Literatoak

Echeverría Tolosa, Francisco

Abelegiko Pi edo Ibiltari ezizenaz ezaguna. Francisco Echeverría, Patxi bezala ezaguna, euskal idazle bat izan zen. Andoainen jaio zen 1900eko apirilaren 23an. 1989ko azaroaren 16an hil zen Loiolan (Azpeitia).

Lehen ikasketak herrian bertan egin bazituen ere ondoren, hamasei urterekin, Andoaingo Seminarioan ikasketak burutzen hasi zen eta handik Gasteizko Seminariora jo zuen. Bertan ezagutuko zituen, besteak beste, Manuel Lekuona eta José Miguel de Barandiaran euskaltzale eta ikerlariak. 1925ean apaiztu zen. Apaiztu eta lehen urteak Lalastran eta Goierriko zenbait herritan igaro zituen, hala nola, Ezkion, Itsason eta Ormaiztegin ondoren.

Urte batzuk geroago erabaki zuen Loiolako (Azpeitia) jesuitetan sartzea. 1931 urte inguruan Belgikan erbesteratu zen eta, han zela, Txinara misiolari moduan joateko agindua jaso zuen. Bertan egon zen 1953an Raimundo Olavidek itzulitako Bibliaren inprimaketa-lana prestatzera etor zedin eskatu zioten arte. 1958an argitaratu zen Itun Zaar eta Berria, garai hartako euskal liburugintza urrian mugarria ezarriz. Lana burututakoan berriz ere Txina aldera jo zuen eta bertan beste hamazazpi urte egin zituen. Handik, Filipinetara bidali zuten. 87 urte beteak zituen Euskal Herrira itzuli zenerako.

Patxi Echeverriaren zaletasunen artean euskarazko poesia, musika eta kantak zeuden. Goierrin apaiz moduan pasa zituen urteetan gai horiei buruzko klaseak ematen zizkien gazteei. Heldueagoekin, berriz, antzerki taldea osatu zuen Ormaiztegin.

Libururik argitaratu ez bazuen ere artikulu eta bertso idazlea izan zen batez ere, baina ipuinak, itzulpenak eta moldaketak ere egin zituen. Euskal Esnalea, Argia, Euzko Gogoa, Karmel, Egan, Olerti, Jesusen Biotzaren Deya eta Zeruko Argian kolaboratu zuen urteetan zehar. 1921en Urdinburuko Bittor izeneko bakarrizketa argitaratu zuen eta urte horretatik 1930a bitartean Euskal Esnalea aldizkariko kolaboratzaile izan zen. 1928an Virgilioren Eneida-ren hainbat bertso euskaratu zituen. 1929an Argia astekariaren zuzendaritza bere gain hartu zuen eta bertan egon zen jesusen lagun Loiolara joan zen arte.