Arkitektura

Andre Mariaren eliza. Artzi

Artziko Andre Mariaren eliza erromanikoa modu pribatuan eraikitako tenplua da. Egile batzuen arabera, egiturari dagokionez, eliza honen burualdeak eta Iratxeko monasteriokoak antzekotasun handia dute. Horrenbestez, XII. mendearen erdialdekoa izan daiteke.

Landa erako tenpluaren tipologiarekin dator bat, besteak beste, Etxano, Artaitz eta Gazolatzeko eliza txikiekin lotzen dena. Proportzio txikiko eskema bati jarraitzen dio tenpluak, izan ere, elkarrengandik ezberdinak diren hiru atalez eta burualde erdizirkular batez osatutako nabe angeluzuzen bakarra dauka. Burualdearen aurretik atal zuzen bat dago eta haren oinetan gorputz prismatikoko dorre bat altxatzen da. Estaldurari dagokionez, parpain-arku arteko kanoi erdiko ganga batek osatzen du eta absidean labea dago, garaipen-arkua gainerako elementuak baino beheraxeago dagoelarik. Horrez gain, barnealdean, azpimarragarria da inposten dekorazioa, batzuk ziridunak eta beste batzuk xakeztatutako lerro batekin. Kapitel bikoitza erroseta eta palmetaz dago apaindua. Sakristia berantiarragoa da eta Epistolaren aldetik atxikitzen da burualdera, eta kanoi-ganga zorrotz batek estalitako oinplano karratua osatzen du.

Kanpoaldetik proportzio landua duen silarrizko multzo baten modura ikusten da, eta alboetako murruak kontrahormekin daude sendoturik, ia nabarmentzen ez direnak. Horrez gain, nabarmentzekoak dira alboetako murruetan apainduta ageri diren harburuak eta absidea, nahiz eta batzuk nahiko hondatuta dauden: zizelkatutako irudi ugari ikus daitezke, esate baterako, bihurrikari bat, alboan upela duen gizona (ajeetarako lotura irudika dezakeena, sabelkeria kasu honetan), bi giza irudi, aho erraldoia duen beste irudi bat, liburua duen gizon bat, arpa jotzen ari den beste bat, beste bat jaten eta beste bat aho-zabalik, harburu zenbait lauak dira, beste zenbait molduradunak, burudunak, bolekin, etab.

Halaber, kanpoaldetik so, deigarriak dira tipologia anitzeko leihoak. Horietako hiru absidean irekitzen dira beren zutabeetako bozel, modura, inposta eta kapitelak trazu eskematikoko landaretza-motiboz, hegaztiz, hostoz eta korapiloz apaindurik ageri dituztenak.

Portada Epistolaren aldean irekitzen da, koruaren atalaren eta hurrengo atalaren artean. Ziridun molduraz hornitutako teilatu txiki batek babesten du, animalia-buruen harburuetan (batzuk nahiko hondatuta daude) sostengatzen dena. Erdi-puntuko arkua du, hiru arkiboltekin. Kanpoaldeko arkua landare-erroleo, bola, burutxo eta ananaz dago apaindutik, nahiz eta dekorazio hori nahikoa hondatuta dagoen. Erdiko arkibolta lau mantentzen da. Arku horiek apaindutako kapitelak dituzten zutabetan sostengatzen dira. Kanpoaldeko bi kapitelak landare eta txirikordaz daude apainduta erliebe sakonean. Barnealdekoak irudiekin dekoraturik ageri dira. Eskuinekoan mandorlaz markoztatutako Kristoa bost pertsonaiaz inguratuta eta, ezkerrekoan, sei giza irudirekin.

Elizaren barnean ia ez da tresneriarik mantentzen, Haurtxoa duen Ama Birjinaren tailu bat besterik ez, absidearen buruan, Gindanokotik ekarria, estilo gotikokoa, XIII. mendekoa, irmotasun erromanikoa mantentzen duena eta eraberritu egin dena. Halaber, elizaren garai bereko bataiarri bat gordetzen da, zilindro formako fustea eta katilu erdi esferiko laua dituena. Ohol gainean pintatutako erretaula nagusi zaharra, garai errenazentistakoa, Burlatako parrokian dago egun.