Historialariak

Gorosabel, Pablo (1803-1868)

Historialaria eta legegilea. 1803ko urtarrilak 15, Tolosa - 1868ko urtarrilak 23, Donostia.

Bere biografiari begiradatxo bat bota ondoren, bere testuinguru pertsonalean kokatzeko behar dena soilik, entsegu biografiko batek barneratzen dituen beste bi dimentsio handiei eskainiko diot arreta berezia: pertsonaiaren jarrerari, " Konstituzioa bai, foruak ere" esaldipean laburbildu daitekeena eta batez ere, bere lanari, legelari baten berezkoa dena, Espainiako Zuzenbide Zibilari eginiko ekarpenekin eta indarrean den Gipuzkoako Zuzenbide Publiko historikoaren inguruko ikerketekin.

Gorosabelen profil soziala, ondarezkoa eta profesionala familiatik datorkio. Gipuzkoar jatorria duen familia da hau, beraien oinetxea Legazpin zegoelarik, ekonomikoki sendoa, irakaskuntza eta zuzenbideko jardueretara zuzendua eta lekuko politikan gogotsu aritzen zirenak udalaren kargu publikotan lan eginez, horrela bere aitonak 1759an kaparetasun auzitan ibili zen. Bere aita izan zen Tolosan ezarri zena, alor profesionalean abokatu eta Batzar Nagusietako aholkulari gisa aritu zena. Pablo de Gorosabel gizonezko seme bakar izatean, familiako tradizioa jarraitzen du baina asmo handi eta era biziagoan, Historiarekiko interesa eta kemena berezkoak baititu.

Zazpi urtez, 1817 eta 1825 urte artean, Zuzenbideko ikasketak egin zituen Oñatiko Zuzenbideko Unibertsitatean eta 1828an Errege Kontseiluetako Abokatu titulua, Legeetan Lizentziadun tratamenduarekin, eskuratu zuen horretarako beharrezkoak ziren lau urteetako zuzenbide praktikak bere aitaren bufetean egin ondoren. Bizi osoan zehar bere jaioterrian, Tolosan, egin zuen lan abokatu eta udaletxeetako aholkulari gisa. Hirugarren alderdi profesionala judiziala da, 1835, 1840 eta 1841 urteetan bitarteko korrejidore gisa eginiko zereginetara mugatzen delarik. Azken urte honetan Lehen Auzialdiko Auzitegien ezarpenak eta emaitzarik eskuratu ez zuten Errege Auzitegietako batean togazko postu bat eskuratzeko eskaerak (1848, 1851 eta 1853 urteetan), gogoz jarraituriko karrera judiziala eragotziko dute. Bere jarduera politikoa eremu gipuzkoarrean ere burutuko du. Bere bizi guztian zehar udal-karguak bete zituen Tolosan: alkatea, teniente alkatea, alkateordekoa eta errejidorea. Interesgarriagoak dira, bere jarrera politikoaren argigarri gisa, 1834-1837 urte artean bete zuen Gipuzkoako Bigarren Diputatu Nagusi Laguntzaile postua eta baita, Foru Aldundiko erabateko krisian, 1845tik 1848ra bete zuen Probintziako Kontseilari postua. 1858ko Probintziako Artxibozain izendapena erabakigarria izan zen, batez ere bere lanean duen eraginagatik. Postu hau hil arte bete zuen. Familiako ohiturak jarraituz Gorosabelek oinordetzaz jaso zuen itzelezko ondarea kudeatu eta handiagotzeaz arduratu zen eta era berean handiagoturik igorri zuen baserri, etxe eta ogasun higigarri zabal batez osatua.

Pablo Gorosabelen ibilbide pertsonal, ekonomiko eta profesionala bere arbaso eta joera politikoekin (bere jarrera juridiko eta historikoen sorburu direnak) uztarturik daude. Honako hau bere garaiko testuinguruan soilik uler daiteke, gure pertsonaiaren bizi politiko eta sormen juridiko garairik aktiboena XIX. mendeko lehen erdialdeko foruen aldeko borrokaren unerik gorenean kokatzen baita, hain zuzen, 1830 eta 1850 urteen artean. Aldaketen eramaile eta etorkizunaren ikur gisa erakusten diren ideia liberal eta iraganean sustraituak dauden foru erregimenen artean, Gorosabelek erdiko bidea aukeratzen du, sinkretismoarena, bataren eta bestearen iraupenarena. Bere esfortzuak doikuntza hau defendatzera zuzentzen dira.

Eraikin liberala sostengatzen duten oinarri funtsezkoen aldekoa da: gizabanakoaren askatasuna eta berdintasun juridikoa, herritarren interesen defentsa eta nolabaiteko antzinako erregimen absolutuaren estamentuen arteko ezberdintasunen aurrean. Honela, mendeetan zehar indarrean egon den esparru politikoa, erakundeen bidez askatasuna eta berdintasuna bermatzen duten konstituzio politiko berri bategatik ordezkatzen da. Konstituzio politiko horren lurraldekotasunaren inguruan ere ez du dudarik egiten, bakarra izan behar delarik. Hau da, monarkiarekiko leialtasunaren bidez lantzen zen elkartasuna (zin egin eta ituna gauzatu zen garai eta modua alde batera utziz) orain aurreko erregearen menpe ziren hiritarrek adosten dituzten oinarriengatik mantentzen dira. Joera liberal horren barruan, beste gai politikoak alde batera utziz, zaila da Gorosabel mugimendu batera edo bestera atxikitzea nahiz eta 1837ko erregimen aurrerakoia Errege Estatutua baina hobeto egokitzen den bere ideietara.

Hala ere, erregimen horrek beste jarrera politiko batzuetan huts egiten dio, sistema foralaren aldekoak, boteretik zetozen jokabide batzuk kalte egin ziotelarik. Gorasabalen ustetan zentzugabekeria da mendeetan zehar gipuzkoarrei legearen aurrean eskubide zibilak eta berdintasuna bermatu dien erakunde foralak aldatzea. Espainiako lurralde guztien batasun konstituzionalak ez du berdintasun instituzionala, politikoa, administratiboa eta judiziala justifikatzen, beharrezkoa den kasuetan soilik, hau da, oinarri konstituzionalak babesten dituen erakunde egokiak ez daudenean. Honako hau ez da Gipuzkoaren kasua, non politikoki kaltegarri izan daitekeen.

Gorosabelen pentsaeran, behin eta berriz bere lan historikotan adierazia, ez dago konstituzio eta foruen arteko kontraesanik, horra hor Gipuzkoako Diputatuek Gortean erakutsiriko jarrera ona, Cadiz-koa zin egin eta defendatu zutelarik. Ez dago kontraesanik adierazpen berria duten ideia liberal eta etiketarik gabeko, tradizionala eta praktikoa den gipuzkoarra bezalako liberalismo baten artean.

Erakunde foralen defentsa honek ez du oztopatzen erregimen liberalaren erakunde berrietan bere parte hartze politikoa. Honela 1845ean Gipuzkoako Probintzi Kontseilari postua onartzen du, hiru diputazio euskaldunek, Probintzi Kontseiluak probintzi foraletara zabaltzea oztopatu nahi zutenean. Bere jarrera izaera praktikoa duten argudioekin defendatzen du. Erakunde tradizionalen krisia onartzea, hauek burutzen zituzten konpetentzi sekularren pixkanakako gainbehera eta momentu hartan zentzu ona zirudienaren alde agertzean zetzan helburua, foruen erabateko moldaketa sine die atzeratuz, 1839rako hitzemana zegoena eta Gipuzkoan 1841ean ezarria, eraikin judizial berriak, antolakuntza forala errotik ateratzea supostu zuen, lehia judizialak alkateetara hurbilduz eta Zuzenbideko auzitegia ezabatuz.

Ikuspuntu ideologiko honen menpean Gorosabelen lan sortzailea proiektatu behar da. Bi lan moten sortzailea da hauek bere bizitzako bi garaiekin bat egiten dutelarik: bata, juridikoak zehazki, indarreko Zuzenbideari zuzendurikoak, lehen garai batean egiten dituenak, eta bigarrenak, bera hil artekoak, jatorri historiko edo eta historiko-juridikodunak.

1832 eta 1846 urteen artean Zuzenbide Zibileko hiru lan idatzi eta argitaratzen ditu:

  1. Redacción del Código Civil de España, esparcido en los diferentes cuerpos del derecho y leyes sueltas de esta nación, escrita bajo el método de los códigos modernos (Tolosa, 1832),
  2. Examen de los principios del Derecho Civil español (Tolosa, 1834),
  3. Código Civil de España. Redactado con las disposiciones vigentes de los diferentes cuerpos del derecho y leyes sueltas de este reino, publicadas hasta el año de 1845 inclusive (Tolosa, 1846).

Lan pribatuak dira, inongo betekizun zehatzei erantzuten diotenak, autoreak bere abokatu lanean nabarmentzen dituen beharrei erantzuteko, Europan teknika juridiko alorrean zeuden berrikuntzen ezagutzagatik, bere ideia liberalegatik eta laburbilduz jurista gisa duen egonezinaren ondorioz sortzen direnak baizik. Argitalpena Gorosabelen esku egon zen eta honela 1841an eginiko ezkontza-hitzarmenean, garai horretan argitaraturik zeuzkan bi lan horien salmentak ekarpen gisa barneratzen zituen etxeko gastuen artean. Identitate historikoaren ikuspuntutik, kodifikazio espainiarraren prozesu konplexukoa da.

Hiru lanak elkarren arteko harremana daukate eta benetan denboran banandurik dagoen lan bakarra osatzen dute, egoera honek aldaketa eta eguneratze gaietan dakarren guztiarekin. Jatorrizko Kode Zibilaren lehen idazkerari, 1832 urtekoa hain zuzen, 1834an argitzen duen irakaspen lana gehitu behar zaio, eta 1846 aldiz, lana hirugarren obra batek osatzen du lehenengo hobetu eta eguneratuz. Laburbilduz, Kode Zibilaren proiektu bakarra da argibide laburpen bat duelarik. Sistema frantsesaren alderdi formalenen erabilera, materia juridiko gisa iturri historiko gaztelauen erabilera eta ideia liberalak ditu bereizgarritzat nahiz eta arauak egituratzen dituen kontzeptu orokor gisa ez jokatu. Hala ere batzuetan kontzeptu horren gisa jasotzen dira, jabetzaren eskubidea kasu, bere definizio eta atxikiriko eskubideak Kode frantsesetik hartzen direlarik hitzez hitz. Honela Gorosabel Cadiz-eko lerro legegilearen ildoan eta Jovellanosen sostengatuz, edozein monopolio eta jabetzaren uztarduraren aurkako agertzen da.

Kode Zibilaren proiektuaren orain arteko balorazioa desberdina da kodifikazio espainiarra begiratzen den ikuspuntu eta garaiaren arabera. Kode Zibila ez dagoen garaian edo eta bere aldarrikapenaren berehalako uneetan, bere izaera aitzindaria aintzat hartzekoa da, luzea eta zaila izan den prozesu batean erabateko Kode Zibil espainiarraren lehen proiektua izatearen meritua duelarik. Gaur egun, aberriaren ikuspuntu batetatik, zientzia juridiko espainiarrak jasandako gainbehera tamalgarria da, Gorosabel modelo bitxietan inspiratzean harturiko zuzenbide faltsuaren iturburu. Joera historiografiko berrienak kritika egiten zioten, beste lehen kode espainiarri bezala, ez Kode frantsesa imitatzen duelako baizik eta kodearen kontzeptu modernora egokitzeko ezintasunagatik, sintesi soila zen zaharrarekiko ezberdina. Honela, kode ororen funtsezko oinarriak diren metodo eta arauak, nahiz eta lehena kopiatu egin zen, bigarrenak arautegi zaharretatik hartu ziren.

Foruen ikuspuntutik Gorosabel Zuzenbide Zibilaren lurralde-unitatearen alde agertzen da, zentzu honetan bere jarrera ilustratu batena baita, pribilegio historikoen aurrean norbanakoaren batasun juridikoa eskuratzeaz kezkatuago dago lurralde batasuna ordenamendu foralen aurrean eskuratzeaz baino, ikusi dugunez, azken hauek Zuzenbide publiko alorrean iraun dezakenaren aldekoa delarik. Pragmatikoa, beti bezala, Gipuzkoako abokatu gisa erabiltzen dituen elementuak biltzen dituen kode bat egiten du, hau da, arau gaztelauak biltzen dituena. Bere helburuak atzeraezina den berdintasunezko oinarria aldarrikatzea -adiera oinarrizkoenean- eta baliagarria izatearen asmoa dira, berritzailea soilik bata eta besteari laguntzen dionaren neurrian soilik. Ikuspuntu gipuzkoarretik Gorosabelen kodeak ez zuen foruentzako inolako arriskurik suposatu izan, jakina den bezala, Zuzenbide pribatu gipuzkoarraren ohiturazko berezitasunak inoiz ez ziren idatzi, honela XIII. mendetik hemen indarrean zeuden legezko testuak Gorosabelek erabiltzen zituenak ziren, Gaztelakoak alegia. Bere kodeak askatasun zibilaren alorrean erakusten duen kontserbadorismoak aurrerakoi donostiarrak molestatu zitzakeen, ez gipuzkoarrak izateagatik, aurrerakoiak izatearren baizik, jarrera berdineko gainerako espainiarrei bezala.

Beranduagoko une historikoetan, nazionalismoaren hedapen politikoaren eta Zuzenbide Eskola Historikoaren hedapenaren ondorioz, Gorosabelek Zuzenbide Zibilean harturiko jarrera berdintzailea zigortuko da ikuspuntu foral zorrotz batetik, gipuzkoar eta euskaldun bezala benetan zena aurpegiratuz: ez jurista teorikoa, lege idatziak soilik balio zizkion abokatu praktikantea baizik.

Bere bizitzaren bigarren etapan, 1852tik 1868an hil zen arte, Gorosabelek lau lan historiko idatzi zituen:

  1. Bosquejo de las Antigüedades, Gobierno, Administración y otras cosas notables de la Villa de Tolosa (Tolosa, 1853),
  2. Diccionario Histórico-Geográfico-Descriptivo de los Pueblos, Valles, Partidos, Alcaldías y Uniones de Guipúzcoa, con un apéndice de las cartas-pueblas y otros documentos importantes (Tolosa, 1862),
  3. Memoria sobre las Guerras y Tratados de Guipúzcoa con Inglaterra en los siglos XIV y XV (Tolosa, 1865)
  4. Noticia de las Cosas Memorables de Guipúzcoa, 6 liburuki. (Tolosa, 1899-1901).

Lehenik eta behin hauen guztien ezaugarri orokorrak aipatuko ditugu, hau da, Gorosabel historialaria bere lanaren bidez bereiztea uzten diguna: bere gaia bakarra da, Gipuzkoako historia; bere iturriak Udal eta Probintziako artxiboak dira; alderdi juridikoa nagusitzen da besteen gainetik, bai materia juridikoari berari ematen dion garrantziagatik baita iragana nahiz orainaldia kontuan hartzen duelako jurista pentsaera eta tratamendu objektibo eta zehatzarekin. Jarraitzen duen helburua ere ezaugarri arrunta da, ez dela jakintza historiko eta orainean gaurkotzeko bere irakaskuntzaren balioaren xede hutsa jarraitzen, baizik eta Gorosabelen pertsonalitatearen ildotik doan praktikotasuna: udal eta probintzi administraziorako baliagarri izan daitezen nahi du eta horretarako materia historikoaren azterketa, kasu jakin batean ez ezik, "gaurdaino" luzatzen du, garaiko esamolde baten arabera.

Gainerakoan, lau lan historikoak independenteak dira elkarren artean: beraietako bi monografiak dira, Tolosari buruzkoa eta Gipuzkoa eta Ingalaterra arteko harremanei buruzkoa, biak enkarguz idatziak. Beste biak aldiz, historia orokorrari buruzkoak, egilearen ekimen askeari erantzuten diete. Tolosari buruzko monografia, entziklopedia izaerakoa, alkate zelarik idatzi zuen udaletxeko enkargu bati erantzunez eta bere kontura argitaratu zen. Behe Erdi Aroko Gipuzkoa eta Ingalaterra arteko gerra eta hitzarmenei buruzko monografia aldiz, Aldundiak 1863an gai honen inguruan antolatu zuen lehiaketa batera aurkezteko idatzi zuen Gorosabelek. Aurkeztu eta saritutako lan bakarra izan zen, gero Probintziaren kontura argitaratu zelarik. Entzute gutxiagoko lana da, agian gaia ezarria zuelako eta bere zaletasunetik at zegoelako, baina berak ohi duen oinarri dokumental sendoarekin egina dago.

Bere beste bi lanak berariazko pisua daukate, historiografia gipuzkoarraren barnean duten esanahia eta garrantziagatik. Bizitza guztian zehar handitzen joan zen historiarekiko interes pertsonal bat burutzea suposatu zuen. Probintziako Artxibozain postuarekin zuzenki uztartuak daudela dirudite, fondo dokumentalen erabilerraztasuna eta bere postuaren jardueraren erantzukizunaren zentzu bikoitzean, Gorosabelentzat eta bere postuan jarraitu zuten batzuentzat agiriak zaindu eta mantentzetik harantz zioan gaia zelarik. Gorosabelek berak lan hauek bere herriari zerbitzu bat eman nahi diola esanez justifikatzen ditu, ez du hutsune bat soilik bete nahi, baizik eta gauzen erabateko ezagutza batera iritsi eta ilustrazioko edonori erabilgarria izan daiteken informazioa luzatu.

Hiztegiak Gipuzkoako herri guztien deskribapen bat eskaintzen du eta ahalik eta zehatz eta osoena izateko asmoa dauka, bere Zuzenbide publikoaren historiari berebiziko arreta eskainiz. Noticia de las Cosas Memorables de Guipúzcoa anbizio handiko lana da. Gorosabelek idatzi zuen lan ezagunena, lau urte luzez egon zen berarekin lanean eta ez zuen argitaratua ikusi. Aldundiak bera hil eta hogeita hamaika urte beranduago argitaratu zuen jatorrizko bost liburukiei Carmelo Echegarayk eginiko eguneratze eranskina gehituz. Gorosabelek bere lanarekin lortu nahi duen helburua etorkizuneko garaietako Gipuzkoako historiari buruzko kontsulta liburu bat sortzea da. Aurrez aurre jarriak dauden eta baterakor ezinezkoak diren jarreren une historikoan, liberalismoa edo karlismoa, batasun konstituzionala edo foruak, Gorosabelek argi uzten du bere inpartzialtasuna eta dokumentaturik dagoen egia historikoarekiko errespetuzko jarrera. Lan hau eta oro har Gorosabelen lan historiko guztiak aintzakotzat hartzeko unean historialari gipuzkoarrak bat datoz bere jakintzen inguruko liburukia goraipatzean, berak ikertutako materien ugaritasun, bere erakusketaren ordena eta modua, eta egiarekiko osotasun eta gurtza azpimarratuz.

Ez dira doako baieztapenak ekintzaren esker onekin bat baitatoz, beste edozeinen gainetik, Gipuzkoako historia egiten dutenen artean egilerik aipatuena dugu Gorosabel. Gainera bere iritzia autoritate argudioa da, ez duelako erabiltzen dituen dokumentuen inguruko erreferentziarik eskaintzen. Alde honetatik, nahiz eta Gorosabelentzako kaltegarria izan, beste historialari gipuzkoar batekin konparatzea nahitaezkoa da, Bernabe Antonio Egaña juristarekin alegia. Honek 80 urte lehenago Probintziako erakunde foralei buruz ere idazten zuen tresna kritiko bera eskainiz eta irakurleak konfiantzazko botorik emateko batere beharrik gabe. Bi historialarien arteko konparazioa, denboran jarraipeneko konponketarik gabe jarraitzen direnak, ezin da harantzago joan Gorosabelek Egañaren eskuz idatzitako lana erabili eta beraren informazioa jaso arren, garai ezberdinetakoak izateaz gain ikuspuntu ezberdinetatik abiatzen direlako. Egaña, Larramendi bezala, monarkia absolutuko foruzale sutsua da eta Gorosabel aldiz garai konstituzionaleko liberal foruzale hotza.