Konposatzaileak

Iribarren Echeverria, Juan Frances de

Konpositorea, organista eta kapera-maisu nafarra, Espainiako Barroko garaiko ezinbesteko musikaria kontsideratzen da. Zangozan jaio zen eta bertan izan zen bataiatua 1699ko martxoaren 24ean. 1767ko irailaren 21ean Malagan hil zen.

Bere musika hastapenei buruzko daturik ez dago, baina litekeena da organoko lehen ikasketak bere jaioterrian egin izanak edukitzea.

Hamalau edo hamabost urterekin Madrilera joan zen eta 18 urterekin Salamancako elizako organista plazara aurkeztu zen. Garai hartan Salamancako bi katedral-tenplu prebendetan zenbait organu zeuden eta han konposatu zituen bere lehen partiturak.

Kargu berriaz 1717an jabetu zen eta bere lana ez zegoen organoa jotzera mugaturik, baizik eta Micieces kapera-maisua bere konposizio lanetan ordezkatzera, ordurako oso nagusia bait zen. Bere lana zabala izan zen antza, baina garai honetako 18 lan besterik ez daude gordeta. Salamancan egon zen hamasei urtetan zehar momentu hartan Errege Kaperako maisua zen Jose de Tomasekin sakondu zituen bere ikasketak.

1732an Malagako katedraleko kapera-maisuaren postura hautatu zuen eta hurrengo urtean kargu berriaz jabetu zen. Oposeketako bigarren postua lortu arren, lehen postua lortu zuen Manuel Martinez Delgadoren heriotza arrazoi, postuarekin gelditu zen. Hiri honetan 34 urtez bizi izan zen. 1733an apaiz egin zen Salamancan. 1741ean Valladolideko katedraleko kapera-maisuaren postua onartu zuen, baina Malagako postuari soldata igo ziotenez bertan gelditu zen: Malagan lan ikaragarria egin zuen: musika artxiboa sortu zuen (1737), hogeita hamar bat musikari bildu zituen kaperan eta hiriko katedral eta beste erlijio-zentru batzuetan aritzen zen talde barroko bat sortu zuen. Latinez eta erromantzez idatzitako lan ugari sortu zituen eta bere produkzio guztia katedralari utzi zion.

Osasun arazoengatik, 1761eko urtarrilean, "Ebangelio eta Zetroko semanerietatik" ordezkatua izan zen. Hil baino hilabete batzuk lehenago testamentua idatzi zuen eskribautzan eta bi botere sinatu zituen: lehena Juan anaiarentzat, bera hil ondoren bere jabetzak administratzeko autoritatea emanez; bigarrena Santiagoko parrokia-elkartu eta Zangotzako San Salbadorrekoan zeuzkan pribilegioei uko egiten zien. Malagako katedralean utzitako ondarea eta gero, gaur egun oraindik bere lan-produkzio handiena bertako artxiboan dago: 877 lan, horietatik 360 latinez eta 517 erromantzez daude. Beste 27 lan beste artxibo batzuetan banaturik daude -Guadalupe (Caceres), Silos, Madril, Errege Kapera, Granadako katedrala, Osuna (Sevilla), Cordoba, Las Palmas eta Guatemala hiriburua-. Egunen batean bere eskuizkribuak bilatzen badira, egon zirela esateko frogarik badago, Frances de Iribarrenen produkzio osoa 975era igoko liteke. Gehienak ahots-instrumentaleko lanak dira. Lau instrumental besterik ez zituen utzi, bere gabon-kantuetan tartekatutako obertura edo lanak direlarik. Autoreak 1733tik 1760 arte etengabe konposatu zuen. Urte honetatik eta hil arte, 1760an, 28 lan bakarrik daude. Frances de Iribarren konpositore barroko-berantiarraren eredua da, italiar influentziekin baina Espainiako Urrezko Mendean oinarritutako Elizaren ohiturak galdu gabe. Estilo ezberdinak bereganatu zituen. Lehen urteetan estetika barrokoko errekurtso polifonikoak ugariak dira bere lanean. Ondoren sinplizitate handiagoa aukeratu zuen, "galante" izenaz ezagutzen zen estiloarekin aproposagoa, klasizismoaren aurrekoa. "Estilo modernoa" deiturikoaren teknika landu eta berriekin osatu zituen bere lanak eta melodietan bere garaikideetan ohikoa ez zen dotoretasuna nabari da. Berezkoa zuen beste ezaugarri bat, bere garaiko konpositoreetan gertatzen ez zena, errezitatibo eta arietan ahots ezberdinen erabilpena da. Ansorenaren ustez, orijinalitate, perfekzio eta kantitatez bere garaiko kantata-konpositore hoberena kontsideratzen da (bostehun lan baino gehiago idatzi zituen).

Bere lan polifonikoetan ez dio polikoralitateak erakartzen, ez behintzat bere garaikideei hainbeste. Argi dago bere garaiko erlijiozko musikaren gainbeheratik eta penintsulan hainbesteko arrakasta zeukan italiar eraginatik aldendu nahi izan zuela. XVIII. mendeko Europako musikari garrantzitsuenetakoa kontsideratzen da.

CRG

Baxuak, Espainiako Barrokoan ezohikoak, oso zehatzak dira, garaiko musika ohituren dokumentua izatera iristen direlarik. Espainiako katedralean tradizio handia ez zeukaten instrumentuek, biolina edo oboea, bere lanetan aukera guztiekin agertzen dira. Solo sonaten konpositore bikaina izan zen.

KSE