Arkitektoak

Iñiguez de Onzoño, Felix eta Jose Luis

Anaia arkitektoak, Bilboko Zazpi kaletan jaioak, biak ere ibilbide profesional luze eta oparokoak.

Félix Iñiguez de Onzoño Angulo Bilbon jaio zen 1922ko azaroaren 17an. Bertan, Santiago Apostol ikastetxean batxilergoa ikasi zuen; gerra zibila zela-eta, maristen Logroñoko ikastetxean, josulagunen Indautxuko ikastetxean eta, azkenik, Bilboko Unamuno Instituto Nazionalean ikasi zuen. 1939an Madrilera joan zen, eta 1943ra arte Zientzia Zehatzak ikasi zituen Unibertsitate Zentralean. Urte horretan zerbitzu militarra egin zuen Bartzelonan, eta ondoren, 1943-1945 bitartean Bartzelonako arkitektura eskolan ikasi zuen. 1950ean ezkondu zen Mary Ramírez Escuderorekin, eta lau seme-alaba izan zituzten, euretako bi arkitektoak. Urte berean lehiaketa bidez Getxoko udal arkitekto izatera pasa zen. Zazpi urte beranduago Deustuko Udal Etxebizitzen lehiaketan 3. saria irabazi zuen bere anaia José Luis eta Pedro Massieurekin lankidetzan. Geroztik Bizkaia eta Madrilen jardun zuen lanean José Luis Iñiguez de Onzoñorekin lankidetza oparoan, baita beste zenbait arkitektorekin ere zenbaitetan. Urteotan Etxebizitza-multzo, etxebizitza kolektibo eta bizimodu bakarreko etxebizitzetarako proiektuetan eta zuzendaritzan lan egin zuen, baita eskola, bulego, kirol elkarte, industri eraikin eta merkataritza-lokalen inguruan ere. 1959an Toki Administrazioko Azterketen Institutuaren 20,000 biztanletik gorako herrien Hirigintza Azterketen lehiaketan 3.saria lortu zuen Getxon. Anaiarekin batera eraikitako Estrauntza eraikinak, beren ibilbideko esanguratsuenetakoak, Euskal Herriko Arkitektura Eskola Ofizialeko (EHAEO) "Pedro de Asúa" saria jaso zuen 1965ean. Urte berean, Bizkaiko Unibertsitate Autonomoaren Lehiaketa Nazionalean, Emiliano Aman Puente eta José Luis Iñiguez de Onzoñorekin lankidetzan 3.saria eskuratu zuen, baita Madrileko Espacio eraikinarekin ere, Juan Daniel Fullaondo eta anaiarekin batera. Carlos Lázaro eta Ángela Grijelmorekin lankidetzan, berriz, Akzesita lortu zuen Barakaldoko Lasesarre Kiroldegian. 1971an, berriz ere anaiarekin, Sociedad Bilbaínaren aisialdirako landetxea egiteko (Laukariz) lehiaketa nazionalean lehen saria eskuratu zuen, eta hurrengo urtean ere Arabako Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko Zentroetarako lehiaketan lehen saria. 1983-1989 urteen bitartean Madrilgo Sollube eraikin nabarmena eraiki zuen anaiarekin lankidetzan. Hainbat urtetan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren lehendakaria izan da, eta egun ere arkitekto lanetan dihardu.

José Luis Iñiguez de Onzoño Angulo 1927ko uztailaren 4an jaio zen Bilbon. Honek ere anaiaren ikastetxe berean, Bilboko Santiago Apóstolean ikasi zuen, baina ondoren Madrilgo Arkitektura Eskolara (E.T.S.A.M.) joan zen arkitektura ikastera. Eskola berean Doktore Arkitektoa egin zen 1955ean. Urte berean Madrileko Quintana sektorea eta plaza antolatzeko lehiaketan, Antonio Vázquez de Castrorekin lankidetzan, lehen saria irabazi zuen, eta era berean Madrileko Norte Plazarako lehiaketan, 1956an. Geroztik anaiarekin batera hainbat proiektutan lan egin zuen, lehenago aipatu bezala, eta 1965ean EHAEOko "Pedro de Asúa" saria jaso zuen Estrauntza eraikinarekin. Garaiko beste hainbat arkitektorekin elkarlanean aritu zen: Antonio Vázquezekin batera, NBEk Limako (Peru) Etxebizitzen P.R.E.V.I. lehiaketarako aukeratu zuten 1969an. 1979an, Juan Daniel Fullaondorekin lankidetzan Burgoseko Arkitektoen Elkargoaren egoitzarako deitutako lehiaketan 2.saria eskuratu zuen. 1985ean, berriz, Fernando Pardorekin batera lan egin zuen, Salamancako auditoriorako lehiaketan 2.saria eskuratuz. 1988 urtearen amaieran, José Luis Iñiguez de Onzoño eta Antonio Vázquez de Castrok Madrilgo Reina Sofia Museoan hainbat eraldaketa egin zituzten, beira eta altzairuzko igogailuen dorreak nabarmendu daitezkeelarik, Ian Ritchi arkitekto britainarraren laguntzarekin diseinatuak. Madrilgo Udalaren Hirigintza, Arkitektura eta Herri Lan saria lortu zuen 1990ean, M.N.C.A.R.S.ren birgaitzea zela-eta, eta 1997an Akzesit saria eskuratu zuen Barajaseko Aireportuko bidaiarientzako terminal berrirako lehiaketan, Jesús Velasco eta T.Y.P.S.A.rekin batera. Bestalde, 1980-1982 urteen bitartean E.T.S.A.V.en Proiektuak III katedraren arduradun izan zen, eta 1982-1987 urteen bitartean Proiektuak II irakasgaiaren irakaslea Madrilgo Eskolan. Jesús Velascorekin batera Berlingo Espainiar Enbaxadaren eraikinaren zaharberritzean lan egin zuen 1996-2003 urteen bitartean. Egun Bere seme Rafael Iñiguez de Onzoño Garcíarekin batera sortu zuen estudioan lanean dihardu, ibilbide oparoarekin.

Bi anaiak, ñabardura bat edo besterekin, orokorrean mugimendu modernoari atxikitako arkitektoak dira, batzuetan "erregionalismo kritikoa" deiturikoaren ezaugarri bazuk ikusarazten dituztenak. Elkarrekin egindako lanak orekaren eta osagarritasunaren adierazgarri dira. Bertan, modernotasunaren korronte abstraktuenak eta historiaren erreferentzia gogorarazleak edo metaforikoak orekatzen dira. Aipatzeko moduko testuinguruarekiko konpromisoa -eta herriarekiko konpromisoa ere nolabait- agerian uzten duten obra ugari sortu zituzten elkarrekin. Interpretazio modernoa alde batera utzi gabe, errealitate geografikoari eta atxikipen kulturalari erreparatzen diote. Hala ere, Félix eta José Luis Iñiguez de Onzoñoren lana ageriko hiru ataletan zatitu genezake: elkarrekin egindako lana eta euren kabuz egindakoa.

Bartzelonako arkitektura eskolan ikasi zuen Félixek, eta garai hartan eskola tradizionala eta akademikoa zen. José Luisek, aldiz, Madrilgo Eskolan ikasi zuen, non hogeiko hamarkadako abangoardiaren hizkuntzak berreskuratu eta Le Corbusier, Mies, Wright, Aalto... ikasten ziren, hauek izango zirelarik bere erreferentziarik aipagarrienak. Bi eskolek, Madrilgoak eta Bartzelonakoak, bestela irekitzen dizkiote ateak arkitektura berriari. Batetik, Erdialdeko Europari gehiago dagokion arrazionalismo abstraktuaren irakurketa dugu; eta, bestetik, Italiatik hurbilago dagoen analogismo zaindua. Era berean, bestelakoak dira garaiak eta erreferentziatzat hartutako pertsonaiak, bai eta irakurritako zein bistaratutako lehen belaunaldiko arkitektoak ere.

Bakoitzak bizitako esperientziak, nortasunak eta adin desberdintasunak eragina izan dute euren interes ezberdinetan, eta gero eta argitasun handiagoz azaltzen dira denborak aurrera egin ahala. José Luisek gogo handiagoz hartu zituen Mugimendu Modernoa ordezkatu edo berrikusi zuten korronteak, Europako korronteetara egokitzeko erabakia hartu zuen arkitekto-belaunaldi berria zeukan hirian. Félix Bilbon bizi zenez, askoz ere hurbilago zegoen eskualdeko korronteetatik. Hori dela eta, askotan elkarrekin lan egin badute ere, euren lana desberdina da, sarritan bakoitzak lankide ezberdinekin lan egin baitu gainera. Félix bere lehen lanean Eugenio Aguinagarekin aritu zen elkarlanean, eta arkitekto hori zein Galíndez izan ziren Félixen bertako erreferentziarik eztabaidaezinenak. José Luis, bestetik, Madrilgo arkitekturan paso indartsuz sartu zen Vázquez de Castrorekin batera. Ñabardurek, hau da, irizpide zehatz batzuk neurri handi edo txikiago batean erabiltzeak, sortuko dituzte bi anaien arteko aldeak. Honela, José Luisek jarrera abstraktuagoa izan du ideologiari begiratuta. Félix, ordea, mediterranear kulturatik egon da gertuago forma hartzen badugu kontutan: joera handiagoa du testuinguruari eta diseinuan gauzatzen den kulturarekiko harremanari buruzko gogoeta egiteko.

Elkarrekin egindako lehen lanek berrogeita hamarreko hamarkadako nazioarteko arkitekturaren ibilbide berbera egin zuten, Bilboko Estrauntza etxadiaren kasuan esaterako (1959-1965). Lehenik eta behin, eraikinaren hiri-antolamenduak ematen du atentzioa. Bilboko Zabalgunearen etxe-irla ereduaren alineazioa abiapuntu hartuta, multzoa lau bloketan antolatzen da. Elementuak era asimetrikoan kokatzen dira, bolumen independentetan, garai hartako Mugimendu Modernoaren ezaugarri adierazgarrienen manifestu gisa, espresibitate formal eta espazialari garrantzia emanaz. Material gisa granitoa eta beiraren erabilerak, eta konposizio geometriko horizontal eta linealak bloke bakoitza erreferente arkitektoniko honen barnean kokatzen du. Etxebizitzen oinplantak eta tipologiak, baita zirkulazio elementu bertikalen inguruko antolamenduak ere, modernitate nabarmeneko egituraketa erakusten du. Estrauntza etxadia berrogeita hamarreko hamarkadako arkitektura internazionalarekiko bi anaiek zuten zaletasun intelektualaren erakusgarri da.

Hala ere, eragin desberdinak iradokitzen dituzte obra honetako ezaugarri arkitektonikoek. Ez dira ikuspegi funtzionalista eta arrazionalistara mugatzen. Eraikinaren goiko parteak, esaterako, dimentsio plastikoa eta erritmikoa sortzen du multzoaren izaera horizontala orekatuz, anaiek aurrerantzean egingo duten arkitektura herrikoiagoaren lehen keinua.

Zugazarteko (Areeta) etxebizitza-taldean (1965), esaterako, anaiek proposamen organikoagoa eta herrikoagoa planteatzen dute. Luxuzko 8 etxebizitza dira, bi bloke ezberdinetan banatuak. Diseinua dotorea da eta xehetasunak zaintzen dira. Scarparen eragina, eta honen Italia Iparraldeko eta Venetoko obrak dakartza gogora. Eraikin honek beste lan garrantzitsu batzuei bidea ireki zien, hala nola, Fosforerako etxebizitzak (1986), Suhiltzaile-etxea Tres Cantosen (1987) edo San Luiseko etxebizitzak (1998).

Euren lanak hainbat arkitektura erakustalditan bilduak izan dira. Aipatzekoak dira, baita ere, Juan Daniel Fullaondok zuzendu izan zuen "Nueva Forma" aldizkarian (1968-1975) bi anaiei eskainitako aleak.