Konposatzaileak

Gamarra Likona, Manuel (1723-1791)

Musikaria, organista eta kapera-maisua. Lekeitio, 1723 - Bilbo, 1791. XVIII. mende erdiko Bilboko musika-bizitzan ospe eta funtsezko garrantzia izan zuen pertsona izateaz gain, Euskal Herriko musikaren Ilustrazioko eragile esanguratsuenetakoa izan genuen.

Lekeition sustrai sendoak zituen familian jaio zen. Ez dakigu hiribildu horretan 1573. urtean danbolintero gisa ziharduen Domingo Likonarekin zuzeneko edo zeharkako ahaidetasunik izan zuen. Hamaika urte zituela (1734) Joseph de Zairlorda edo Zaylorda maisuak Bilboko Kaperako tiple izateko hautatu zuen. Bere hezkuntza eta tutoretza kapera bereko organo-jotzaile zen Juan Bautista Inurrietaren esku gelditu zen. Gerora Bilboko organo-jotzailea izan zen Francisco Zabala eibartarraren eta Joaquin Ojinaga, Inurrietaren iloba eta gerora Madrileko Errege Kaperako eta Toledoko katedraleko organo-jotzaile izan zenaren kide izan zen. Musikarako zuen trebetasun handiagatik, Bilboko udalak bere mantenua luzatzeko erabakia hartzen du, behin hamazazpi urterekin ahotsa aldatu zitzaionean.

1741. urtean musikariak Eibarren organo-jotzaile bezala aritzeko baimena eskatzen du. Hurrengo urteetan zehar Gipuzkoa eta Gaztelan barrena ibili zen. Gamarraren beraren adierazpenen arabera, Valladoliden eta Madrilen ziharduen Joseph de Mir maisuaren eskutik bere heziketa areagotu egin zuen. Berari esker Valladolideko katedralean organoa (1747-49) jotzera iritsi zen eta Ciudad Rodrigoko (Salamanca) Elizaren organo-jotzaile eta koruko nagusia izateko proposatua izan zen, baina ez zen postu hori betetzera iritsi. Donostian ezkondu zen Ursula de Mendinuetarekin, ekonomia maila oneko emakumea alegia.

1753an Gamarra Bilbora itzultzen da, Inurrietaren heriotzak utzitako Musika Kaperako lehen organo-jotzailearen lanpostua eskuratzeko asmoz. Horren ordez, ordezko kapera maisu izendatzen dute, Joseph de Zailorda maisu titularraren beraren eskariz. Hala ere, Zailordaren ezusteko bizitza-luzerak 1779ra arte atzeratu zuen Gamarrak bere maisu karguaren erabateko jabetza hartzea. Horrek istilu profesionalak eta ekonomikoak sorrarazi zituen Kapera bilbotarraren baitan, eta Gamarra lanpostutik kanpoko zereginak bilatzeari ekin zion. Hala eta guztiz ere, Donostian 1762an organo-jotzaile eta kapera maisu bezala lana lortzeko izan zuen aukera baztertu egin zuen, hobeto ordainduta egon arren, urte batzuk beranduago adieraztera eman zuen bezala. 1765ean Bilboko lehian aritu zen organo-jotzaile postua eskuratzeko: bere eskaria errefusatua izan zen Juan Andres de Lombideren alde, baina Gamarrak gerora begira kapera maisu kargua ziurtatuta utzi zuen.

1756 eta 1773 bitartean Bilbon Xavier Munibe, Peñafloridako Kondearen ordezkari eta konfiantzazko gizon bezala azaltzen da. Bere jatorri apala gorabehera, Gamarrak euskal aristokrata ilustratuen inguruko adiskidetasuna eta sinpatia bereganatzen ditu, eurekin batera merkataritza eta musika ekintzetan jardunaz. Ondorioz, 1765ean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendabiziko bazkide agregatu bezala izendatzen dute "en atención a sus prendas personales y a su distinguido Magisterio de la Música". Jada 1764an Gamarra Bilbo eta Arantzazuko musikariekin batera Bergarako aparteko jaietan izan zen, bertan RSBAP delakoa sortu zelarik. Erakunde horretan kapera maisu lana izango du heriotzara arte, Elkarteak batzarretan antolatzen zituen hainbat "musika akademiatan" parte hartuz. Bere egitekoak honako hauek ziren: batzarraldi horiek antolatzea eta musika zuzentzea, batzarrotarako musika konposatzea eta Elkarteko musika artxibategia zaintzea.

Musikari bezala aritzeaz gain, Gamarra RSBAPeko Toki Ekonomia eta Nekazaritza Batzordeko oso kide eragilea izan zen, eta 1780an Bizkaiko arduradun izendatu zuten. Kargu horretan, zientzia eta praktika uztartzen zuten ekimen ugaritan parte hartu zuen, txostenak eta izapideak burutu zituen eta asmakizun batzuk ere aurkeztu zituen, pedagogikoak (geografia karta-jolasa, 1768), zein teknikoak (haragia kontserbatzeko makina neumatikoa -1766- eta logeletako airea berriztatzeko beste makina neumatikoa -1786-). Bilbon 1774an RSBAPek marrazketarako doako eskola zabaldu zuenean ere bertan izan zen.

Ekintza horiek guztiak Bilboko Kaperan zuen kargu egonkorrarekin bateraezintasunak, hutsegiteak eta atzerakuntzak sorrarazi zituzten. Horregatik, 1773an kaleratzeaz ohartarazi zuten, zigor hori inoiz gauzatu ez zen arren. 1778an Kapera horretako lehen organo-jotzaile postua bete zuen bitarteko gisa, Lombide Oviedora joan izanak utzitako hutsunea betezeko alegia. Hala ere, udal batzak, berriro ere, lehen organo-jotzaile eta maisu lanpostuak bereganatzeko asmo zaharra suntsitu egin zuen: 1779an organo-jotzaile postua hornitzeko lehiaketarako deia egin zen eta Gamarra bigarren epaile izendatu zuten, Joseph Larrañaga frantziskotarraren ondoren, lehiakide bezala aurkeztea eragotziz. Deialdi horretan, Juan Crisostomo Arriagaren amaldeko aitonak, Manuel Balzola, lehiatu zuen arrakastarik gabe baina.

Aldi guzti horretan, Gamarra Bilbon izan zuen karguarekin zerikusia duten beste zeregin batzuk eginez azaltzen zaigu: organoen peritazioa, tasazioa eta harrera -Bilboko Santiagokoa (1755, 1785), Olabarrieta (Zeberio, Bizkaia, 1757), Begoña (1786)-; kantu-liburuen kopia eta tasazioa, edo lehiaketetan organo-jotzaileen azterketak (Bilbo eta Irun, 1767). Antza denez, 1777an Iruñako Katedraleko organistarako lehiaketan maisu aztertzaile gisa ere proposatua izan zen, baina urruti omen zegoenez, ez zen joan. Bestalde, Bizkaiko Jaurerriak Gamarrari Gernikan Carlos IV.aren (1789) koroatze ekitaldi ospetsurako musika egitea agindu zion. Hainbeste lanetan aritu izan arren, musikaria porrotean eta zorrez beteta hil zen, alarguna bizibiderik gabe utziz. Bilboko San Anton elizan lurperatua izan zen 1791ko azaroan.

Gamarraren musikarako talentua eta musikagile bezala burutu zuen lana egilearen bizitzan oso estimatuak izan ziren, ez Bilbon bakarrik, baita gipuzkoarren artean bereziki ere. Hala ere, gutxi izan dira berak egindako lez identifikatu diren lanak. Arantzazuko Santutegian (Oñati, Gipuzkoa) honako hauek gorde dituzte: Himno a Nuestra Señora eta teklarako hiru sonata, XIX. mende hasierako kopietan. Gainera, A. Donostiak RSBAPi eskainitako organorako 17 Bertso sorta bildu zuen, eta teklarako beste sonata bat ere, 1953an argitaratu zuena. Horri guztiari, Sta. Maria de Brioneseko (Errioxa) musika kaperak musikagileari agindu zion Altsuari eskainitako bikoterako Aria bat bakarrik gehitu behar zaio.

Halere, desagertu diren interes handiko beste lan batzuen berririk bada. RSBAPerako Gamarrak El médico avariento (1772) opera bufoa egin zuen, euskal egilearen ezaguna den bigarren opera, Muniberen El borracho burlado (1764) operaren ostean egina. Klabe eta organorako 24 Piezas sorta ere, Elkartearen beraren menpeko Bergarako Errege Seminarioko ikasleentzat zuzendutako digitazio pedagogikoak zituena, idatzi zituen. Teoriko gisa, Gamarrak RSBAPean Discurso sobre la Poesía y la Música (1765) aurkeztu zuen. Bertan azentu prosodikoen eta musikazkoen arteko harreman arrazionalista aldezten zuen, eta Compendio de reglas de composición (1772) izenekoa ere.

Bestalde, Carlos IV.aren ohorezko Coplas izenekoen letra idatzia ere zaindu da, berak Gamarrak Gernikako Sta. Maria la Antiguako elizan 1789ko otsailaren 17an idatzi eta abestutakoak. Halaber, New Yorkeko Hispanic Society-n, Bilboko Santiago elizaren (1761) gabonetako ospakizunetarako egindako euskaraz eta gazteleraz idatzitako sei gabon-kanta, ariak eta tonadillak dituen musikarik gabeko testuak dituen bilduma bat gordetzen da.

Ezagutzen ditugun egilearen musika lan urriak XVIII. mende erdiko estilo galantearen praktika modernoaren erabilera adierazten dute, nabarmena den profilik gabe baina. Musika ekoizpen hori baino nabarmenagoa Gamarraren beraren ibilbide profesionalaren esanahi historiko eta soziologikoa bera da. Ildo horretan, "hurrengo gizaldiko musika ekoizpen-moduen adierazle" bezala aintzat har dezakegu (Rodriguez Suso: 1998, 237): dirudienez, soldatapeko kapera musikari bezala zuen bere ofizio egonkor eta tradiziozkoa alboratu egin zuen, sortu berriak ziren areto amateur horietako arlo pribatu eta laikoetan bere sustapenari lehentasuna emanez. Garai hartako aristokraziaren goi mailako egitasmo ilustratuan izan zuen bere protagonismo harrigarriak, gainera, Antzinako Erregimenaren estamentu-hierarkia ordenaren murrizketak gainditzera jotzen du. Litekeena da bere kultura eta zientzia jakin-minak partez behintzat bere garaiko benetako intelektuala eta, musikariaz gainera, arkitekto eta ingeniaria izan zen Zailorda maisuarengandik jasotzea. Gainerakoan, Gamarra, profesionalki, Ilustrazioko Larrañaga, Lombide eta, agian, Jose Ferrer bezalako musikariekin harremanean izan zen; horiek guztiak, RSBAPeko kideak. Edozelan ere, Gamarrak bere heriotza orduan izan zuen porrotak berarena bezalako abagune pertsonal eta historiko batetan gizarte- eta profesional-mailan burujabe izateko egin zituen ahaleginak zekartzaten zailtasun eta arriskuen berri ematen du.