzea erabaki zuten.

Hiru abside erdi zirkularrek ixten dute goiburuak. Barnealdean, edertasun handiko erdikoa, bi gorputzetan banatzen da. Beheko partekoa puntako arkudun hiru absidiolo aurkezten ditu kapitel historiatudun zutabeen gainean. Goiko aldean beste hiru irekigune daude, alboetan itsuturik dauden beste bi dituztelarik, guzti horiek arkibolta bikoitzeko erdi puntako arkudunak. Hauek apaindura begetalak dituzten zutabeetan bermatzen dira. Berriro errepikatzen da erliebe mota berdina zati hau eta ganga banatzen duen inpostan, punta erdiko arkuak dituzten hiru leiho luze eta arruntekin. Abside nagusiak punta erdiko arku triunfal batetik dauka sarrera, zistestar estiloko kapitelak dituen zutabe erdietan bermatuta dagoena. Alboko absideak soilagoak dira, eta beraietara sarrera ere erdi puntako arkuen bidez egiten da.

Lizarrako hiria zaintzen duen goialde batean kokatuta, San Pedro de la Rua eliza Lizarra Erdi Aroan izan zuen nagusitasunaren aztarna da. Nafarroako erreinuari zuzenki lotuta, balio historiko handiko monumentua da. Santiago Bidearekin izan duen harremana estua izan da beti, gaur egungo bidea ere bere paretik pasatzen delarik. Nafarroako erromanikoko aberastasun eskultoriko handienetakoa duen multzo arkitektonikoa da. 1931. urtetik Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasunen artean katalogatuta dago.