Literatoak

Etxeberri, JoanesEtxeberri, Joanes (Ziburukoa) (ca. 1580-1665?) (1981ko bertsioa)

Ziburun (Lapurdi) jaiotako euskal idazlea.

Lehen ikasketak Aita Jesuiten ikastetxean burutu zituen. Teologia-doktoregoa eskuratu zuen. Bere idatziei erreparatuz ezagutza humanistiko handia eta euskararen trataera paregabea hauteman daitezke. Bere garaikideen laudorioak jaso zituen: Axular, P. Guillentena, I. de Heguy, Et. Hirigoyti, Oiharar, P. de la Masse, P. de Urtubie, J. d'Iharce, Argagnarats, Casabielhe, Claverie eta Tr. de Aphezte.

Erlijioa gaitzat hartuz hiru lan eta hainbat bertso argitaratu zituen. 1627an Bordelen Manual devocionezcoa, edo ezperen, oren oro escuetan erabiltçeco liburutchoa lana argitaratu zen. Lehen zatian Juesukristoren bizitzako misterio nagusiak kontatzen zaizkigu zortzi silabako bertso-lerrotan. Bigarren zatian hamalau silabako bertso-lerroak erabili zituen kontu elizkoiak kontatzeko. (Bigarren edizioa 1669an). 1630ean bigarren lana argitaratu zuen Bordelen: Noelac eta berce canta espiritual berriac. "Noelac" edo gabon-kantez gain, Kristoren bizitzari buruzko hainbat kontakizun, Jaungoikoaren eta santuen (Francisco de Xabier eta, Loiolako I lehenesten du) ohorezko kantuak, eta Hirutasun guztiz santuaren aldeko handiespenak barneratzen dira bigarren lan horretan. 1636an Eliçara erabiltçeco liburua argitaratu zuen. Hirugarren liburu horretan, aurreko bietan bezalaxe, erlijioa da ardatz nagusia. Azken hori, aurrez Baionako gotzain izan zen Tourseko artzapezpikuari (Bertrand de Echauz) eskaini zion.