Pintoreak

Barcelo Albadalejo, Jose

Margolari hau Cartagenan jaio zen (Murtzian), 1923ko martxoaren 23an, eta Bilbon hil, 2001ean.

Vicente Ros maisuaren eskutik ikasi zuen, eta, gero, Granadan, Madrilen eta Parisen ikasketak zabaldu zituen. Hainbat herrialdetan zehar bidaiak egin zituen, eta batik bat Holandan izan zen. Koadroetan euskal giroko gaiak eta ohiturak jaso ohi zituen margolari honek iritzi onak jaso zituen Espainiako kritikaren aldetik.

Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen, 1957, 1960, 1962, 1966 eta 1967 urteetan, eta baita I Bienal Hispanoamericana erakusketan ere, 1951ean. Gerra ostean, Bilbon lekutu zen. Mota guztietako teknikak erabili zituen, akuarela barne. Gizarte gaiei buruzko pinturak, erretratuak eta abstrakzioak landu zituen.

LDM

Erakusketa ugari egin zituen, eta horien artean, honako hauek aipa ditzakegu, kronologikoki ordenatuak: Sur galerian (Santanderren, 1955an), Bilbon (1958), Bilbon (1960), Bartzelonan (1960), Akuarelaren IV. Aretoan (1963), Arte Actual Galerian (Valentzian, 1963an), Arte Plastikoen II. Lehiaketa Nazionalean (1963), Areto Nazionalean (Alacanten, 1963an), El Fuego Lehiaketan (Donostian, 1963an), Arte Aretoan (Bilbon, 1964an ), Arte Aretoan (Eibarren, 1964an), Ateneo Santander Aretoan (1965), Illescas Aretoan (1965), Kreisler Aretoan (Madrilen, 1966an), Bilbon (1966), Miro Lehiaketan (Bartzelonan, 1968an), Pintura Garaikidearen Estilo Aretoan (1967); Pollensa Lehiaketan (Palman, 1968an), Bilboko Museoan (1968) eta Decar Aretoan (1969).

Halaber, sari garrantzitsu asko jaso zituen, esaterako: Montilla saria; Sesamo saria (1962); Abril saria; Arte Actual Urrezko Domina; Valentzian (1961); Domina nagusia akuarelan (1963); Areto Nazionaleko Urrezko domina; Lehenengo Sari Handia eta Urrezko domina Alejandriako VII Bienalean, 1968an; Ohorezko saria "Artesport" Lehiaketan (1970) eta 2. saria Zaragozako Bienalean (1970).

1970etik aurrera, bakarkako erakusketak egin zituen espazio hauetan: Madrilgo Kreisler Galerian (1970); Areetako Goialden, Bizkaian (1971); Bilboko Decar Aretoan (1972); Beloz Galerian, Laredon, Santanderren (1973); Cassiopea Galerian, Torinon(1974); Madrilgo Kreisler Galerian(1975); Gasteizko Araba Galerian, Bartzelonako Syra Galerian eta Bilboko Dekar Aretoan (1976); Bilboko Arteta Galerian, Madrilgo Kandinsky Galerian eta Cartagenako Zurbaran Galerian (1982); Plentziako Aurrera Kasinoan, Lekeitioko Ikusgarri Aretoan eta Amurrioko Kultur Etxean (1983); Amurrioko Kultur Etxean eta Balmasedako Leon Felipe Kultura Etxean, Arrasateko Abaroa zahar etxean eta Irungo Udaleko osoko bilkuren aretoan (1985); Gernikako Caja Laboral Popular Kutxan, Ondarroako Kultura Aretoan, eta Markinako Udalaren Liburutegian (1986); Tafallako Kultura Etxean (1987); Tuterako Castel Ruiz Kultura Etxean eta Lizarrako Fray Diego Aretoan (1988); BIlboko Arte Galerian (1991); Bilboko Arte Ederren Museoan (1992); Bilboko Juan Manuel Lumbreras Galerian (1998) eta Juan Manuel Lumbreras Galerian (2000).

2002an, omenaldia egiteko erakusketak antolatu zituen, Aritzeta, Juan Manuel Lumbreras eta Bilboko Windsor Kulturgintza galerietan aldi berean, eta, horrela, ikuspegi zabala erakutsi zuen, galeria bakoitzean artistaren aro ezberdinak ikus zitezkeelako.

1984an, Akuarelaren Sari Nazionala jaso zuen, eta 1988an eta 1989an BMW Lehiaketako III eta IV Ohorezko Dominak jaso zituen, Madrilen. Barceloren obrak museo hauetan daude ikusgai: Bilboko Arte Modernoko Museoa, Santanderreko Museoa, Cuencako Museoa, Casas Colgadas Museoa, "Salvador Allende" Erresistentziaren Museoan, Bartzelonako Arte Modernoko Museoa, Gasteizko Museoa, Bartzelonako Diputazioaren Museoa, Pollensako Museoa (Mallorcan), Elxeko Arte Modernoko Museoan, eta Nikaraguako Arte Modernoko Museoan.

Jose Barcelo prestakuntza zabala eta sendoa zuen sortzailea izan zen. Artistaren beraren hitzetan:

"Barruan daramadan beharrari erantzuteko margotzen dut. Nire obrak errealitate guztietatik abiatzen dira -arteak bizitza du abiapuntu beti- eta nire buruarekin leial, benetako eta zintzo izaten saiatzen naiz."

(Hierro, 1969-03-28. Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Esperientzia, hortaz, modu plural eta orokor batean hartzen du, eta figurazioaren eta abstrakzioaren, ezagutzaren eta esperimentazioaren eta emozio lirikoen eta adierazpenaren giza-dramaren artean dabil.

SRP