Militarrak

Eguia, Francisco Ramon de

1750ean Durangon jaiotako politiko eta militar bizkaitarra. 1827an hil zen Madrilen.

Espainiako independentziaren gerran borroka egin zuen eta 1809an Extremadurako armadako buru izendatu zuten. Madril aldera joan zen Batzorde Gorenak hala eskatuta, baina Sierra Morenan bakartu behar izan zuen arerioak indarra hartuta; ondorioz, Batzordeak kargutik kendu zuen.

1814ko maiatzean Madril aldera joan zen berriro, Fernando VII.ak hala eskatuta, absolutismoa berriz ezartzeko helburuarekin. Gaztela Berriko kapitain jeneral izendatu zuten, Gerrako ministro geroago (1814- 1815) eta 1817-1819 artean. Urte batzuk geroago, ministerioa utzi eta Granadara joan zen; bertan, kapitain jeneral zen bitartean, 1812ko Konstituzioaren aldekoak kartzelatu zituen. 1820an, Riegoren iraultzaren ostean, Baionara joan zen eta eraginkortasun txikiarekin Fedearen Armadaren antolaketan lan egin zuen. 1823an Angulemako dukeak agindutako armadara itzuli zen eta Oiartzungo Aldi Baterako Batzordea antolatu zuen. Absolutismoarekin izan zuen partaidetzatik zertxobait gehiago espero zuela zirudien arren, Gaztela Berriko kapitain jeneral izendatu zuten eta Conde del Real Aprecio konde-titulua eman zioten.