Geologoak

Munibe y Areizaga, Ramón María de

Kimiko eta minerologo gipuzkoarra. Azkoitia, 1751-01-24 - Markina, 1774-06-20.

Ramon María de Munibe zientzilari goiztiarra izan zen, Euskal Herrian iraganeko etorkizunik handieneko buruetariko bat. Egia esan, bere heriotzarekin zoritxarrez etendako eskarmetu eta prestakuntza bikainak bereganatu zituen. Ramonez Leandro Silvan historialariak hauxe idatzi zuen: 'kimikari garrantzitsua izateko egoeran jarriko zuen zientzia-kultura handiaren jabe izan zen' (Gárate, 1969: 43).

Xabier María de Munibe Peñafloridako Kondearen (gogora dezagun, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen sortzailea) semea, Ramon bere aitaren urratsak jarraitzeko jaioa zela zirudien; aitak heziketa bikaina eman zion, jokamolde nobleak irakatsiz eta arte ederrak eta zientziak lantzera bultzatuz.

Bere lehendabiziko maisuen artean, sortu berria zen Bergarako Seminarioan sartu orduko, jesulagun frantziar bi izan zituen, Louis Dussieux eta Luis Belot Aita. Bere hezkuntzatik frantziar kulturaren eta baita ilustrazioaren aztarnak gelditu ziren.

Bere aitak iradoki zion hurrengo aukera Europako herririk aurreratuenak bisitatzea izan zen. Ikasturte teknikoetara joaterik izango zuen, fabrikak aztertu eta baita jakintsuekin harremanak izan ere, guzti hori irakasle baten laguntzarekin (Cluvier apaiza). 1769an Kondeak hauxe zioan: 'Lehenbizi kristau on bat izan dadila nahi dut... Horren ondoren jendeekiko harremanean ohitu dadila komeni da. [Ikasi behar du] natura; eta berezitasunez Fisika, Natura-Historia eta Matematika jakintza arloetatik gure herriari onura ekoizteko egokienak liratekeenak' (Lobo, 1985: 499).

1770eko uztailean bere lehen tokia izan zuen, Toulouse. Gero, hiru urte betetan, Foixko Konderria, Burdeos, Paris, Lieja, Amsterdam (burdin eta ikatz meategiak bisitatu zituen), Leyden, Copenhague, Philistad (mineralogia-ikastaroa bertan jarraituz), Estocolmo (bertako Zientzia Errege Akademiako kide izan zen), eta Freiberg, mundu-mailako meatzaritza-ikastegi gorena, etorri ziren. Geroago, Munibe, 1773an meategietan erabilitako makinez arduratu zen, bere interesgunea Sajonia akademikotik Viena ikasira aldatuz, austriar inperioaren meategi eta fundizioak -bere aburuz- germaniarrenek baino hobeak baitziren.

Peñafloridak bidai hori antolatu izanak egikari batzuekin zerikusia du: alde batetik, gainbehera zegoen euskal meatze-industria eta burdinolak onik ateratzeko baliabide teknikorik aurreratuenez baliatzea erabat beharrezkoa -eta premiazkoa- zenarekiko Baskongadako kideek partekatzen zuten asmoa, eta horretarako, europar meatze-gunerik garrantzitsuenetatik teknologia-praktikez argibideak lortzea, planoak burutzea, meatze-erauzketetarako makina-ereduak asmatzea, ustiaketa-modu eta eragiketei buruzko datuak lortzea, etab., beharrezkoa zen. Ardura horrek Adiskideen Elkarteak, industria-espioitzarako bidaietan Fernando VII Erregearen manupekoen erara, Ramonen esku zeregin ea ofiziala ezarri zuen.

Orain arte esandakoa horretara izan zena ondorengotik eratorri daiteke: 1772ko udaran, Ramon Freibergko Meatze Eskolan sartu zenean (egia esan, Estatu-mailan lehena izan zen), bere plana lurpeko Geometria eta meategietako mapen erabilera ikasi, zainen teoriari buruzko ikasturtea egin, meatze-mekanika eta teknologian hezi, eta fundizioaren praktika eta teoriaz jabetzea zen. Irakasle, maisu, ofizial eta fundizioko zuzendariak lagun eginaz, isilpekotzat jotzen ziren praktikak izan ezik, jakina, beste nahi zuen guztiaz oharrak jasotzerik izan zuen. Bere jardueraren agerpenik nabarmenena 1873an Baskongadaren Extractosen argitaratu zuen Freibergko meategien (Bergarara igorri zituen beste txosten, marrazki eta industria-lanabes batzuez gain) azalpen zehatz bat adieraztera zetorren idazlana dugu.

Bere eskarmentu baliotsuez geroztik -Gustaf von Engeströmen (1738-1813) ikasle bezala Upsalan edota kimika irakasleen ikasle gisa: Nikolaus Josef Jacquin (1727-1817) Vienan, eta Hilaire Rouellen ikasle (1718-1799) Parisen- europar meategi eta burdinolen teknika eta ekoizpen handiek liluratuta, Ramonek -Axel F. Cronstedten (1758) jatorrizkotik itzulitako bere Ensayo de Mineralogia lanarekin- herriaren erreforma zein oinarriren gainean eraiki beharra zegoen (oinarri hori heziketa eraginkor eta modernoan kokatzen zuen) erakutsi nahi izan zuen, horretara meatze-siderurgiaren ekoizpen-sistema (sektore horren esanahirik -bestalde, Euskal Herriaren historia ikertzen baldin badugu, funtsezkoa- zabalenean) hobetzea ahalbidetu zezan bide bat aurkitzeko.

Egun bere bidalketek -euren artean, "Laboratorio Portatil" Engeström (berarengandik metodo dozimatzailea ikasiz) bere irakasleak asmatutakotik egindako itzulpena zen Descripción e Instrucciones izenekoa eta sopletea dakarrena (garai hartan Espainian ezezaguna zen tresna zela)- Bergaran oso baloratuak izan zirena jakin dakigu; azken baten, Juan Fagesek [bere Los quimicos de Vergara y sus obras (1960), 38 hitzaldian] baieztatzen duen bezala, Munibe izan zen Estatuan kimikaren metodo analitikoa sartu zuena. Eta Ramonen garaikideren batzuk bere lanaren arlo batzuek gaitzetsi -hori bai paradoxa- egin zituzten; bereziki bere jatorrizko lanengatik baino itzulpenengatiko izan zuen zaletasuna. Bere aitak, egia esan, itzultzailearen garrantzia eta lana gutxietsi egiten zituen; aldiz, nola edo hala, itzulpenek, lehendabizi, atzerrian argitaratzen ziren azken esperientziak ezagutarazteko, bigarren, gerora norberaren lanak idazten jarduteko, eta hirugarren, intereseko arazoez jabetu eta aldi berean irakurketak eginarazi eta suspertzeaz gain oharrak idaztea zekartenaz ez bide zen ohartu.

Ramonek egindako ahaleginak, bere itzulpenen bitartez (batzuek argitaragabeak) edo 1771-1773 Extractos izenekoetan edo bere gutun-sorta ugarien bitartez argitaratutakoak, mineralogiaren jardunbide modernoak sartu baitzituen, zalantzarik gabe ohizkanpokotzat jo ditzakegu baina heziketa eta espioitza zeregintzat jo dezakegunetik zetozen, gerora etortzekoak ziren ikerketa berrietarako prestaketa bezala baliogarri izanez; jada kanpoan erabiltzen zituzten sistemak ekartzea zen, gero etxean abiarazteari -eta agian hobetzeari- ekiteko.

Urte batzuk beranduago, ikasbide kimiko analitikotik abiaraziz, Elhuyar anaiak wolframioa aurkitu izatetik aurrera, itzulpen eta espioitza ahalegin horien baliagarritasuna, inola ere arbuiagarria ez zena, zalantzarik gabe ukaezintzat jo izan zen. Beraz, -Rydenek, 1956:376 adierazten duen bezala- Ramon meatzaritzaren eraberritzaile eta zientzialari bikaina izan zitekeena esatea gehiegikeriatzat ezin jo bide daiteke. Eta zitekeen esan dugu, 23 urte besterik !! izan ez zituenean inguruabar bitxiak bitarte zirela (bere buruaz beste ??, erasoa ??) hil baitzen.