Literatoak

Etxeberri, Joanes (Sarakoa) (1668-1749) (1981ko bertsioa)

Saran (Lapurdi) jaiotako euskal idazlea.

Paueko Aita Jesuiten ikastetxean ikasketa humanisitikoak burutu zituen, ondoren, medikuntzako ikasketak amaitu ostean, Saran finkatu zen mediku modura lan egiteko. Catalina de Itsasgaraterekin ezkondu eta hainbat seme-alaba izan zituzten, horien artean aita bezalaxe medikua izan zen Agustin.

Maiz bidaiatzen zuen Berara (Nafarroa), horren ondorioz, Sara utzi eta herri horretan finkatu zen Bidasoaren alde horretan mediku lanekin jarraitzeko. Hala, 1716 eta 1723 bitartean Beran aurkitzen dugu, 1723 eta 1725 artean Hondarribian eta 1725etik 1749an hil zen arte Azkoitian. Badirudi bai mediku modura eta bai idazle gisa hainbat gabezia izan zituela.

Sarako idazle eta medikuak idatzitako lan bakarra ere ez zen argitaratu, 1718an Ustaritzeko Biltzarrera igorritako gutuna salbu. Dena den, haren ekoizpena Julio de Urquijok argitaratu zuen Parisen 1907an Obras Vascongadas de Dr. labortano Joannes d'Etcheberri izenburupean. Liburu horretan honakoak aurki ditzakegu: Lauurdiri gomendiozco carta, edo guthuna, Baiona, 1717; Escuararen Hatsapenac o Principios del Vascuence; Escualherriari eta Escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latin icasteco ("Latina ikasteko euskal baliabideak, Euskal Herriari eta euskaldun guztiei eskainia") eta, azkenik, Larramendik 1745ean ezagutu zuen El Diccionario cuatrilingüe.

Etcheverryren lanari buruz, batez ere, originala dela (ez itzulpena) eta euskaraz pentsatutako eta idatzitako lana dela azpimarratu behar da. P. Lafitteren arabera estilo gozoa, naroa eta harmoniatsua darabil Etcheverryk.