1883an jaio zen Iruñean eta 1978an zendu zen hiri berean.
Abokatua, Electra Puente-Marín enpresako kontseilaria izan zen eta La Conciliación izenekoan zuzendari-batzordeko batzordekidea.
1910-1913 bitartean Iruñeko zinegotzi izateko hautatu zuten. Ondoren, Jaimeren aldeko diputatu izan zen Gorteetan 1919 eta 1923an, kasu horretan Foru Aliantzaren barnean. 1930ean aholku eskatu zioten eta bere iritzia eman zuen Eusko Ikaskuntzak egindako Autonomiaren aldeko deialdian.
Bigarren Errepublika ezarri zelarik, 1931ko apirilaren 21eko Manifestu tradizionalistan bere izena proposatu zuten "Euskal Aldarrikapenen Aldeko" batzordean parte har zezan. Ekainaren 15ean Iruñeko berrespen katolikoaren aldeko mitin batean presidente lanak egin zituen. Aldi berean, Lizarran Alkateen Mugimenduaren Asanblada egin zen. Manuel Aranzadi Irujorekin harremanetan egon zen ekaineko hauteskundeetan hautagaitza katoliko eta foruzale bat eratzeko.
1936-1939 bitartean gerra zibila lehertu zelarik, erreketeak eta bere anaia Ignazio matxinatu egin ziren eta Afrikan altxamendu militarra gauzatu zen. Giro horretan, 1936ko uztailaren 20an sortutako Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Zentraleko presidente izan zen.
1970eko uztailean El Pensamiento Navarro argitalpen karlistako Administrazio Kontseiluko Presidentea zelarik, hartako zuzendaria zen Javier Maria Pascual kargugabetzea erabaki zuen "haren erruz gure egunkariak ordena politikoan hartu zuen joera sozialistaren eta erlijio arloan hartu zuen joera progresisten ondorioz, gogo-oinarri karlistarekin ez baitira bateragarri"; (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). Karlista tradizionalista eta progresisten arteko lehia gori-gori zegoen.
Azkenik, 1971ko abenduaren 17an bere dimisioa aurkeztu zuen Administrazio Kontseiluko Presidente gisa, izan ere, ez zetorren bat Kontseilu horrek Jose Javier Echave Sustaeta zuzendaria kargugabetzeko hartutako erabakiarekin.
- GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI: Diccionario biográfico de los Diputados Forales de Navarra (1840-1931), Nafarroako gobernua, Iruñea, 1996.
- "Carta a los lectores y amigos de El Pensamiento Navarro de D. Joaquín Baleztena, dando explicación por su dimisión como Presidente del Consejo de Administración de dicho periódico", Iruñea, 1971.