Kontzeptua

Dorretxea

Dorretxe hitzaren sorburua dorre eta etxe hitzetan aurkitzen da. Etxe hitzaren esanahia pertsonen bizilekua eta aterpea da, eta dorre hitzaren esanahia defentsarako eraikuntza mota bat da. Hortaz, hitz hau erabiltzen da defentsara zuzendutako eraikuntza mota bat izendatzeko, hau da, dorretxe tipologia babeserako arkitekturaren arloan sartuta dago.

Etsaien aurkako babesa sentimendua gizakiari atxikia da eta, gizon-emakume funtzeskoa izanik, kontzeptu hau Historiaurreko aztarnetan eta Antzin eta Erdi Aroko garaietako arkitekturan islatuta gelditu da.

Historiaurreari dagokionez, lurralde gehienetan defentsarako aztarnarik ez da jada gelditzen baina jakina da babesa naturaleko guneak (ikuspegi zabalekoak eta gune maldatsuak, beste faktore batzuen artean) aukeratu eta finkatu zirela.

Aintzinako zibilizazio zaharrenetan (Mesopotamian, Egipton eta Greziako eta Erromako kulturetan) hainbat elementu eta eraikuntza defentsarako adibide dugu, besteak beste, harresiak, talaiak, dorre gotorrak eta gotorlekuak.

Nolanahi ere, aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, Erdi Aroko garaian, feudalismoaren ondorioz, aurkitzen dira arrasto eta eraikuntza esanguratsuenak Europan zehar, nabarmenduz Frantzia, Inglaterra eta Espainiar estatua. Aro Berrian, hau da, XVI. eta XVII. mendeetan, altxatutako dorretxeek eta dorre gotorrek galdu zituzten defentsarako osagai nagusienak eta, apurka-apurka, ekonomia eta politika egoera berriarekin, bizitoki funtzioak gaina hartu zion eta eraikuntza mota hau ospearen edo sinboloaren adierazgarritzat hartu zitzaion.

Gure artean aurkitzen ditugun erainkuntza mota honen arrasto garrantzitsuenak Erdi Aro eta Aro Berriaren hasierara eramaten gaitu, izan ere, garai hauetan, hots, XIII. XIV. eta XV. mendeetan, altxatu ziren eraikuntza mota honen adibide deigarrienak.

Dorretxeak eraikitzeko zenbait arrazoi aurkitzen dira, besteak beste, aipatzekoak dira: barbaroen eta musulmanen inbasioetatik defendatzeko, bideak eta mugak babesteko eta menperatzeko, eta bandoen arteko liskarretan jaunek zeuzkaten botereari eta ondasunari eusteko.

Kokaguneari dagokionez, landetan edo hirietan altxatzen dira, isolatuan ala taldean eta, kasuaren arabera, ezaugarri desberdinak nabaritzen dira. Landatarrak badira, orokorrean, leku estrategiko batean eta erreka baten ondoan daude, gainera, errota bat, burdinola bat edo nekazal eremu bat sarritan dituzte inguruan. Horretaz gain, landa arloko dorretxea da lekua non leinuaren asentamendua, prestigioa eta egonkortasuna gauzatu egiten diren, hori dela eta, zuzenean oinordekoen eskuetara pasa da, belaunaldiz belaunaldi, alegia. Hiritarrak badira, hiribilduko leku pribilejiatu batean kokatzen dira eta militar kutsua izateaz gain, bizitoki izaerak leku nagusia du. Bestalde, jabetza erregimena ezberdina da; dorretxeak saldu eta erosi daitezke eta dorretxearen esanahiak jabearen arrakasta sozial eta ekonomikoarekin harreman estua dauka. Arrazoi honengatik, estilo arkitektoniko berriei irekiagoak dira eraikuntza mota hauek eta azkarrago bilakatzen dira. Dena den, esan behar da ezin dela ezarri sailkapen zehatz bat zeren, denbora pasa ahala eta gertakizun historikoen ondorioz, kokaguneak eta jatorrizko egiturak aldatu egin baitira.