Filologoak

Gavel, Henri

Hizkuntzalaria. Saint-Pol-sur-Ternoise (Pas-de-Calais) herrian jaioa 1880eko maiatzaren 22an. Angelun hil zen 1959ko urriaren 17an.

Aditua izan zen hizkuntza erromanikoetan. Baionako Lizeoan espainierako irakasle izendatu zuten eta han ezagutu zituen euskal hizkuntza (eta irakaskuntzan txertatu ere bai) eta euskal jendea. Eusko Ikaskuntzako kide izan zen. Beranduago, Tolosako Letren Fakultatean (Frantzia) irakasle modura aritu zen. Gaskoia eta espainiera sakon ezagutu zituen. Gainera, prestakuntza handia zuen filologo modura eta, horri esker, euskal hizkuntza ere errotik ikertu zuen. Horrela, arlo horretan aditu izatera iritsi zen eta lan ugari kaleratu zituen, horietako zenbait funtsezkoak. Halaber, musika arloa ere ezagutzen zuen eta liturgia gaietan trebea izan zen. Hala, erlijiozko musikaren arloko lan interesgarriak idatzi zituen. Euskaltzaindiako ohorekoz kide izan zen eta, era berean, beste hainbat elkartetan parte hartu zuen, besteak beste: Akademia gaskoia, Société de Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Société des Amis du Musée Basque eta bestelako kultura-organismo eta -elkarteak.

Kolaboratzaile izan zen hainbat aldizkaritan eta lan interesgarriak kaleratu zituen, esate baterako hauetan: Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria, Gure Herria, Gernika, Euskera, Eusko-Jakintza, Bulletin du Musée Basque. Orobat, euskarazkoak ez ziren aldizkarietan ere sarri idatzi zuen: Annales du Midi, Annales de la Facultad de Letras de Toulouse, Bulletin de la Société des professeurs de langues meridionales, eta beste askotan.

Euskarari buruz funtsekoak diren bi lan idatzi zituen: Eléments de phonétique basque, 1920, Grammaire basque. Lehenengoaz horrela mintzatu zen Koldo Mitxelena:

"...oraindik egun, denbora asko igaro den arren, funtsezko obra da eta hura behatzea ezinbestekoa da euskal soinuen iraganari buruzko edozein ikerketan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Grammaire basque lanaren lehen zatia 1929an kaleratu zuen: Phonétique, parties du discours autres que le verbe. Obra horren bigarren zatia Georges Lacomberen lankidetzarekin osatu zuen. Dena den, bigarren zati horren lehen faszikulua baino ez zen kaleratu, aditzari buruzkoa. Benetako zoritxarra izan zen lan bikain hori amaitzeke geratu izana. Halaber, Berterretsen Khantoria, la chanson de Berteretche, texte, traduction et notation musicale avec introduction izenekoa kaleratu zuen 1924an. Horiez gain, Gavelek asko idatzi zuen espainieraren eta gaskoiaren gramatika eta fonetikari buruz, liturgiari buruz, etab. Bere liburuen eta aldizkari nahiz kongresuetan egindako kolaborazioen inguruko katalogoa aurki daiteke erreferentzia honetan: Gure Herria, 1959, 4. koadernoa.

  • Gure Herria, 1960, 4 zbk.
  • MITXELENA, Koldo. "In memoriam". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 4 liburukia.