Vilinch, Bilinch, Bilintx.
Euskal idazlea eta bertsolaria. Donostian jaio zen 1831ko apirilaren 30ean. 1876ko uztailaren 22an hil zen.
Guillermo Joaquin Indalecio zen bere izen osoa. Jose Bizcarrondo jauna eta Joaquina Ureña andrea zituen guraso. Ureña deitura Huelvakoa zen jatorriz (Andaluzia), bere amaren aldeko aitonarengandik hartu zuen.
Artean haurra zela eroriko txarra izan eta aurpegia guztiz desitxuraturik geratu zitzaion. Hori dela eta, "Moko" edo "Indalecio Moko" goitizena ezarri zioten. Beranduago zezen batek harrapatu eta adarrekin hankak zeharkatu zizkion. Arotza izateaz gain, Antzoki Zaharreko atezain ezaguna izan zen Indalecio. Bere establezimendu txikitik aurreztuta zituen 8.000 erreal lapurtu zizkioten.
Azkoitiko Nicolasa Erquicia Macazaga andrearekin ezkondu zen. Bizcarrondok 1857-1858 urte inguruan idatzi zituen maitasunezko lehen bertsoak. Bigarren karlistadan Donostiako liberal boluntarioen batailoiko konpainian sartu zen boluntario modura.
Poeta modura satira umoretsuaren -Michelenaren arabera- eta sentimendu delikatu eta bizien maisua izan zen. Bertso bikainak idatzi zituen -hala dio iruzkingileak-. Poetek oso barneko aitorpen orotatik ihes egiten dute lotsatuta, umilagarria eta penagarria dela irizten baitute, Bizcarrondok, ordea, literatura molde hori darabil. Poesia politikoari dagokionez, herriaren saminaz zipriztindutako konposizioek duten garra dutela esan daiteke.
1876an karlistek botatako granada bat bere gelara sartu eta bi hankak suntsitu zizkion. Sei hilabetez sekulako sufrikarioa bizi ondoren uztailaren 22an hil zen, euskal foruak baliogabetu zituzten egun berean.
1884ko otsailaren 6an, Victoriano Iraola zinegotziak mozio bat aurkeztu zuen Donostiako Udalean, Principal Antzokiaren iparraldetik kale Nagusia eta Lasala plazatxoa batzen dituen kaleari Bilinch izena jartzea eskatzeko.
Bilinchen konposizioak 1911n argitaratu ziren Euskal-Esnalea elkartearen eskutik. Hauek dira bere poesia batzuen izenbururak:
- Galop infernal
- Ziririkuak
- Kontzezirentzat
- Zaldi baten bizitza (Zaldi zuriyarena)
- Pozez ta bildurrak
- Juramentuba
- Loriak
- Maita nazazu arren!
- Beti zutzaz pentsatzen
- Ja-jai!
- Zenbait damaren esker txarra
- Dama ta galaia
- Juana Bixenta Olabe
- Somaketa
- Izar argi bi falta dirala...
- Potajiarena
- Izazu nitzaz kupira
- Gaztetan jarriyak dama bati
- Biyotz erituba
- Neskatxa bati mutill batek jarriak
- Domingo Kanpaña
- Aspaldiyan...
- Bertsolarien gudua
- Orentzaro
- Kanpuan da
- Pobriaren suertia
- Sartzia soldadu
- Zortziko
- Pagatzalle on bat
- Begirozute, pikadoriak
- Arotz bati ziyoten...
- Konfesoriagana
- Apirillaren lagun elkarra...
- Zaldun gazte
- Dolores'i
- Azkenengo bertsoa