Arkitektura

San Martin parrokia. Amoroto

Amorotoko erlijio-ondarearen barnean San Martin Gotzainaren parrokia nabarmentzen da, Eleixalde auzoan lekutua. XV. mendeko parrokia-eliza da, maiz eraberritu dena, azken aldiz 1798. urtean. Eraikin trinkoa da, oinplano angeluzuzenekoa, harlanduzkoa, isurkin bikoitzekoa, oinari atxikitako arkupeduna, burualde angeluzuzenekoa eta kanpai-hormaz hornitua.

Areto-eliza edo Hallenkirche izenekoaren barnean kokatuko litzateke.Eliza mota horien ezaugarria da alboetako nabeek, altuerari dagokionez, erdiko nabearekiko (kasu honetan, orotara hiru nabe) duten antzekotasuna, areto handi baten itxura emanez. Kanpoaldetik ezaugarri hori altuera bereko hiru nabeek osatzen duten bloke trinkoan islatzen da. Fatxada XVIII. mendekoa da eta goialdean kanpai-horma handi bat du. Bertan erdi-puntuko hiru arku berdin daude, bakoitzean kanpai bana kokatzen delarik. Multzoa koroatuz, erdian, gurutze bat dago, eta muturretan piramide formako bi akrotera, bolaz amaituak. Sarreran ateburua ikus daiteke erdi-puntuko arku bikoitz batek markoztatuta. Arku hori, gainera, itsua eta irtena da eta haren gainean arkuteria triforioa ikus daiteke, hori ere itsua eta erdi-puntukoa, erdikoa alboetakoak baino altuagoa delarik. Arkupea berantiarragoa da eta fatxadaren simetria apurtzen du bortizki. Barneko hiru nabeak Toskana zutabe bidez daude elkarren artean bereiziak eta gurutze-ganga sinplez daude errematatuta, erdi-puntuko arkuz banatutako lau ataletan. Erdiko nabea, berriz, oinplanoan bereizten da, izan ere, alboetakoa baino zabalagoa da, eta arestian esan dugun moduan, altuerari dagokionez ez da gauza bera gertatzen.

Arte higigarriari dagokionez, erretaula nagusia nabarmentzen da, estilo platereskokoa (XVI. mendekoa), Juan Domingo de Andonaeguik egur polikromatuan egina. Erretaula hori hiru kale eta hiru solairutan egituratzen da. Alboetako erretaulak barrokoak dira eta Ama Birjina Haurtxoarekin ikus daiteke, biak koroatuak, eta barrokoak. Gainera, bi bataiarri daude, horietako batek aldare nagusiaren oinarria osatzen du, egile batzuen arabera erromanikoa dena.

  • Barrio Loza, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Vol. I. Duranguesado y Arratia-Nervión, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • Ibarra y Berge, J.: Catálogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • Martínez Fernández, I.: Monografías de pueblos de Bizkaia. Amoroto, Guizaburuaga y Mendexa, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1993, 192 or.