Idazle frantziskotar ez euskalduna. Euskaraz eta frantsesez idatzi zuen.
Bere bizitzaren inguruko xehetasun gutxi ezagutzen dira; Axularren laguna zen eta ziurrenera harekin ikasiko zuen euskara. Vinsonek Bibliographie de la Langue Basque obran adierazi zuenez, 1617an La Reoleko komentuko zaintzailea zen Materre eta 1623an Tolosako (Frantzia) komentuan zegoen. Aita Larramendiri esker ezagutzen dugu Materre, izan ere, bertakoa izan ez arren euskaraz idazteagatik laidotu egin zuen.
Lehen obra 1616an agertu zen Baionan, euskal kostaldeko marinelei buruzkoa da. Lan horretan kristau-ikasbide bat, hainbat otoitz eta marinelen gida bat jasotzen dira. Bigarrena urtebete beranduagokoa da (1617), Bordelen argitaratu zen Pierre de la Coruten inprentan eta ez dago ale originalik. Sei urte beranduago bigarren edizioa agertu zen (1623) eta 1693an hirugarrena kaleratu zen Baionan, Aita Duroneak egindako idatzi batzuk gehituta. Azken horren izenburua Bouqueta Lore Divinoena bereciac eta Duronea apeçeac Aita Matarren liburuari emendatuac zen. Aldez aurretik, frantsesez idatzitako lan bat argitaratu zuen Parisen, L'horloge spirituelle (1606) izenekoa. Bada Baionan editatutako Dotrina Christiana (kristau-ikasbide) bat, 1704koa.
- BOZAS URRUTIA, R. "Un Materre de 1704". Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletina, 1968, 191-205. or.
- VILLASANTE, Luis. Historia de la Literatura Vasca, 69-70. or.
- VINSON, J. Essai d'une bibliographie de la langue basque.