Pintoreak

Esparza Perez, Nicolas

Enrique Arenas Quintero.

Tuteran 1873ko abenduaren 22an jaiotako pintore eta grabatzaile nafarra. Sestaon hil zen 1928an.

Arte eta Lanbide Artistikoen Eskolan hasi zuen trebakuntza artistikoa eta 1888an Nafarroako Foru Aldundiak Madrilera joateko pentsio bat eman zion, han San Fernandoko Arte Ederren Goi Mailako Akademian ikasten jarraitzeko. Moreno Carbonero pintorearen eskoletara joan zen eta grabaketarekiko interesa agertu zuen; beraz, 1901ean Akademiara itzuli zen teknika hori ikastera. 1892, 1895, 1897, 1901, 1904 eta 1906an Arte Ederren erakusketa nazional ugaritan parte hartu zuen. 1904an pintura modalitateko hirugarren domina eskuratu zuen.

1910ean Sestaora bizitzera joan zen, bertako Arte eta Lanbide Eskolako Marrazketa Katedra lortuta. Gerora, zentro horretako zuzendari izan zen. Irakaskuntzan hasi ostean, erakusketa-jarduera, ordura arte eszena kostunbrista eta sozialetan eta erretratuan oinarritutakoa, alde batera utzi zuen neurri batean, baina beti jarraitu izan zuen pintatzen, bereziki erretratuaren gaian. Garaiko erretratu-egile onenetakoa bihurtu zen, eta bere obrak Enrique Arenas Quintero ezizenarekin sinatzen zituen. Gertaera horrek bere obra aztertzea eta katalogatzea zaildu izan du. Tuterako eta Portugaleteko udaletxeetan ikus daitezke bere erretratuak, baita Nafarroako Foru Aldundian eta Nafarroako Museoan ere, besteak beste.

Tuterako Alejandro Diez pintoreak, Nicolas Esparzaren obra eta egilearen aztertzaile eta ikerlarietako batek, 1991ean Nafarroako Museoan eta Castel Ruiz Kultur Etxean egindako erakusketa antologikoaren katalogoan onartu zuen gaur egun oso zaila dela Esparzaren koadroak non dauden jakitea, bere ekoizpena, erretratuak, marrazkiak eta grabatuak, batez ere, oso sakabanatuta baitaude.

  • MANTEROLA, Pedro; PAREDES, Camino. Arte navarro 1850-1940, Panorama bilduma, Nafarroako Gobernuko Viana Printzearen Erakundea, 1991, 52-53 orr.
  • MARTÍN CRUZ, Salvador. Pintores navarros. I t.. Iruñako Udal Aurrezki Kutxa, 1981, 68-77 orr.