Eskultoreak

Loperena Eseverri, Antonio

Pintore eta eskultore nafarra. 1922ko irailaren 22an Arguedasen jaioa. 2010eko otsailaren 19an zendu zen Tuteran.

Bere familiak abeltzaintzan egiten zuen lan eta Ezkarozetik (Zaraitzuko harana) Arguedasera pasa zen. Han jaio zen bera. 1952. urtera arte artzain izan zen. Horrenbestez, bere prestakuntza erabat autodidakta izan zen.

Lau urte zituela meningitis batek hartu zuen. Gaixo zegoelarik marrazkiak egiten zituen eta irudiak mozten zituen. Hain zuzen, eskolan irudien mozketan nabarmendu zen. Hamalau urterekin, familian geratzen zen gizonezko bakarra zenez, artzaintzari eman zitzaion. Denbora askoan literatura, marrazkia eta tailu-lanketa izan ziren bere ihesbideak. 1947an ezkondu zen. Dena den, ezkondu ondoren beste bost urtez jarraitu zuen azienda zaintzen eta, bitarte horretan, bi erakusketa aurkeztu zituen; olio-pinturaz eginiko margolanena bata eta ezpel zurez egindako tailu txikiena bestea.

1952an azienda utzi ostean, Tuterara joan zen harriaren eta marmolaren lanketan saiatzeko asmoz. Halaber, han ikasi zuen buztina modelatzen. Artisautzako Nazioarteko lehen Erakusketan parte hartzeko hautatu zuten eta domina eta hirugarren saria lortu zituen. Louvre eta Pariseko beste hainbat museo garrantzitsutan izan ziren bere lanak. Han, eskultura arloko klasikoak ezagutu zituen.

Nafarroan lan publiko gehien egin duten artistetako bat izan zen eta bere ibilbide profesional luzean eskulturan eta pinturan nabarmendu zen Loperena.

Egin zuen lehen tailu azpimarragarria Yugoko Ama Birjinaren kopia bat izan zen, Nafarroako Erriberako zaindariaren irudi gotikoa, Arguedaseko parrokian paratzeko egin zuena. Beranduago, pinua baliatuz eta neurri errealean Itxaropenaren Ama Birjinaren eta San Irineoren irudiak egin zituen. Orobat, San Antonio bat egin zuen Tuterako katedralean paratzeko.

Gurutziltzatutako Kristoren irudiak erakarri egiten zuen eta neurri errealeko hiru irudi egin zituen. Horietako bat biluzi paregabe bat, Tuterako kaputxinoen elizan paratzekoa. Belengo Ama Birjinaren irudi bat landu zuen Venezuelan paratzeko eta San Frantzisko Asiskoaren irudi bat Galean (Ekuador) paratzeko. Horrez gain, Junipero Serra bat Floridan paratzeko eta gurutzefika bat Parisko artzapezpikua zen Faltin kardinalarentzat. Azken lan horri esker, Kulturako Kritikarien Batzordeak Frantziako Arte eta Humanismoaren domina eman zion.

Ondoren, harzuria baliatuz, 2 metroko San Agustin bat egin zuen Gijonen paratzeko. 1955ean mural handi bat pintatu zuen Monteagudoko (Nafarroa) eliza berrirako, Alexander Flemingen busto handi bat egin zuen, bi tailu-lan gotiko Pouilloneko parrokiarako (Landak) eta, horrez gain, Cintruenigoko harzuri-fabrika bateko modelista izatea lortu zuen. 1970an Marco Fabio Quintilianoren estatua bat egin zuen Kalagorrin (Errioxa) paratzeko. Hiru metroko estatua zen, harri bloke bakarrean egina. Ondoren, Julio Beobidek egindako Gurutziltzatutako Kristo handiaren azken ukituak emateko enkargua jaso zuen.

Honatx bere ondorengo lanak: Jose Maria Iribarren idazleari egindako monumentua (Tutera, 1972), ortuzainari egindakoa (Tutera, 1973), Bartolome de Carranza artzapezpikuari eginikoa (Miranda de Arga, 1977), Done Bizenta Maria Lopez de Vicuñari eginikoa (Cascante, 1977), Antso VII Indartsuari (Tutera, 1983), nekazariari (Cortes, 1987), Bardeako artzainari (El Paso, 1992) Muza Ibn Muzari (Tutera, 1996), Alonso Ercillari (Bilbo, 1998), Erronkariko artzainari (Izaba, 2000).

Zezenketarekiko erakarpena ere sentitu zuen eta oso ezagunak dira gai horri buruz egin zituen erretratuak, esate baterako, Paco Caminorena. Zezenketen gaiari buruz egin zuen azken lana 2009ko egutegia izan zen, Diario de Navarra egunkariak Erriberako irakurleen artean banatu zuena eta Loperena berak ilustratu zuena.

1999an Tuterar Ospetsu izendatu zuen Ciudad Deportiva taldeak eta ekitaldi hartan Arguedaseko, jaioterriko, urrezko ikurra jaso zuen. 2006an Bardeako Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteak Bardetar Goren izendatu zuen. Hurrengo urtean, Tuterako El Pocico gastronomia-elkarteak zilarrezko Ur-bilatzailea (elkarteak sari modura ematen duen eskultura txikia) eman zion.