Monastegiak

Estibalitzeko Ama Birjinaren Santutegia

Estibalitzeko Ama Birjinaren Santutegia Arabako lautadan dago, Argandoña herrian hain zuzen. Arabako zaindariari dedikatutako santutegi honek lehentasunezko tokia hartzen du Arabako historian, baita Euskal Herriko Artearen historian ere, Erromanikoak eman duen eredurik garrantzitsuena dela esan dezakegu eta.

Datu historikoei erreparatuz, badakigu 1074 urtean monasterio bat izendatzen dela Estibalitzen, eta 1138an, Maria Lopezek, Diego Lopez de Haro Bizkaiko jaunaren ilobak, Errioxako Naiarako monasterioari ematen diola, Clunyko beneditarrena zena. Naiarako klunitarrenganako menpekotasuna oso garrantzitsua izango da Estibalitzentzat, menpekotasun artistikoa ere izango duelako. 1432an Aguraingo Konteak, Aialatar sendikoak, Gasteizko Santiago Ospitalearen menpean jarriko du Estibalitzeko santutegia. Mendetan zehar Gasteizko udalaren esku egon da santutegia eta parrokia bezala egongo da XX. mendera arte. 1904ean eliza guztiz zaharberritu zuten eta 1923an komunitate beneditarra hara bizitzera joan zen, gaur egunera arte. 2013an Erromanikoaren Interpretazio Zentroa ireki zuten Estibalitzeko monasterio berriaren areto batzuetan.

Estibalitzeko santutegiak gurutze latinoko oinplanoa dauka eta bi tramuko nabe bakarra. Oineko tramu bat XX. mendean gehitu zioten eta ez da erromanikoa. Gurutzadurak 3 nabe ditu eta bertan daude abside nagusia eta bi alboko abside txiki, hirurak erdizirkularrak. Abside nagusian tramu laukizuzen bat dago, Euskal Herriko Erromanikoan ohikoa den bezala. Eliza guztia gurutze-gangaz estalita dago, eta gurutzadurako tramuan ganga altuagoa da eta diferentzian leiho txiki batzuk irekitzen dira, barrualdea argiztatzeko. Ohikoa den bezala, leiho gutxi ditu eliza honek, eta dituenak oso txikiak dira edo XX. mendean egindakoak.

Estibalitzeko santutegia Erromaniko gorenaren fasean kokatu behar dugu, baina fase hau Euskal Herrian XII. mendearen erdialdean eta XIII.ean garatu zen, batez ere Rodrigo de Cascante (1146-1190) apezpikua Calahorrako elizbarrutiaren buru izan zen garaian, berak bultzatu baitzituen garai honetako eraikin erromaniko garrantzitsuenak, hala nola, Armentia, Markinez edo San Vicentejo. Garai honetan eraikuntzak gorakada nabarmena izan zuen eta Erromanikoak bere garai gorena ezagutuko zuen, heldutasun artistikoa erakusten duten ezaugarriak baititu. Arrazoi ugarik azaltzen dute fenomeno hori: Nafarroako erregeen hiribilduen fundazioen politikak, Arabako lautada luberritu izana, edo populazioak hazkunde garrantzitsua izatea, esate baterako.

Erromanikoaren fase honetan elizak nabe bakarrekoak dira, burualde borobila tramu laukizuzen bat aurrean duela, erdi puntuko arkuak apuntatzen hasten dira eta ondorioz kainoi gangak apuntatuak dira, sarrera hegoaldean izan ohi dute, sarrerek ez daukate tinpanorik eta atari batekin babestuta daude. Estibalitz 1200 urterako bukatua egongo zela pentsatu dezakegu eta aipatutako ezaugarri hauek ditu, lehen azaldu bezala.

Kapiteletan aberastasun ikonografiko nabarmena antzematen da. Burualdeko kapiteletan adibidez Jatorrizko Bekatuaren eszena dago, eta haren parean Deikundea. Bien artean Eva eta Ave-ren arteko hitz jokoa egiten dute, Erdi Aroan behin eta berriz agertzen dena eta fededunen aurrean agerian uzten duena bekatua egitea (Eva) eta bekatuaren erredentzioa (Ave) edo salbazioa nola den. Deigarria da kapitel hauen balio formala. Paisaiaren elementu batzuk sartzen dituzte pertsonaien artean, irudiak estilizatuak dira, eta Bekatuaren eszenan konposizioa eta pertsonaien keinuak Frantziako Clunyko monasterioko kapitelen antza handia dute. Maria Lopez de Harok Estibalitzeko monasterioa Naiarako clunyarren menpe jarri zuenean Frantziako joera artistikoak ekartzeko aukera ere eman zion. Borgoñako joera artistikoak ezagutzen zituen artista zen dudarik gabe Estibalitzekoa, eta nahiz eta Araba lurralde oso periferikoa izan Borgoniako zentroari dagokionez, bere esparruan, alegia, Euskal Herrian, zentro artistikoa izan zen. Estibalitzeko eskultoreek Euskal Herriko erromanikoan eragin zuzena izan dute, bertako zentro artistikoa baitzen. Erromanikoaren garapena ulertzeko gakoa da Estibalitzeko eskultura.

Santutegi honek duen elementurik interesgarriena portada nagusia da. Gurutzaduraren hegoaldean dago kokatua, Gasteiztik datorren bideari begira. Ziurrenik ez da jatorrizko portada eta ez dago jatorrizko tokian ere, lekuz kanpo daude erliebe batzuei erreparatzen badiegu, mendetan zehar jasan dituen moldaketak direla eta. Simetria erakusten du eta formen arteko oreka estetikoa. Gora egin ahala horma arinagoa da. Erromanikoan izaten den bezala eskultura arkitekturaren menpe dago eta hura apaintzeko erabiltzen da. Modu horretan eskultura arku eta kapiteletara mugatuta dago.

Portada honetako zatirik garrantzitsuena sarrera dugu, arkibolta ugariko sarrera. Tenplu honen Porta Speciosa da, alegia, tenpluaren ate ederra, hainbat eraikin erromanikoek izaten dutena. Ate eder honetan dagoen dekorazio sistema garaiko abangoardia artistikotzat jo dezakegu. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian barrena zabalduko zen ondorengo mendeetan eta horrek erakusten du Estibalitz bere inguruko esparru geografikoko panorama artistikoko buru zela. Saskigintzaren eragina duten dekorazio berezia da gairik aipagarriena. Fusteetan agertzen diren elkar korapilatutako lokarri gisakoak dira, inguruko elizetan behin eta berriz ikusiko ditugunak. Horrekin batera arkiboltetako landare-erroleoak ere Estibalitzetik zabalduko diren gaiak dira, hasiera batetan Araba inguruan, eta gerora Bizkaia eta Gipuzkoan ere. Mahats-mordoak, akanto hostoak edo kizkur begetalak egitura arkitektonikoa estaltzen dute harrizko parpailak bailira, eta ezaugarri hau berria zen Euskal Herrian, ordura arte Erromanikoa nahiko soila izan zelako. Kapiteletako landareak gainera trepanoz eginak daude eta balore plastiko aipagarria erakusten dute. Honekin eskultorearen gaitasun artistikoa goraipatu behar dugu.

Ate-zangoetako irudiak dira portada honen ikonografia eta sinbolismoa ezagutzeko gakoak ikerlari batzuen arabera behintzat. Hauen sutez portadak zentro kristologiko argia dauka. Ate-zango batean Kristoren irudia dago, eserita, buruan ninboa duela, eskuineko eskua bedeinkatzen duela eta ezkerrekoan liburua sostengatzen duelarik. Haren parean San Joan Bataiatzailearekin identifikatzen duten irudi bat dago, erroleo batzuetan kateatu bezala baina hatza altxatzen duela, santu honen ikonografian ohikoa dena. Haren azpian landare artean nahasita daude giza-irudi batzuk daude, kalitate artistiko berezi bat dutenak eta Borgoniako eragina erakusten dutenak berriz ere. Portadaren bazter batean Deikundea irudikatzen duen pieza bat dago. San Gabriel eta Ama Birjina daude erdi puntuko arku batzuen barruan. Armentiako eskulturarekin harreman estilistikoa dute beste elementu batzuekin batera.

Kanpai-horma da Araban eta Eusko Autonomi Erkidegoan kanpaiak kokatzeko gehien erabiltzen den elementua. Dorre erromanikoak egiteko baliabiderik ez zegoenez, kanpai-hormak agertuko zaizkigu nonahi. Estibalitzen kasuan bi gorputz zituen baina XIX. mendean goikoa erori zen. Horma bi erdi puntuko arkurekin irekita dago eta arku hauek markoztatzen dituen arkuen kolomatxoak dituzte, eta aurpegiak dituzten mentsula batzuekin burutzen dira.

Tenplu honek kontserbatzen dituen bi pieza aipagarri dira aurre-ate bat eta bataiarria. Aurre-atea ez da osorik kontserbatu, zati bat da soilik, baina dituen bi okuluen ikaragarrizko kalitatea daukate. Landare gaiak ditu eta polikromatuta zegoela jakin da 2013an egindako zaharberrikuntzan. Bataiarriak berriz arku gotikoen azpian dauden gizaki eta animali irudiak ditu, eta XIII edo XIV. mendekoa izan daiteke.

Santutegi honek eraldaketa sakonak jasan ditu XX. mendean, eta estruktura erromanikoak itxuraldatu zizkioten. 1904ean tenplua zaharberritu zuten garaiko irizpideen arabera, 1906an tramu bat gehitu zion Julian de Apraiz arkitektoak eta honek berak portada tokiz aldatu zion 1928an. Birmoldaketa lan hauetan eman zioten orain duen itxura, eta kontutan izan behar ditugu moldaketa hauek eraikuntzaren balorazioa egiterako orduan. XX. mendearen hasieran erabiltzen ziren irizpideek ez zuten historia gehiegi errespetatzen eta eraikuntza asko "erromanikoago" bihurtu nahi izaten zituzten, horretarako benetako formak aldatuz. Ezin dugu jakin zehazki nolako itxura zuen santutegi honek baina barrualde osoa kareztatua eta pintatuta zegoelaren zalantzarik ez dago. Kanpoaldeko eskulturak ere polikromia edukiko zuten. Barruan zituen erretaulak, aldareak, pinturak eta altzariak desagerrarazi zituzten, erromanikoaren ustezko estetika soila utzi arte. Gaur egun badakigu ustezko soiltasun hori oso erlatiboa dela eta eliza erromanikoak kolorez beteta zeudela.

Balorazio orokor bat egiteko, Estibalitzeko Santa Mariaren basilika Arabako zentro erlijiosoen artean lehen tokian kokatu dezakegu. Herrialdeko zaindari izateaz gain, historian zehar inportantzia handiko santutegi bat izan da, eta garrantzi artistikoari dagokionean ere Euskal Herriko Erromanikoa ulertzeko gakoa da. Eraldaketak jasan dituen arren, bere izaera erromanikoa ikusten da oraindik.