Zuzendariak

Calparsoro Lopez-Tapia, Daniel

Euskal zine-zuzendaria. Bartzelonan jaioa 1968an. Bere sendia gipuzkoarra da. Izatez Daniel jaio eta gutxira Euskal Herrira itzuli ziren.

Bere haurtzaroa eta nerabezaroa Hondarribian igaro zituen. Madrilera T.A.I.-n Zientzia Politikoak eta Zinemagintza ikastera joan zen. Beka bat lortu eta Estatu Batuetara, Brooklyneko Instituto Prat izenekoan Arte Ederrak ikastera joan zen 1989 eta 1990 bitartean. 1991 eta 1992 bitartean Nueva Yorkeko Zine Unibertsitatean ikasketak zabaldu zituen.

Bertan 16mm.tan lau film labur egin zituen ikasketa-praktika bezala. 1992an Nueva Yorken W.C. izenburua zuen eta bere kalitateagatik bidezko ospea lortutako film laburra egin zuen. Film horrekin Houstoneko Zinemaldian Zuzendari Hoberenari Saria (1992), eta Hannoverko Zinemaldian Zuzendari Hoberenari Saria (1992) lortu zituen. Bere herrira itzultzean Ruper Ordorika abeslariarentzako Agurraren desioa bideoklipa, eta Los Ronaldos taldearentzako Idiota (1993) eta No cantaré (1993) filmatu zituen.

Daniel Calparsoro bere Salto al vacío (1995) lehen film luzearen eraginari esker ezagutzera eman zen. Calparsorok bere kontakizuna Najwa Nimri izeneko aktoresa hasberri batek interpretatutako Alex pertsonaiarengan jarri zuen. Alex marjinaltasunean bizi da, maitasunak eta samurtasunak tokirik ez duten indarkeriazko eta erraustutako industria paisaian. Etorkizunik eta irteerarik gabeko mundua da. Eskema hori geroztiko bere filmografian, berea duen estiloaren ezaugarri zehatzaileetariko batzuk diren musikaren garrantzia, irudiari emandako erabateko boterea, indarkeriarenganako lilurapena edota komik munduari egindako keinuak bezala, obsesibotasunez errepikatuko da. Estilo horrekin 90eko hamarkadan Juanma Bajo Ulloa, Enrique Urbizu, Julio Medem edo Alex de la Iglesiak bezala euskal zinean sortutako beste zuzendari batzuei Calparsoro uztartzea ekidinezina zen. Edozelan ere Calparsorok jite berezia zeukana erakusten zuen, arrazoiari grina eta emozioa ezartzen zizkion diskurtso narratiboaren irmotasunagatik nabaritua. Kamera bulkada idor eta urduriz mugitzen da, bere atzean irudi mingarri eta indartsuak utziz. Protagonistaren bakartasuna eta estutasuna indartzeko Calparsorok nahitako estetika zikin baten oinarritutako industria-giro gainbehera eta gogorra sortu zuen. Zentzu horretan Kiko de la Rica, filmeko argazki-zuzendariak, Salto al vacío "film gerrilerotzat" izendatu zuen. Filmak Berlingo Zinemaldiaren Atal Panoramikoan parte hartu zuen, Bogotako Zinemaldian Epaimahaiaren Aipamena lortuz. Gainera, aktoresa protagonistak, Najwa Nimrik, Ginebra, Mosku eta Angerseko zinemaldietan sariak lortu zituen. Filmaren ondoren bere emazte eta bere hurrengo filmetarako musa ere bihurtu zen.

Horrela heldu zen Pasajes (1996), Pedro Almodovarren ekoizleak ekoiztutako bere bigarren film luzea. Filmak estetika gogor hori jarraitu zuen, zikin eta etsipenezkoa, izan ziren emaitzak hain lortuak ez ziren arren. Canneseko Zinemaldiko Zuzendarien Hamabostaldian aurkeztu zen. Bere hirugarren film luzea, A ciegas (1997) Veneziako Atal Ofizialean aurkeztu zuen baina bere harrera, hotza izan zen. Marrubi, pelikulako protagonista, berriz ere Najwa Nimrik interpretatua, atentatu baten erdian borroka armatua bertan behera uztea erabaki zuen E.T.A.ko militantea zen. Filmak ukaezinezko ikusmen indarra zuten eszenak zeuzkan arren, -adibidez, Hondarribiko alde zaharrean filmatutako manifestaldiaren eszena- , proposamenaren zorroztasunik ezak filmari interesa kentzen zion. Egia esan habitat ito baten galdutako pertsonaiadun Calparsororen beste istorioetako bat zen. Gai politikoaren aukeraketa eta gaia garatzeko izan zuen erak egindako ekoizkinaren sinesgarritasunari seriotasunez eragin zioten. Bere laugarren Asfalto (2000) film luzearekin, Berlingo Zinemaldiko Panorama atalean estreinatua, gizon bi eta emakume baten arteko -berriz ere Najwa Nimrik interpretatua- droga eta polizia ustelkeriaren gaiak zaildutako maitasun-triangelua irudikatu zuen. Euskal zuzendaria inoiz baino gehiago hurbiltzen zen bere lehen film luzean zegoen zine bikainera. Berriz ere muturrean biziz zebiltzan pertsonaiak irudikatzen zituen lan liriko, basati, oso sexual eta edertasun handiko eszenaz hornitua.



2001ean Calparsorok bere ibilbidean bira emanez guda-generora hurbildu zen Guerreros filmatuz. Filmean misio humanitarioz Balkanetara bidalitako espainiar gudarosteko ingeniari talde bat albanokosobarrak serbioen aurkako guda gorriaren baitan ezinbestean harrapatuta dago. Film honen indarra bere ebazpen tekniko eraginkorrean datza. Guda-eszenak era ikaragarrian filmatuta daude. Edozein kasutan, A ciegas filmean gertatzen zen bezala, akatsgabeko egikera hori gehiegikeria jakin batzuengatik eta gaia jorratzerakoan zorroztasunik ezagatik eragotzita gelditzen da. Bikotearen banaketa sentimentalagatik Najwa Nimri., (hasieran beretzako zen papera Carla Perezek idatzi zuen) Calparsororen film bat interpretatzen ez duen lehen aldia den arren, bere Najwajean taldea arduratu zen soinu-bandaz.

Guda-generoan egindako lanaz geroztik Calparsoro suspense eta beldurraren generoaz interesatuz luxuzko urbanizazio batera semeekin aldatzen den bikote baten inguruko kontakizun itogarridun Ausentes (2005) filmatu zuen. Emaztea mamu-presentziak sumatzen hasten da ustez ezohikotasunez bertan behera utzita dagoen leku baten. Eszenatoki lasaia eta erosoa, bat batean, inkomunikazio eta isolamendu zapo bihurtzen da. Film duina, oso ondo egina, bere eragin nabarmenen zamek orijinaltasuna kentzen dioten arren. Calparsororen terrore psikologikoaren eskematik filma ezustean eta era zirraragarrian bukatzen da, M. Knight Shyamalanen El sexto sentido (1999) edo Alejandro Amenabarren Los otros (2001) filmetatik aurrera modan jarri zen bezala, Roman Polanskiren Repulsión edo Stanley Kubricken El resplandor bezalako izenburuen erreferentzia nabarmena izanez. Ausentes filmak ez zuen ez kritikaren ez publikoaren berotasunik sortu baina Vertigo Entertainment iparramerikar ekoizleak Hollywoodi Calparsororen ateak zabaltzeko elementu erabakigarria Estatu Batuetan remarke bat egiteko film horren eskubideak erosi zituen. Egiatan, prentsak 2007aren amaieran egingo zen amerikar film baten albistea jaso zuen. Behin behineko Incident at Sans Asylum izenburua duen terrore generoan berriz ere kokatutako proiektua da. Korapiloa, ekaitz baten ondoren segurtasun sistemetan hutsegitea izanagatik kriminalentzako psikiatria-ospitale baten kafetegian lanean dabiltzan eta kriminalekin batera dauden gazte talde baten historia adierazten du.

Azken orduan proiektua bertan behera geratu zen Hollywoodek ekarpen ekonomiko handiagoa eskatu ziolako Calparsorori. Berriz ere Amerikako abenturan murgiltzeko tenorean, 2008-2010 bitartean, telebistari eman zitzaion gehienbat zuzendari euskalduna. 2008an Antena 3 telebista katearentzat El castigo saio laburra egin zuen. Egiazko gertakarietan oinarritutako trama horretan Calparsorok familia oneko bost gazte gatazkatsuk heziketa-programa gogor batean pairatutako oinazeak islatu zituen. Urrunean galdutako etxalde batean isolaturik gazteek diziplina-erregimen bortitza pairatzen dute. Calparsororen unibertsoa, indarkerian, bazterkerian eta gehiegikerian oinarritzen dena, bikain egokitzen da gai horretan. El castigo saio laburrak izandako arrakastak bultzatuta (bost milioi ikuslek jarraitu zuten telebistaz) Tele 5 telebista kateak Calparsorori trilogia bat egiteko eskatu zion, eredu bera jarraituz. Hots, egiazko gertakarietan oinarritutako tramak, indarkeriaz eta zekenkeriaz mukuru. Hala, 2009an La ira estreinatu zuen. Betanzos herrian gertatutako jazoera batean oinarrituta, telesaioan psikopata batek burututako krimen odoltsu bat (bikote bat eraili eta laurdenkatzen dute) erakusten da, bere neskalaguna erokeria hiltzaile horretan nahasten duelarik. Thriller psikologiko horren ondotik, 2010ean Inocentes (2010) agerrarazi zuen. Azken horrek ekintzako thriller baten itxura handiago du eta Espainian gizakien salerosketan aritzen diren ekialdeko mafiek egindako nerabeen bahiketa erakusten da. Tele 5 telebista katearen azken enkargua, gaur arte, Carlos Reigosaren lan batean oinarritutako fantasiazko thriller bat izan da, krimenak eta naturaz gaindiko egoerak erakusten dituena. La ley de las ánimas da behin-behineko izenburua.