Pintoreak

Gonzalez Ruiz, Alberto Cesar

Pintore garaikidea, Haron (Errioxa) jaio zen 1948an eta txikitatik Gasteizen bizi izan zen. 1983ko urtarrilaren 23an hil zen Gasteiztik Harora bidean izandako auto-istripu batean.

Alberto Gonzalezek trebakuntza autodidakta izan zuen eta euskal esparruan nabarmentzen hasi zen hirurogeita hamarreko hamarkada erdialdean. Hasieran ez zuen bere lanak arte-lehiaketetara eta -txapelketetara bidaltzeko joerarik izan, eta arte-kolektibo eta -gremioetatik ere aparte ibili zen. Banakako lehen erakusketa Gasteizko Eder Arte galerian egin zuen, San Antonio kaleko 18.ean, 1974ko martxoan. Urte horretan bertan, abuztuan, Gasteizko Udaleko I. Pintura eta Eskultura Biurtekoan parte hartu zuen eta, handik hiru hilabetera, Donostiako VII. Euskal Pinturaren Sari Nagusian. Azken lehiaketa horretan (hirurogeita hamarreko hamarkadatik Euskadin egiten zirenen artean ezagunena) "Juana Mordo" sari berezia eskuratu zuen. Sari hori Madrilgo galerista ezagunak bere obrarako espresuki sortu eta emandakoa izan zen.

Alberto Gonzalezen pintura-ibilbidea nahiko laburra izan zen arren (gazte hil zelako), plastikaren arloan egindako ekarpena oso kontuan hartu beharrekoa da euskal artearen etorkizunean, trantsizio demokratikoaren urteetan. Aldi horretan oso jarduera handia izan zuen. 1975eko urrian Bilboko Mikeldi galerian erakusketa izan zuen, eta 1977ko urtarrilean Bizkaiko hiriburuan berriz agertu zen, Ederti galerian. Erakusketa hori Gasteizen egindako beste bi erakusketarekin batera izan zen ia: Luis de Ajuria Aretoan (formatu handiko olio-pinturak) eta Eder Arte galerian (formatu txikiak eta akrilikoak).

1978an Faustino Orbegozo Fundazioko Arte eta Giza Zientzietako Institutuak beka emandako artistetako bat izan zen eta, horri esker, dozena bat erakusketa kolektibo inguru egin zituen. Euskadiko hainbat herritan izan zituen erakusketak, hiru hiriburuak barne, baita Madrilen, Velazquez Jauregian, eta Bartzelonan, Joan Miro Fundazioan ere.

Gasteizko kultura arloan jendartean lehen aldiz agertu zenetik, joera intelektualeko pintura abstraktu mota egiten zuen. Kolore argi eta tonu ahuleko masa eta bolumenekin jolas egiten zuen batez ere: egitura kromatikoak, batzuetan mugimendu betean eta beste batzuetan orekan, koadroaren gainazal piktorikoa hartuta. Espazioa da obraren benetako protagonista, agian argiaren azterketarekin batera; horrek obrei, argi-ilunen kontrasteei esker, ezohiko arreta ematen die.

Hil zen urte berean, Bilboko Ederti galeriak hil osteko erakusketa bat antolatu zuen haren oroitzapenean, eta beste euskal artista batzuek hartu zuten parte bertan.

  • GONZÁLEZ, Alberto. Catálogo Eraskuketa 79. Pintura y Escultura, Palacio de Velázquez-Parque del Retiro, Madrid, Orbegozo fundazioa, Bilbo, 1979, 117-126 or.
  • SERRANO, Javier. "Alberto González Ruiz en Eder Arte". La Voz de España, Arabako argit., 1974ko martxoa.
  • SERRANO, Javier. Alberto González. Aventura y síntesis, in Catálogo Alberto González, Mikeldi Galeria, Bilbo, 1975eko Urriak 20-Azaroak 8.
  • VIAR, Javier. "Tres generaciones del arte vasco de postguerra". Catálogo Eraskuketa 79. Pintura y Escultura, Palacio de Velázquez-Parque del Retiro, Madrid, Orbegozo fundazioa, Bilbo, 1979, 21-24 or.