Lexikoa

BIKUÑAK ETA BASKONGADOAK

1622 eta 1625 bitartean Potosin (Peru Garaia, gaur egungo Bolivia) sortu ziren bi aldeek jaso zituzten izenak dira.

Aurrekariak

Potosira iritsi ziren lehen iberiarrak La Platatik zetozen, 1538an eraikitako hiritik, alegia; auzitegiaren egoitza zena. Gualpa indiarrak zilar-meategi ospetsua aurkitu zuenean sortu zen Potosi. Ikusi BOLIVIA. Distantziak eta komunikatzeko zailtasunek laster sortu zituzten jurisdikzio-arazoak. 1561ean Potosi herriari hiribildu izaera eman zioten (Potosiko Hiribildu Inperiala), eta horrek, besteak beste, alkateak hautatzeko eskumena eman zion. Euskal Herritik joandako asko meatzari aberats bihurtu ziren, bere prestakuntza tekniko eta ohitura komertzial handiagoari esker. Horrek harreman zalapartatsuak eragin zituen Europatik iritsitako beste biztanleekin eta bertako kreoleekin. Baskongadoen aberastasuna handitu egin zen 1574. urteaz geroztik, garai horretan “azogue” teknika eta "mita" (indiarren lan erdi-esklaboa) ezarri eta ekoizpen-kostua murriztu baitzen. Crespok dioenez, "Potosi izenak abenturazale olde bat erakarri zuen; asko eta asko okupaziorik gabeko soldadu ohiak, lurra konkistatuta eta deskubrimenduen garaia amaituta baitzegoen (...) Noble bihurtzeko lehiatzen ari zen meatzariaren ondoan, erreboltara akuilatzen zuen fraidea bizi zitekeen, eta Flandrian edo Italian eskuratutako armetarako trebetasuna frogatzea beste asmorik ez zuen ezpataria."