Pintoreak

Briñol, Julio

1902an Buenos Airesen jaiotako pintorea, 1944an hil zen.

Haur zela joan zen Tafallara bizitzera eta bertan eman zuen bizitza gehiena. Pinturarekiko afizio goiztiarraren eraginez, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan sartu eta Javier Cigaren akademiara joan zen. 1922an Nafarroako Foru Aldundiaren pentsio bat eskuratu zuen Madrilen San Fernandoko Arte Ederretako Goi Mailako Akademian ikasteko. Urte horretan bertan Iruñeko San Ferminetako Kartel Lehiaketan lehen saria irabazi zuen. Julio Romero de Torres maisuak, besteak beste, Diputazio Jauregian erakusketak eginez hasi zen urteetan bere lana goraipatu zuen. Urte batzuk geroago, Camino Paredes eta Pedro Manterolak 1850 eta 1940 artean Nafarroako arteari zuzendutako Panorama aldizkarian jaso zuten moduan, bere obra batek polemika handia piztu zuen. Aipatutako egileek idatzi zutenez:

"Iruñeko Udalak deitutako lehiaketa zientifiko artistiko literarioan emakumezko biluzi bat aurkeztu zuen Briñolek. Obra baztertu egin zuen epaimahaiak eta horrek, ondorioz, zalaparta sortu zuen, baina bitxikeria gisa, Briñolen erretratu batek Urrezko Domina saria jaso zuen lehiaketa horretan bertan"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

1926an Foru Aldundiko aretoan erakusketa izan zuen berriz, bere azken erakusketa, hain zuzen ere, Gerra Zibilak bere ibilbidea eten baitzuen. 1929an Madrilen bizi zela, gerran parte hartu zuen, alderdi errepublikarrarentzat Kartografia atalean. Gerra ostean atxilotu egin zuten. Urte batzuen buruan hil zen pneumoniaz.

Madrilen bizi zela altzari-diseinatzaile eta dekoradore gisa lan egin zuen, besteak beste. Bere pinturako gai nagusiak paisaia eta erretratuak izan ziren, errealitateari behatzeko eta hura pintatzeko zuen asmoaren ondorioz. Bere obrek klasikoen ildoari jarraitzen diote, sorkuntza harmoniatsu eta ederrekin, artea atsegin beharreko osagai gisa nabarmenduta.

  • MANTEROLA, Pedro; PAREDES, Camino. Arte navarro 1850-1940 Panorama bilduma. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzearen Erakundea, 1991, pp 72-73.
  • MARTÍN CRUZ, Salvador. Pintores navarros, I t., Iruñako Udal Aurrezki Kutxa, 1981, 30-35 orr.