Marinelak

Aguirre, Juan Francisco de

Itsasgizon eta geografo nafarra. Donamaria, 1756 -Cabaga (Asturias), 1811-02-?.

Juan Franciso de Aguirre ez zen zientzigizona izan hitz horren egungo esanahian, batzuetan -nolabaiteko arrakastaz- geografia, física eta astronomiari dagozkion arloetan behintzat izaten ahalegindu zen arren. Biografia sorta honetan aipatzen bada "Mundu Berria"-ren esplorazioari zientzia hurbiltzeko Euskal Herriaren historian izan den, egun ea ezezaguna den arren, adibide nabarmen eta interesgarrienetariko bat izatera datorrelako da.

Sendia noble bateko kide (itsaso-armadan ikasi ahal izateko baldintza zen), Aguirre 1772an itsaso-armadan sartu zen, bertan ikasketak eginaz, geografia eta matematiketarako -hasiera hasieratik- bere gaitasunagatik nabarmenduz. Egitez, itsaso-armadako guardia lanpostua eskuratu zuen, eta Jose de Mazarredorekin batera, Filipinar Irletarako espediziorako Rosalia fragatara bidalia izan zen. Bidaian zehar ilargi-distantzien metodoaren bitartez itsasoaren luzera asmatzeko arduradunak izan ziren, lan horregatik kondekoratuak izanik.

Itzuli ondoren, 1775ean, alferez lez Mediterraneoko eskuadrara igorri zuten, bertan militar-kanpaina batzuetan parte hartuz: itsaslapur musulmanek jazarri zituen, Argeleko lehorreratzean eta baita Gibraltarreko setioan ere parte hartu zuen eta 1781ean ingelesen ontzidiaren aurka borrokatu zuen. Mediterraneoko bere kanpainetatik guda-merituak eta ontziko teniente titulua izan zituen.

Aurkeztu zitzaion hurrengo aukera, zientzia-izaeradun espedizioan parte hartzekoa izan zen. Zioa, Brasilen mugarekin ziren gatazkek zirela eta Portugaleko koroarekin mugak zehaztu zitzan batzorde bat eratzea zen; batzordekideei eman zitzaien ardura "la observación del curso de los ríos, el estudio de la naturaleza y la fertilidad de las tierras, el trazado de un mapa exacto...y la realización de estudios estadísticos sobre la población y economía" izan zen. Aguirre izan zen, bere itsaso-zientzia eta ikastun izaera eta baldintzengatik,hautatua. 1782an Jose Varela eta Ulloaren agindupean Lisboatik Janeiroko Ibaira abiatu zen. Bertan oharrak jaso eta iturburuez baliatu zen, baina tokiko kronikalariekin ere harremanak sortu zituen: Ruy Díaz de Guzmánen urretik izan zen, Paraguay eta Argentinarekiko bere kontakizunengatik bereganako sakoneko miresmena agertuz.

Batzordekide izendatu ondorengo hamabi urteetan zehar, Felix Azara-ren agindupean, Aguirrek plano eta mapak jaso zituen, lehendabizi Brasilen eta 1796tik aurrera Buenos Airesen, Rio de la Plata itsas ertza esploratu zezakeen berebiziko tokia baitzen, bere erreka barrenen ikuskapena eginez, eta geografia-, historia- eta politika-arloko xehetasunak neke-gabe bilduz. Bere etorreratik aurrera bere lanei buruzko erakusketa idazteari ekin zion, 1793an Diario izenburupean bildua izango zen eskuizkribu-bilduma handia osatuz (lana Historiarako Errege Akademian, bertako kide izan zen, aurkitzen da). Lanak izan zituen arlo zabalen jakitun izan gaitezen, Brasil, Paraguay eta Uruguayko geografia fisikoari, historiari eta politikari buruzko datuak azaltzen ditu; hiru alez osatuta dago, ohar-koadernoa eta osagarri bat. Bere eskuizkribuen artean gai iradokitzaile hau dugu: Discurso histórico del descubrimiento, población y conquista de las Provincias de la nueva Vizcaya comúnmente llamadas del Río de la Plata.

Behin itzulita, espainiar koroa itsasgizon nafarra haren gaitasuna estimatzen hasi zen. 1798an Gaztelako Kontseiluak bere lanak onetsi eta gorazartu egin zituen, beste zientzia ikerketa batzuetarako batzordekide izendatuz. Gero, jarrai arinean, bigarren komandante (1800), ontzi-kapitaina (1805) eta Cavadazo artilleria-olatako zuzendari karguak iritsi zitzaizkion. Zientzia-Batzordean, berariaz, Espainian ezagunena izango zen bere lorpena burutu zuen (baliogarriena dena argi ez badago ere): espainiar geografiako toki desberdinetan luzera eta latitudearen zehaztapena. Bere Elementos de la geografía...de España y Portugal (1815) lan aipagarrian, Isidoro de Antillónek jakintza handiz, nolabaiteko goraipamenez, bere ekarpenen baliagarritasuna adierazi zuen, eta espainiar geografiaren ezagutzari zer-nolako ekarpena egin zion ere. Aipagarria da bere pasarterik interesgarrienetariko batzuk adieraztea:

"A nadie debe más la geografía astronómica del interior de España que al Excelentísimo Sr. D. José de Mazarredo y al capitán de navío D. Juan de Aguirre... [Aguirre] ha establecido la situación astronómica de todos los pueblos de las carreteras de Madrid al Ferrol, a Burgos y Santander por Somosierra, y a Cádiz, con otras varias en las montañas de Castilla y principado de Asturias; determinando su latitud por alturas tomadas con un círculo inglés de reflexión, y la longitud por el estado y movimiento de un relox marino."

Aguirre Santa Marian (Asturias), Napoleonen gudan zehar hil zen, 1811ko otsailean.