1955eko azaroaren 27an Donostian jaiotako filologo gipuzkoarra.
Filosofia eta Letretan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean (1979) eta Euskal Filologian doktorea (1988) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU).
1978tik 1988ra Euskal Filologia Fakultateko irakasle izan zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean, eta Morfosintaxi eta Lexikologia eskolak eman zituen. 1988an, EHUra joan zen, eta Euskal Filologia saileko katedraduna da bertan. Morfologia eta sintaxia ikertzen jardun du; Euskararen errektoreorde izan zen 1996-1997 bitartean, Pello Salaburu errektore izan zen garaian, eta Irakasleen errektoreorde 1997tik 2000ko martxora arte.
1992tik euskaltzain osoa da, eta lehen emakume euskaltzaina da.
Aldizkari espezializatuetan artikulu ugari argitaratzeaz gain, honako lan hauek idatzi ditu, besteak beste: Euskal morfologiaren historia, Elkarlanean, 2001 (Patxi Altunarekin elkarlanean) eta Hitz Elkartuak euskaraz, Deustuko Unibertsitatea, 1990.
2001eko ekainean, Ibarretxe Lehendakariak Kultura sailburu izendatu zuen. Josu Jon Imaz EAJko presidente aukeratu zutenean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile gisa ordezkatu zuen, 2004ko urtarrilaren 13an kargua hartuz. 2005eko ekainean Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburu berrautatua izan zen, 2009ko maiatzera arte kargu horiek izan zituelarik.
2011ko udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuen EAJk Donostian.