Instrumentugilea

Ayo Losada, Félix

Sestaon 1933an jaiotako biolin jotzaile bizkaitarra.

Bilboko Kontserbatorioan hasi zen biolina jotzen ikasten eta hamalau urte zituenean diploma eskuratu zuen; gainera Karrera Amaierako Aparteko Lehen Saria erdietsi zuen Biolin eta Aretoko Musika sailetan. Hamasei urterekin Bilbon Ibañez de Betolaza Lehiaketa irabazi zuen eta horrekin batera bere ikasketak hobetzeko beka ere lortu zuen. Horri esker Paris, Siena eta Erromara alde egin zuen.

I Musici talde ospetsuaren fundatzaileetako bat izan zen. Talde horretan hamasei urtez biolin bakarlaria izan zen. 1970ean Quartteto Beethoven di Roma eratu zuen, munduko laukoterik onenetakotzat jotzen dena.

Bakarlari bezala mundu osoko orkestra sinfoniko garrantzitsuenekin lan egin du eta 1983az geroztik zuzendari gisa ere aritu da. Era berean, munduko areto ospetsuenetan ere emanaldiak eskaintzen ditu. Kontzertuak eskaintzeaz gain, irakasle bezala ere aritzen da eta hobekuntza ikastaroetan klaseak ematen ditu Erromako Santa Cecilia Akademian. Bestalde, ikasgai magistralak ere eskaini izan ditu hainbat herrialdetan (Kanada, Australia, Danimarka, Estatu Batuak, Espainia, Italia, Alemania eta Japonia). Gainera munduko biolin lehiaketa ospetsuenetan ere epaimahai kide izateko gonbidapen ugari jasotzen ditu.

1744ko G.B. Guadagnini biolina jotzen du.

Bere grabaketak ospe handia lortu dute mundu osoan barrena eta aldi berean sari ugari jaso dituzte, esaterako: Preis der Deutschen Schallplattenkritik delakoa, Edison saria, Mar de Plata saria, Grand Prix du Disque saria Vivaldiren Lau Urtaroak piezaren bertsio famatuagatik, eta Italiako Kritika Diskografikoaren Saria Beethovenen Kuartetoak pianorekin piezarako egin zuen bertsioagatik. Era berean, nazioarteko kritikak begi onez hartu ditu Bachen biolin bakarlarirako Sonatak eta Partitak piezarekin egindako grabaketa.