Literatoak

Ciriquiain Gaiztarro, Mariano

Idazle eta publizista gipuzkoarra. Beasainen jaio zen 1898an eta Donostian hil zen 1964an.

Batxilergoa Durangon (Bizkaia) egin zuen, zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitatean eta Toki Administrazioko Idazkarien Kidegoan sartu zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide oso izan zen eta izen bereko buletina bultzatu zuen, bertako zuzendarikide izanda, baita hark ekartzen zuen Egan eranskin literariokoa ere.

Zendu zenean, Gipuzkoako probintziako diputazioko idazkaria zen eta eginahalak egiten ari zen Zumarragako (Gipuzkoa) Legazpi oinetxean museoa muntatzeko. Ciriquiain Gaiztarrok hainbat sari jaso zituen idazlumaren jardueran eta Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten. Goierriko jatorria izan arren, Ciriquiainen lanak itsasoko bizimoduarekin lotura berezia zuen eta horri eskaini zizkion orrialde onenak.Literatur produkzioari dagokionez, lan hauek azpimarratuko ditugu: La leyenda del pirata, Bilbo, 1934; La pesca en el País Vasco, Madril, 1952; Acuario, Donostia-Zarautz, 1952; El pobre multimillonario (eleberria), Zarautz, 1960. Lan historikoen artean hauek topatuko ditugu: Monografía histórica de la Noble Villa y Puerto de Portugalete, Bilbo, 1942; La epopeya del mar. Conferencia..., Donostia, 1943; Los guipuzcoanos en las empresas imperiales. Conferencia..., Donostia, 1944; La formación de las villas de Guipúzcoa, Madril, 1947; Los puertos marítimos vascongados, Donostia- Zarautz, 1951 eta Los vascos en la pesca de la ballena, Zarautz, 1961. Horrez gain, kolaborazio ugari egin zituen eskualdeko aldian behingo argitalpenetan eta horietako zenbait interes zientifiko handikoak izan ziren, hala nola euskal herritarren marinel-historiaren alderdiak xede zituztenak. Besteak beste: "Las primeras representaciones gráficas de embarcaciones del litoral vasco", Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletinean, 10 (1954), 57-70. or. eta "La pinaza y el litoral vasco", Homenaje a D. Joaquín Mendizábal Gortázar. Miscelánea de Estudios, Donostia, 1956, 98-102. or..