Eskultoreak

Jauregi, Koldobika

1959an Alkizan jaiotako artista gipuzkoarra. Artista autodidakta da, era guztietako material, ideia, teknika eta formak landu dituena.

Eskultore izatea "oso zaila" dela irmo esan arren, Koldobika Jauregik urte asko daramatza artearen munduan, harriak, egurrak, metalak eta hormak tailatuz. Alkizako eskultorea gaur egun, eta inongo zalantzarik gabe, Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da. Hogeita hamar erakusketa baino gehiago egin dira bere lanekin eta hamarka beka eta sari jaso ditu. Duela zenbait urte alemaniarrek Espainiako Estatuko hamar artista garrantzitsuenen artean sartu zuten.

Hasiera batean errealismorantz jo bazuen ere, azken urteetan bere obraren ezaugarri nagusia abstrakzioa da. Jose Javier Fernandez arte-kritikariak hau idatzi zuen Donostiako Kur Galerian ospatutako erakusketaren katalogoan:

"Bere lengoaia garbiketa-prozesu batera eraman du (ekialdeko pentsamolde eta estetikaren eraginpean). Hala, forma eta lerro kopurua murriztu ditu eta pixkanaka, motel baina etengabe, ikur bilakatu dira, egun Jauregiren lengoaia berria osatzen duten ikurrak. Bere azken lanetan erreparatzen badugu, nabarmendu dugun eboluzio- eta garbiketa-prozesu horretan jarraitzen duela ikus daiteke. Ildo horretatik, material eta ehundura berriak barneratzeaz gain (egur-erliebea, xafla metalikoak) eraikuntza eta konposizio berriak (triptikoak, sabaitik zintzilik dauden burdinazko eskulturak) ere barneratu ditu. Eraikuntza eta konposizio horietan, orain arte jorratu dituen lengoaiak alde batera utzi gabe (erakusketan azkenaldian egindako irudi-sorta bat barneratzen du, itsasoko olatuei buruzkoa) argi uzten du bere eboluzioa eta etorkizuneko lanak fase berri batean kokatzen direla, gogoeta eta barne-begirada ezaugarri dituena"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1996tik 2000. urtera Düsseldorfeko (Alemania) Insel Hombroich Museoan finkatu zen, beste artista alemaniar batzuekin batera: pintoreak, eskultoreak, konpositore eta musikagileak batu ziren "Artea Naturaren paraleloan" izeneko esperimentuzko proiektu baten barnean. Itzuleran "Zurezko eskulturgintza" izeneko ikastaroa eman zuen CAC Bilbao Arte delakoan.

Bere ibilbidean zehar asko izan dira eskuratu dituen sari eta bekak: 1978an Lehen Saria jaso zuen Donostian ospatutako IV Certamen Juvenil de CAP delakoan eta hiri berean ospatutako Certamen de Artistas Noveles de Gipuzkoa izenekoan Lehen Saria jaso zuen 1984. eta 1985. edizioetan. 1986an Eusko Jaurlaritzaren bidaia-boltsa batekin Bulgariako Nazioarteko Symposium batera bidaiatu zuen eta 1987an Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Sormen Beka bati esker, Italiako Carrara herrira jo zuen. Han urtebetez aritu zen lan egin eta ikasten. Hurrengo urteetan aipatu foru instituzio horren eskutik laguntza gehiago jaso zituen (1989 eta 1990). Eduardo Chillidaren eskutik Zabalaga Beka jaso zuen 1990. urtean eta urtebete beranduago, 1991n, laguntza bat jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren lan-proiektu baterako.

Hainbat lehiaketa eta sariketetan parte-hartze aktiboa izan zuen: 1985ean Zarautzen ospatutako "Nazioarteko Eskultura I. Symposium" delakoan; 1986an "Nazioarteko Eskultura II. Symposium" lehiaketan Arrasaten; Bilboko "Euskal Artisten Lehen Aretoan"; Ferrolen "Concurso de Grabado Máximo Ramos" izeneko lehiaketan; Zamoran "Muestra Ibérica de Escultura" izenekoan eta, horrez gain, egurrez landutako Zaldi I obra egin zuen Yasna Polianan (Bulgaria) ospatu zen "Nazioarteko Eskultura V. Symposium" lehiaketan aurkezteko; 2002an zurezko eskultura bat egin zuen Fuerteventurako Puerto del Rosarion ospatutako Nazioarteko Symposium delakoan aurkezteko eta 2004an zurezko beste eskultura bat aurkeztu zuen Bartzelonako "II Symposium del Alto Penedés" delakoan.

1989an bakarkako lehen erakusketak antolatu zituen Bilboko Vanguardia Galerian eta Errenteriako Xenpelar aretoan. Horien ostean etorri ziren hauek: Donostiako San Telmo Museoan jarritako erakusketa, "Basoko mamuentzat" izenekoa (1991); Donostiako Olaetxea Galerian paratu zuena (1992 eta 1994); Bilboko Rekalde Aretokoa (1994); 1999an Alemaniako Koloniako Baukunst Galerian antolatu zuena eta 2001ean Bilboko Juan Manuel Lumbreras Galeriakoa.

2002an bere obra jarri zuen erakusgai Donostiako Ekain Galerian "Oro y Negro" izeneko erakusketa baliatuz eta, gauza bera errepikatu zuen Bilboko Juan Manuel Lumbreras Galerian "Oro y Negro II" izenburupean. Urte hartan bertan eta Donostiako INASMET Fundazioaren 40. urteurrena ospatzen zela probestuz, "Prozesuaren estetika" izeneko erakusketa antolatu zuen hartako egoitzan. Erakusketa horretan berriki egindako burdinazko piezak ikus zitezkeen duela orduan 25 urte sortutakoekin batera. Orduan eskultoreak mugimenduan zen giza gorputzaren anatomia aztertzen zuen oso ikuspuntu berezi batekin. Erakusketan paratutako piezen artean Yunke obra aurki daiteke, bi urte lehenago Inasmet Fundazioarentzat egin zuena modu iraunkorrean paratzeko. Garai hartan teknologia-zentroaren eta artistaren artean sortu zen harremanak fruitu berriak eman ditu orain:

"Asko interesatzen zitzaidan proposamen hori, izan ere, ekimen pribatua da eta ez instituzio publikoek egindako ohiko eskaera. Alemanian izan nintzen bost urteetan ikusi nuenez, han ohikoa da modu horretako ekimena eta gurean pixkanaka hedatuz joango da. Artistak askatasun gehiago du estatuarentzat edo elizarentzat egindako ohiko lanaren aldean"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Urtebete beranduago Donostiako Arteko Galerian jarri ziren erakusgai berak egindako berrogei obra. Obra horien artean burdinazko eta zurezko eskulturak, marrazkiak, collageak, behe-erliebeak eta obra grafikoa aurki zitezkeen. 2004an bere obra aurkeztu zuen Ordiziako Barrena Kultur-etxean eta Donostiako Ekain Galerian (Lau eskultura paratu zituen San Vicente elizan, zurezko, harrizko eta burdinazko eskultura handiak, elizaren ingurunearekin bat egin dutenak eta nolabaiteko sinbolismo erlijiozkoa dutenak, guztiak osotasun izaera hartzen du, eskultura-multzo banaezina). Halaber, urte hartan Donostiako Kur Galerian jarri zuen bere obra ikusgai:

"Kur galerian artistak sartzen dituen berrikuntzen artetik, azpimarragarria da Jauregik zenbait xaflatan ez duela tintarik gaineratzen eta, horrez gain, adierazgarri dira hondoa erreta edo marraztuta duten burdinazko xaflen bidez egindako Ateak. Erakusketan gutxi gorabehera hirurogei obra paratzen dira. Horien artean kodizez eta basoari buruzko ikuskizunez osatutako zenbait grabatu barneratzen ditu Alkizako artistak" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). "Bilketa-garaia egokitzen zait orain. Figurazioa eta abangoardia abiapuntutzat hartuta, baztertzearen baztertzeaz, nire bidea urratu dut. Anonimotasunaren artearen aldekoa naiz. Atsegin ditut egiletasun jakinik gabeko obrak. Agian ekialdeko ikuspegia izango da hori. Ez zait ikuskizuna interesatzen ,ez zait egungo telebista interesatzen, ezta doako indarkeria ere. Dagoeneko aspertu naiz kontu horiekin. Nire bidea jarraitzen dut eta beste kulturekin komunikatzea ahalbidetzen duten gai unibertsalak ditut mintzagai" nabarmentzen du Koldobika Jauregik "arteak beti iraungo" duela aipatzen duen bitartean.

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1985ean "Última generación" obra aurkeztu zuen Donostiako Kutxa Postalean, Cuencan, Teruelen eta Bartzelonan; 1986an, Donostiako "Amnistia Internazionalaren 25. urteurrenean" Donostiako Kutxa Postalean eta Yasna Polainako (Bulgaria) "5. Symposium Nazional" delakoan erakutsi zuen bere obra. 1988an Donostiako San Telmo Museoan "Euskal eskultore gazteak" izenekoa ospatu zen eta hartan parte hartu zuen alkizarrak eta, horrez gain, "Frankismoko biktimaren omenaldiko erakusketan" ere parte hartu zuen. Azken hori Frankismoko Biktimen aldeko Omenaldi Elkarteak eta Donostiako Udalak antolatzen zuten eta Donostiako San Telmo Museoan, Zaragozan eta Sevillan ospatu zen; urtebete beranduago On Diseño aldizkariaren hamargarren urteurrenean parte hartu zuen Bartzelonan.

Horren ondotik erakusketa kolektiboak etorri ziren, horien artean hauek nabarmen daitezke: Nizan (Frantzia) ospatutako Jonction International Art (1990); urtebete beranduago "Sorkuntza artistikorako Uztaro bekak 1987-1990" Donostiako Artelekun (1991); "Arte 80" Donostiako San Telmo Museoan eta "Meditaciones Barrocas" Azpeitiko Loyola'91 ospakizunaren barnean. 1995ean "Senderos" Donostiako Olaetxea Galerian Juan Luis Baroja Collet, Jose Zugasti, Gabi Ramos Uranga eta Alejandro Tapiarekin (Galeriak Obra Grafikoari buruzko Karpeta bat editatu zuen artisten obrez osatua) eta 1999an Würth Museoak "Espainiako Artea Mende Amaieran" izenburupean antolatutako erakusketan aukeratu zuten beste batzuekin batera. Hala, Eduardo Chillida, Antonio Saura, Antoni Tapies, Manolo Valdes, Miquel Navarro, Luis Gordillo, Alfonso Albacete, Alberto Corazon eta Blanca Muñozekin batera agertu zen alkizarra Alemaniako Kúnzelsau herrian. Gainera, Okupgrafek antolatzen duen erakusketan parte hartu zuen:

"bertan grafikoaren mundua begirada zabal eta konplexu batekin behatzea proposatzen du. Erakusketan artistek eta industriek egindako lanak tartekatzen dira. Honatx artistek erabilitako teknikak: grabatua, serigrafia, litografia, xilografia, fotograbatua eta laser bidezko inprimatzea. Bestalde, industria edo instituzioek material eta teknika ugari aurkeztu zituzten: zirkuitu elektroniko inprimatuak, kalkatze bidezko sistema erabiliz apaindutako ontziteriak, transferdun elastikoak, zigiluak, kartak, serigrafia-prozesuz apaindutako altzariak, kartelak, etab."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bere obra Euskal Herriko erakusketa kolektibo askotan jarraitu zen erakusten eta, batez ere, Alemaniako hirietan: 2000. urtean: "Koldobika Jauregi eta Elena Cajaville" Donostiako Ekain Galerian, Tenerifeko Antonin Artaud Adierazpen Garaikidearen Liburutegian, "Elkartasun Eguna 2000" Bilboko feriako 5 zenbakidun pabiloian (pinturak, grabatuak eta eskulturak), Donostiako Arteko Galerian parte hartu zuen eta baita Frankfurt (Alemania) hiriko Liburuaren Ferian ere; orobat, Madrileko Estanpa arloko Arte Grafikoaren Ferian parte hartu zuen eta Bodenburg jauregiko "Arka" erakusketa kolektiboan ere izan zen (Alemaniako Kunstverein Band Saldefuth delakoak antolatutako erakusketa horretan besteak beste parte-hartzaile hauek izan ziren: Horst Antes, Eduardo Chillid, Magdalena Jetelova, Donrad Klapheck, Richard Iong... ).

2001ean Debako Arte Eskolako Mikel Campok koordinatutako "Eskultura obra seriatu modura" izeneko erakusketan parte hartu zuen. Han, orduan, Euskal Herriko eskultura seriatuaren barnean ziren obren erakusgarri txiki baina adierazgarria aurkeztu zen. Modu horretan, artearen barnean hain ezaguna ez den eta egunez egun gero eta zale eta bildumagile gehiago dituen eskultura mota hori jendartean zabaldu eta ezagutarazi nahi zen. Erakusketa Eibarko Portalea Aretoan jarri zen ikusgai. Urte berean "Donostia en Gráfica x 12" izenekoan parte hartu zuen Donostiako Arteko Galerian (erakusketa horretan hamabi artista ezagunek Donostiako hiria islatu zuten beren obretan. Erakusketa horretan hiriari buruzko ikuspuntu ezberdinak, gogoeta anitzak, ikus zitezkeen. Horretarako, artista bakoitzak nahi zuen teknika grafikoa hautatzeko aukera izan zuen. Hala, akuaforte, litografia, xilografia edo serigrafia bidez egindako obrak ikus zitezkeen (D. Herbert, R. Urrutikoetxea, D. Salazar, E. Chillida Belzunce, N. Ushijima, Belmonte Rocandio, J. Herrero, Baroja Collet, P. Aguilar, A. Izura eta Artola izan ziren alkizarrarekin batera parte hartu zutenak). Donostiako Ekain Galerian obra seriatua ardatz hartuta egindako erakusketa kolektibo batean ere agertu zen alkizarra Eduardo Chillida, Antoni Tapies eta Manolo Valdes alboan zituela.

Aipatu bezala, bere obra hainbat erakusketa kolektibotan jarri zen ikusgai. Hala, 2002an Bilboko Epelde & Mardaras Galerian "Hamar urte hamar artista" izenburupean egindako erakusketan ere agertu zen Jauregi (J.C. Eguillor, J.L. Goenaga, S. Iñurrieta, G. Jauregui, J. Mieg, F. Ramirez Escudero, I. Ugalde, J.L. Zumeta eta R. Zuriarrain zituen orduan erakusketa-kide) eta baita Arteko Galerian "Estanpa 2002" izenburupean egindako erakusketan ere. 2003an Donostiako Arteko Galeriak Koloniako (Alemania) Kunstkoin ferian parte hartu zuen lehen aldiz "Euskal Eskulturak Alemanian" izenburua zuen ekimenarekin. Ekimen horretan Jauregiren eskulturak aurkeztu ziren beste egile batzuen lanekin batera (besteak beste, E. Chillida, E. Asins, A. Nagel, D. Salazar edota N. Ushijima). 2004an BBKren Kultura Aretoan ospatutako "Ibilarte" erakusketan parte hartu zuen Bilbon eta "Grafikoa eta originala" izenekoan Arrasaten (Zumeta, Chillida edo Goenaga aipatu behar dira erakusketa horretako beste artista batzuen artean).

1989an ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Ferian parte hartu zuen Madrileko Vanguardia Galeriaren eskutik. 2001eko edizioan ere izan zen Koloniako (Alemania) Baukunts Galeriaren eskutik. 1990ean Nizako (Frantzia) Art Jonction International Arte Garaikidearen Nazioarteko Ferian izan zen Madrileko Vanguardia Galeriarekin. 2000. urtean Donostiako Arteko Galeriari esker, Frankfurteko (Alemania) Liburuaren Ferian izan zen eta 2000., 2002. eta 2004. urteetan Madrileko Estanpa arloko Arte Grafikoaren Ferian. 2003an Koloniako (Alemania) Art Brut eta argazkilaritzaren Edizioen Nazioarteko Ferian izan zen Arteko Galeriaren eskutik eta urte berean Lisboako (Portugal) Artearen Ferian nahiz Murska Sobotan (Eslovenia) ospatutako eskala txikiko eskulturen Europako Trienalean izan zen.

1982an berak diseinatu zuen Donostiako Hipodromorako kartela; 1988an Tolosako Udalak Euskalherria Plazako arkupeetako sabaian mural batzuk pintatzeko lau artista hautatu zituen (Jauregik 240 metro koadro pintatu zituen euskarri sintetiko gainean); 1998an, Lemoako Udalak eskatuta, Lemoako Peña Harrobia birgaitzeko "La Memoria de la Montaña" proiektua gauzatu zuen. Gainera, Doña Casilda Iturriza Parkeko kioskoa berritu eta handitzeko proiektuan ere parte hartu zuen Monica Martinez de Musitu eta Javier A. Muñoz de Bilbao arkitektoekin batera. 2002an Cabildo de Fuerteventurak eskatuta "Homenaje a Chillida" izeneko eskultura-multzoa gauzatzeko proiektuan parte hartu zuen. Koldobikak horrela deskribatzen du bere obra:

"Obra nahikoa handia eta konplexua da eta kokapenarekin eta indusketekin lotutako zenbait alderdi daude zehazteke. Proiektua kongresu-jauregiaren alboan paratzen da. Obra hormigoizkoa izango da eta galtzadarri zoladura gainean egingo da. Plaza 1.200 metro koadrokoa da eta eskultura hamasei metro luze da eta hogeita hamar metro zabal. Itsasoarekin besarkatzen den erlijio-espazioa da..."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Gainera, Koldobika Jauregik bide publikoko zenbait eskultura egin ditu: 1984an Negro de Markina materiala erabiliz egindako eskultura Donostiako Martutene auzorako; 1990ean brontzea eta hareharria erabiliz egindako eskultura bat Homenaje al Compositor Pablo Sorozabal izenekoa, Debako Santiago hondartzan jartzekoa; 1994an Formas en crecimiento izeneko eskultura-multzoa Lasturko gris dukesa koloreko kareharriz egina, Eusko Jaurlaritzak eskatuta Donostiako Intxaurrondo auzoko plaza batean kokatzeko; 1995ean Baserriaren barneko zuhaitza eskultura egin zuen haritzaren egurra erabiliz, Legorretako Udalaren fatxadako balkoirako; 1999an Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasturko gris dukesa koloreko kareharriz egindako Zalduna eskultura eskuratu zuen Idiazabalen, Donostia-Gasteiz autobian, paratzeko eta, horrez gain, Eskulturako Nazioarteko Awaji Yumebutai Lehiaketarako (Hyogo Perfecture, Japonia) eskultura bat egiteko aukeratua izan zen; 2000. urtean burdinazko Yunke eskultura egin zuen Donostiako Miramon Teknologia Parkean dagoen Inasmet Fundazioaren egoitza berrian kokatzeko eta Memoria Arbórea eskultura-multzoa gauzatu zuen Bilbao Ria 2000 elkarteak Barakaldon paratzeko eskatuta.