Pintoreak

Diez Ibañez, Isaac

XIX. mende amaieran jaiotako eskultore eta pintore gasteiztarra. Caracasen hil zen (Venezuela) 1962an.

Ustez 1890ean jaio zen. Dena den, artista honi buruzko datu pertsonal eta profesional gehienak galdu egin dira. Bitxikeria modura, esangarria da, dagoeneko urte asko direla hainbat katalogo eta argitalpenetan amaren abizenarekin (Ibarrondo) agertzen dela; berez, Ibañez abizenez ezagutzen zela pentsatzen dugun arren. Halaxe agertzen da bederen Arte eta Ofizioen Eskolako artxiboan eskultoreari buruz gordetzen diren dokumentuetan.

Zentro horretan Ignacio Diaz Olano izan zuen irakasle. Gainera, beranduago, buztin, tailu eta moldaketako irakasle izan zen zentro horretan, hain zuzen, 1926ko urritik 1933/1934 ikasturtea amaitu arte. Hurrengo ikasturtea hasi zenean, Isaac Diez Ibañezek (ez Ibarrondok, hala uste dugu behinik behin) hiru hilabeteko luzapena eskatu zion Eskolako zuzendari-batzordeari, aldi batez eskolak emateari uzte aldera. Luzapen hori, ordea, iraunkor bilakatu zen. Berez, 1934. urteko erdialdera Gasteiz utzi zuen, jomuga eta patu hobe baten bila. Garai hartan hainbat konpromiso profesional zituen Donostian eta Errenterian.

Lehen ikasketak 1909an egin zituen, Gasteizko Zerkabarren kaleko pabiloi batean ematen zen Modelatu eta Tailu Eskolan. Gasteizko Katedral Berriko eraikuntza-lan eta apaingarrien motiboak landu zituen bertan. Publikoki 1913ko uztailean Tolosan ospatutako Euskal Jaien barruan antolatu zen Euskal Artearen Erakusketan parte hartu zuen. Hura izan zen bere lehenengotariko agerraldi publikoa. Gerora, 1914ko ekainean Eibarko Arte eta Industrien Erakusketan parte hartu zuen. Hiru margolan aurkeztu zituen: Aldeano alavés, La pastora eta El ciego. Gasteizko Langileen III. Lehiaketan, 1916ko abuztuan, Un aldeano izeneko mihisea erakutsi zuen, agian Eibarren aurrez aurkeztu zuena. Horrez gain, beste bi paisaia ere aurkeztu zituen: Campo de Arana eta Nubes.

1929. urtearen hasieran, tokiko prentsaren arabera (La Libertad, otsailak 26), bi eskultura-multzo prestatzen ari zen Sevillako Arte Ederretako Iberoamerikako Erakusketan aurkezteko: Frente a frente eta Arrecifes goi-erliebea. Azkenik, obra horiek erakusketan paratu ziren? Argi dago piezak Andaluziako hirira eramateak gogor astinduko zuela bere patrika. Halaber, badakigu mihise bat, Frutas izenekoa, bidali zuela 1932ko ekainean Bilboko Arte Modernoko Museoan egindako Euskal Artisten II. Erakusketara. Gasteizen egindako azken agerraldietako bat 1936ko abuztuan izan zen, gerra zibila gori-gori zela, Arte eta Ofizioen Eskolako areto nagusian antolatu zen Arabako Artisten Pintura Erakusketan. Hiru mihise eraman zituen hara: Txistu-txiki, Desde mi estudio eta Rincón vitoriano.

Dena den, funtsean eskultorea zen, olio-pinturan egindako margolan txukunak ere egin zituen arren. Arte aplikatuen mundua ere ezagutu zuen. Hain zuzen, berak diseinatu zuen Heraclio Fournier karta fabrikatik euskal gaiez hornituta irten zen lehen karta-sorta. 1933ko azaroan editatu ziren berrogei kartak. Horrez gain, San Prudentzio jaialdian eta Andra Maria Zuriaren jaietan Gasteizko kaleetan atera ohi diren erraldoi eta buruhandi asko berak eginak dira.

Hil ostean, bere pinturak eta eskulturak Gasteizen haren omenez antolatu diren erakusketa ezberdinetan erakutsi izan dira. Hala, Arte eta Ofizioen Eskolaren berrehungarren urteurrenean, 1974ko azaroan, Retrato del arquitecto Justo Antonio de Olaguibel izeneko mihisea eta Daniel Castañedaren bustoa izan ziren ikusgai. Azken pieza hori, Peñafloridako konde Javier de Muniberen irudia eta El gaitero margolana Arabako pintura eta eskulturaren 100 urte izeneko erakusketa kolektiboan paratu ziren. Erakusketa hori Gasteizko Udalak antolatu zuen 1981eko uztailean Arte eta Ofizioen Eskolaren areto nagusian, hiriaren sorreraren 800. urteurrena ospatzeko. 1984ko irailean, San Prudentzio aretoan, Arabako Pintura Garaikidea 1 (1960 arte) erakusketan, Vista de Vitoria paisaia zintzilikatu zen, Arabako Arte Ederren Museoaren baitan dagoena.

Azken urteak Amerikako kontinentean eman zituen, gerra zibiletik ihesi erbesteratu ostean.