Instrumentugilea

Telleria Zumalakarregi, Angel

1869ko abuztuaren 1ean Zegaman jaiotako musikagile, zuzendari, organista eta irakaslea. Hondarribian hil zen 1948ko maiatzaren 30ean.

17 urterekin, oinarrizko magisteritzako titulua lortu ondoren, musikari ekitea erabaki zuen. Horretarako, Bartzelonara joan zen ikasketak egitera. Itzuli zenean, Zaldibiako Udaleko idazkari eta parrokiako organista izan zen. 1901ean, oposizioz, Hondarribiko Musika Bandako zuzendari eta Organista plazak lortu zituen Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokian. Ondoren, bandako zuzendari kargua utziko du, solfeo irakasle gisa mantenduz. 1925ean Hondarribiko Musika Akademiako irakasle eta zuzendari izendatu zuten. Gerra Zibilean erbesteratu egin zen Frantzian, musika-lezio partikularrak emanez eta organo-jotzaile gisa arituz Hendaiako Santa Ana parrokian. Bere lanak hainbat lehiaketa eta sariketatan sarituak izan dira, horien artean, Zarauzko Euskal Jaiak (1912), Iparragirreren mendeurrena dela eta Villareal de Urrechuan egindako lehiaketa (1920) eta Toribio Alzagak zuzendutako Euskal Deklamazioaren Konpainiak deitutako lehiaketa (1921).

  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/TEL-01. Aranburu, J. de. Zorren karpeta bat irekitzen.
  • NAGORE, M.: Telleria Zumalakarregi, Angel. In Casares E. (zuz. ), Diccionario de la música española e hispanoamericana (vol. or. 254). Madril: SGAE, 2002.