Instrumentugilea

Íñiguez Tellechea, Buenaventura

1840ko uztailaren 14an Zangozan jaiotako organista eta konpositorea. 1902ko apirilaren 12an Sevillan hil zen.

Lehen musika-ikasketak Evaristo Vallejos organistarekin egin zituen. Pias de Sos del Rey Catolico eskoletan eta Tuterako seminarioan ikasi zuen, non laister nabarmendu zen organista bezala.

Seminarioko musika irakaslea izan zen eta Jakako Schola Cantorumeko zuzendaria. Laister joan zen Madrileko Kontserbatoriora ikastera. Eslavaren gomendapen bati esker, 1865. urtean Sevillako katedraleko organistaren lehen postua lortu zuen eta laister eskuratu zuen ospea kritika eta entzuleen artean, batez ere inprobisaziorako zeukan dohainari esker. Londresko Errege Akademiako eta Cataniako Belliniren Zirkuloko kide izan zen eta Sevillako Elkarte Artistikoko lehendakaria ere izan zen. Bere lan teorikoak aipamen berezia merezi dute 1871ko Método para el estudio del órgano lanak nahiz 1882ko eliz-musika ikasteko El misal y el breviario del organista lanak. Método completo de canto llano (1871) liburua ere argitaratu zuen. Garaiko organuan aditua izateaz gain, instrumentu zaharren kontserbaziorako irizpide eta ezagutzak zeuzkan. Orokorrean pertsona geldiezina zen eta liturgien erabilpen, organisten liturgia heziketa eta orokorrean instrumentuekin zerikusia zeukan guztiaren ardura zeukan.

Bere klasizismo haundiko musika ekoizpenetik, hogeita hamarren bat lan koral kontserbatzen dira organo eta orkestrarako eta beste batzuk organo eta instrumentuetarako, txistua barne. La española sinfonia idatzi zuen eta argitaratugabeko opera bat. Azpimarratzekoak dira Te Deum bat, lau ahots organo eta orkestrarekin El Eskorial-en sari bat eskuratu zuena, Misa bat lau ahots orkestrarekin, Invitatorio de difuntos bat, Norabuena lo paristeis motetea, Pequeño divertimento instrumental eta Himno a la Concepción Purísima ereserkia.

  • Guichot, J.: "Buenaventura Iñiguez". Non: Gazeta Hispanoamericana, 103, 1892, 57-9 orr.
  • Labeaga Mendiola, Juan Cruz: "Buenaventura Iñiguez, organista de la catedral de Sevilla, y su ciudad natal, Sangüesa, Navarra". Non: Revista de Musicología, XIV, 1991, 598-603 orr.
  • Sagaseta Aríztegui, Aurelio y Ayarra, José Enrique: "Iñiguez Tellechea, Buenaventura". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano. [Madrid]: Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 6. t., 451-2 orr.
  • Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan daude.