Pintoreak

Landa, Juan

XVI. mendeko pintorea. Iruñean jaio zen eta Maria Moret-ekin ezkondu zen. Senarra hil ostean, emazteak berak tailerra bere gain hartu zuen.

Tafallako Andre Mariaren erretaulako pinturak burutu zituen. 1597an Añorbeko (Nafarroa) erretaula pintatzen du. Urte berean, Muruzabaleko (Nafarroa) sagrarioa pintatu zuen; Nafarroa aldean ere, Munarritzen zeharreko hiru erretaula pintatu zituen eta Pedro Mutiloarekin batera Sagasetako beste erretaula. Ororbiako sagrarioa pintatu eta urreztatzen du. Kasedako zeharreko erretaulak, Artikako erretaula eta Tebaseko Santa Eufemiaren irudia pintatzen ditu, denak ere Nafarroan. Santa Katalinaren irudia pintatzen du eta San Miguel eta Santa Katalinaren zeharreko erretaulak pintatzen ditu Kasedako elizan. Era berean, Tafallako Andre Mariaren elizan erretaula nagusia urreztatu, landu eta irudiz hornitzen du (1599).

Erref. Garcia-Gainza: La Escultura Romanista en Navarra, 50, 51 orr.; Fichero de Artistas Vascos; Casado Alcalde, Esteban: La pintura en Navarra en el ultimo tercio del siglo XVI, Iruñea, 1976 (105. orr. eta hurrengoak, irudiz beteak).