Marrazkilariak

Azpiazu Imbert, Salvador

Marrazkilaria eta ilustratzailea, 1867ko abuztuaren 9an jaio zen Gasteizen. Madrilen hil zen 1927ko urtarrilaren 5ean, bat-bateko gaixotasun baten ondorioz.

Carlos Imberten biloba zen; Carlos Imbert jatorri frantseseko artista polifazetikoa zen, eta Gasteizen makina bat jardueretan aritu zen XIX. mendeko lehen hamarkadetan. Eskultore gisa bereziki nabarmendu zen. Gazte-gaztea zela Salvador de Azpiazu Madrilera joan zen bizitzera. Noizbehinka jatorrizko hirira bueltatzen zen, bereziki egutegiko data esanguratsuak aprobetxatzeko, esaterako Andra Mari Zuriaren festetan edo Eguberrietan.

Bidaiari nekaezina zen, eta ogibideak Iberiar Penintsulako txoko guztietara eraman zuen. Katastroko funtzionario-lanetan ibili zela jaso da, baina badirudi horren ordez Nekazaritza Ministerioko topografoa izan zela.

Marrazkilari eta ilustratzaile gisa nabarmendu zen, baina argazkilaritzarako joera ere izan zuen. Etengabe mugitzen zenez, Frantzian eta Italian ere izan zen, eta bisitatzen zituen eskualdeetako paisaiak eta ohiturak ez zitzaizkion arrotzak egiten; ohitu egin zen, eta toki horietan naturaren ikuspegi bikainak jaso zituen. Agian nolabaiteko literaturarako joera ere izan zuen. Marrazketa koadernoak beti aldean eramaten zituen, eta arkatzez edo batzuetan akuarelaz jasotako inpresioak islatzen zituen.

Arkitektura errepresentazioak interesatzen zitzaizkion oro har, beste gai batzuekin batera. Eliza, komentuak, gazteluak, hiri handietako eta eskualde txikietako txokoak, guztiak agertzen ziren behin eta berriz Salvador Azpiazuren marrazketa-lanetan. Marrazkilari gisa zuen maisutasuna eta bikaintasuna, behatzeko sentsibilitate fina, ez ziren soilik monumentuak marrazterakoan agertzen; horrez gain, agertoki horietan bizi zirenen idiosinkrasian ere sakondu zuen. Hala, gizarte jatorri ezberdinetako jendeak aberasten zuen marrazkilariaren ikusizko errepertorioa, klase altukoek zein herritar xume eta anonimoek.

Lan horietako asko garaiko aldizkari ilustratu garrantzitsuetan argitaratu ziren, eta horiek, hain zuzen ere, eginkizunaren irudi adierazgarriena osatu zuten. Bartzelonako La Ilustración Artística eta Madrilgo La Esfera argitalpenekin kolaboratu zuen, baita gaur egun, zoritxarrez, bilatzen zailak diren Europako beste batzuekin ere. Artistaren lagun ziren Serafin eta Joaquin Alvarez Quintero anaia antzerkigileek Azpiazuren marrazki interesgarrienak bildu zituzten (guztira 121), eta La bendita Tierra liburua irudikatzeko erabili zituzten. Lan horrek marrazkilariaren omenezko hil ondorengo omenaldia ekarri zuen, Bartzelonan plazaratu baitzen artista zendu eta hilabete gutxira.

XX. mendeko azken hamarkadetan bi erakusketa monografiko antolatu ziren artistaren jaioterrian: lehena 1967ko abuztuan izan zen (Olagibel Aretoa, Aurrezki Kutxa), eta bigarrena 1989ko apirilean (Luis de Ajuria Aretoa, Aurrezki Kutxa). 1992ko martxoan, Azpiazuren familiak ehun obra baino gehiago eman zizkion Arabako Arte Ederren Museoari, marrazkiak eta akuarelak barne.

Arabako Arte Ederren Museoak 198 obra jaso zituen Itinerarios y figuras de un artista alavés erakusketan, 2005ko martxo-maiatzean, tartean akuarelak, ohar-koadernoko marrazkiak eta argazkiak. Guztiak 1887ko paisaiekin hasi eta 1925eko lanak hartzen dituen memoria historikoko ondarean biltzen dira.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa,, 1990, 256-258 orr.
  • VAL, Venancio del. Calles vitorianas. Gasteiz: Udal Aurrezki Kutxa, 1979, 162 or.