Pintoreak

Larrañaga Longarte, Paulino

Ogibidez grabatzailea, pinturarako eta zurezko eskulturarako zaletasunarekin uztartu zuen ofizioa. Eibarren jaio zen 1918ko apirilaren 13an eta 2011ko martxoaren 3an hil zen.

13 urte zituela hasi zen zura marrazten eta zizelkatzen, Jesús Berecibar "Txopa"-rekin, eta Jacinto Olavek sartu zion argizariz modelatzen eta eskulturak husten, Eibarko Udal Marrazki Akademiatik.

1945ean grabatu tailer bat sortu zuen eta 60ko hamarkadan pinturaren munduan murgildu zen. Sorkuntza eta balio berrien prestakuntza uztartu zituen, Daniel Txopitea kasu.

1967an, bere tailerrean, Gorutz Taldea sortu zen, plastika berritzaile baten sustatzailea. Hala ere, Larrañaga ez zen inoiz bertako kide izatera iritsi.

Aire zabaleko pintura-lehiaketetan sari hauek jaso ditu: Mundakan lehena 1966an, Zarautzen lehena 1969an, beste bigarren sari batzuez eta ohorezko aipamen batzuez gain. Bere lanetan, oro har, Euskal Pintura Eskolak egindako bideari jarraitzen dio, eta eskulturak, erliebe-azpiak, marrazkiak eta olioak nabarmentzen dira.

1979tik aurrera marrazketa eta pintura irakaslea izan zen Eibarko Elkarte Artistikoan, eta urtebete geroago talde horretako presidente izendatu zuten. Lau urte geroago, ikastegia-estudio berria inauguratu zuen, Eibarren.

Erakusketa kolektiboak eta indibidualak egin zituen. 1974an Bilboko Windsor galeriak bere 32 lan erakutsi zituen, eta zurez egindako eskulturak nabarmendu ziren. 1976an, Eibarren erakutsi zuen lehen aldiz, CAMeko erakusketa-aretoan, eta, 2007an, haren 150 lan baino gehiago jarri ziren ikusgai Portalean.

2001ean, Eibarko Udalak Armagintza Eskolaren ondoan dagoen Sustraiak eskultura egiteko eskatu zion. 2007ko urrian erakusketa antologikoa egin zen bere jaioterrian eta, ondoren, Udalak bere bizitzari eta obrari eskainitako liburua argitaratu zuen.