1936ko urtarrilaren 1ean Azpeitian (Gipuzkoa) jaiotako idazlea. Industria-maisutza ikasi zuen. 1961ean, Loiolako Herri Irratiak Andre-gizonak radionobela emititu zuen. Gerora, antzerki lan dezente idatzi ditu, eta hainbat sari ere irabazi ditu genero horretan: 1985ean, Iñaki Beristain Saria, Idazlearen herioa lanagatik; 1986an, Durangoko Euskal Jaietako Saria, Urkiolagatik; 1990ean, Euskadiko Antzerki Topaketen Saria Azpeitian, Bat, bi, hiru lanagatik. Hainbat antzerki pieza idatzi ditu bere jaioterriko Antxieta taldearentzat.
1975 eta 1976 urteetan bi monografia historiko argitaratu zituen, bata Albiztur, Errezil, Santa Marina eta Urkizu Gipuzkoako herri eta auzoetakoa, eta bestea Beizama, Urrestilla eta Matxinbentakoa, Donostiako Udal Aurrezki Kutxaren bilduma baten barruan.
Azkoitiko Aforasa enpresan segurtasun arduradun lanak egin ostean, Azpeitiko Antxieta kultur etxea zuzentzera pasa zen. Jaioterriko alkate izan zen 1983an eta 1984an, eta garai horretan sortu ziren Euskadiko Antzerki Topaketak. 1983an Gipuzkoako baserria kondairan zehar liburua argitaratu zuen (Edit. Probintziako Aurrezki Kutxa). 1992an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izendatu zuten, eta gerora Azpeitiko (1997) eta Azkoitiko (1999) herrietako istorio bana idatzi du, hainbat urtez bi udal artxiboetan ikertzen aritu ostean. Bere beste berezitasun bat zezenketa da; 1994an El toro, símbolo de la fiesta en Guipúzcoa (Edited. Azpeitiko Udala).