Kontzeptua

Elebitasuna

Elebitasunaren gaia ulertzeko hizkuntzaren gizarte-iritziarengandik abiatu beharra dugu eta, ikuspegi honetatik beronen inguruko lan mota bi agertu dira: a) hizkuntzari berari buruzkoak; b) hizkuntzak bere inguruaz dituen harremanei buruzkoak (hiztunak, gizartea, politika, psikologia, etab.). (Euskaltzaindia, 1978: 617-618).

Zientzia-ikuspegitik, Euskal Herria edo Baskoniari elebitasunaren kontzeptua ezartzeak hainbat egoera mota zabal aintzat hartzera garamatza, bai kontzeptuaren banako esanahian eta baita gizarte-mailakoan ere. Horretara gaiaren zientzia-egoerak laguntzen du, hauengatik bereizten baita: elkarren artean koordinatu gabeko ikuspegi ugari izatea, terminologia zehaztugabe eta aurkakoa, elkarren arteko bateraezinak diren tipologia- eta taxonomia-narotasuna, etab. Aurkakotasuna elebitasunaren definiziora bertara iristen da, egile askoren iritziz bere gizarte-ezarpena desegokitzat jotzen dutelako, elebitasunaren erabilera norbanakoaren izaerara mugatzen dela ulertuz. (Sánchez Carrion "Txepetx", 1981: 15-16). Horrela, elebitasuna, gizabanakoari eta bere joerari datxekion gauza litzateke, bi hizkuntzak botere-, status-, ospe- eta funtzio-maila berberean agertu daitezkeela; diglosia sozio-kultura mailako hizkuntza-antolaketa era bati legoko, inolako aipatutako berdintasun hori emateko aukerarik gabe (Euskaltzaindia, 1978:620), edota biak (harremandun hizkuntzak) maila bera nekez izan dezaketenak (Michelena, 1985: 195). Halere, beste egile batzuk gizabanakoaren elebitasuna ematen den bezala (gizarte-elebitasunaren gizabanako-egikariak, eta gizabanako-elebitasunaren gizarte-faktoreak ere badaude, plano biak inbrikatuta baitaude) gizarte-elebitasunik ere badela uste dute (Sánchez Carrion "Txepetx", 1981: 20), eta gizabanakoarengan elebitasuna ikasi ahal izateko gogoan hartu beharra ezinbestekotzat jotzen dute (Etxebarria, 1995: 99). Harremanetan dauden hizkuntzen egoeretan euretariko batek zabaldu eta bestearen gizarte-betebeharrak ordeztera jotzen duenez, gizarte-elebitasunaren onarpena agian mugaren batzuen baitan izan beharko litzateke, zeren oro har hizkuntza bien arteko gizarte-erabileran ezin orekarik egon daiteke. Elebitasuna behin behineko eta aldakorra den errealitate bat dugu; inguru baten eta funtzio berbererako elebitasun jarraituko eta egonkorrik ematea ezina da. (Mujika, 1980: 333).