Jaialdiak-Ekimenak

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia - Zinebi

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (Zinebi) 1959an sortu zen Instituto Vascongado de Cultura Hispánica delakoaren ekimenez.

Araudiaren lehen artikuluan, Erakundeak "Iberoamerikako herrien arteko maitasuna, begikotasuna eta ulerkortasuna sustatzea eta zine dokumentalaren indar espresiboaren bitartez, herrialde horien ohiturak, artea, musika, folklorea, paisaia, etab. ezagutaraztea" proposatzen zuen. Hala, jaialdia hasiera batean "Iberoamerikako eta Filipinetako Zine Dokumentalaren Nazioarteko Sariketa" izendatu zen. 1968tik aurrera, Espainian fikziozko film laburrak bizi zuen egoera ona baliatuz, Bilbo esparru horretan bere nortasuna finkatzen saiatu zen, aldi berean, nazioarteko zinearen proposamen artistikoei ateak irekita utziz. Modu horretan, pixkanaka-pixkanaka, jaialdiak hasiera bateko erregimen frankistari zegozkion Hispanitatearen gorazarrez betetako proposamen ideologikoak gainditzea lortu zuen, eta nazioarteko film laburren eta dokumentalen hedapen gune garrantzitsu bilakatu zen, euskal zineari, espainiarrari, europarrari eta latinoamerikarrari arreta berezia eskainiz.

1974an, Filmen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) fikzio, dokumental eta animazio alorretan jaialdi lehiakor izaera aitortu zion. 1977an, zentsura desagertu zelarik, frankismoaren zama atzean geratu zen behin-betiko. Jaialdiaren aldizkari ofizialaren izen aldaketa (Miqueldi izatetik Mikeldi izatera), Bilboko zinemagintza askatasun haizeez betetako giro berrian sartu zela adierazten zuen ikur bilakatu zen. 1981etik aurrera Bilboko Udala arduratu zen jaialdia antolatzeaz eta kudeatzeaz. Laurogeigarren eta laurogeita hamargarren hamarkadetan nazioarte mailan zinemaldiak gero eta indar gehiago berreskuratu bazuen, hainbat krisiren ondorioz honen jarraipena arriskuan jarri zen. Baina milurteko berriaren batera Zinebi-k oso aldaketa garrantzitsuak jasan zituen eta horiei esker indarberritu egin zen. Arazoak guztiak gainditu ostean 2008. urtean zinemaldiak bere 50. urteurrena ospatu zuen iraganeko hodei ilunak eta une latzak alde batera utzirik. Ukaezina da Bilboko ekitaldiak zinema munduan nazioarte mailan izena eta ospea lortu dituela, urtero laburmetrai eta dokumentalak biltzen dituen jaialdi horri esker.

Jaialdiaren web orrialdean, Zinebiren historian, parte hartzaile, epaimahai edo saridun modura honako zinegile entzutetsuak aipatzen dira: Claude Lelouch, Richard Lester, Peter Greenaway, Ennio Morricone, Julio Medem, Roman Polanski, Hanna Schygulla, Ana Karina edo Arturo Ripstein. Sariketan duen ospearen erakusgarri da zerrenda hori, Euskal Herrian ospatzen diren jaialdiei dagokienez bigarren garrantzitsuena delarik, Donostiako Jaialdiaren ostean.

  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.