Arkitektura

Andre Mariaren eliza. Los Arcos

Nafarroako parrokia-eliza garrantzitsuenetako bat da. Tenpluaren izena bera daraman herriko enparantza txiki batetan kokatua dago, eta estilo eklektikoa erakusten duen eliza da, sei mendeetan zehar jasandako eraldaketa ezberdinen ondorioa. Izan ere, XIII eta XVIII. mendeen artean dauden arte estilo guztiak ordezkatuak daude fabrika bikain honetan. Eraiketa prozesua XIII. mendean hasi zen, garai honetan nabean dauden pilare zistertar protogotikoak eraiki zituztelarik. XVI. mendean, hiru ataletan banatua zegoen jatorrizko oinplanoari alboko sei kaperak gehitu zitzaizkion, gehi koru jasoa eta beste kapera bat, kasu honetan Epistolaren aldeko murruan. Une honetako estilo nagusia platereskoa izan zen, eta garai honetan egin zituzten lan guztiak ez ziren elizaren barruan bakarrik burutu. Kanpoaldean ere, elizaren oinetan dagoen dorrea eta ate nagusia egin ziren orain, Juan eta Martin de Landarrain anaien diseinuak jarraituz. XVIII. mendearen lehen erdialdean eraldaketa barroko sakona egin zen, elizari gaur egun arte iritsi den itxura emanez. Domingo Cascal eta Domingo Yturbe maisuek gidatu zuten azken erreforma hau, erdiko nabearen, alboko kaperen eta kruzeroaren gainean dauden gangak eginez.

Oinplanoan nabe bakarra du, hiru ataletan banatua, gehi transeptua eta burualde pentagonala. Altxatuan, orden konposatuko pilastra handiak daude, eta gainetik landare-apaindura daraman friso dotorea. Estalki gisan nabeak ilargixkak daramatzan kanoi ganga jaso zuen, kruzeroan laranja-erdiko kupulatxoa dagoen bitartean. Juan de Mendoza, José Bravo eta Pedro Antonio Rada, beste margolari batzuen artean, izan ziren programa ikonografikoa burutu zutenak, estilo-hizkuntza barrokoan eta urreztatu eta igeltsuzko apaindura ugarirekin. Landare-dekorazioa eta motibo geometrikoen programa zabala garatu zuten pilastretan, erlaitzetan eta kiribilduretan. Bereziki interesgarriak dira Santiago Zuazoren ikaslea izan zen Jose de Ordocia maisuak 1761an koruan egin zituen pinturak, Bibliatik hartutako pasarte erlijioso ezberdinekin.

Kanpoaldean elizak katedral-itxura bikaina erakusten du, eta tenpluaren oinaldean dagoen dorre altua biziki nabarmentzen da fabrika osotik. Murruak harlandu onez egina daude, beheko zonalde batzuetan Erdi Aroko fabrikaren arrastoak ikus daitezkeelarik. Kanpoaldeko osagai guztietatik ate nagusia azpimarratu behar dugu, bere klasizismoagatik eta bere programa ikonografiko interesgarriagatik. Ebanjelioaren aldeko murruan irekita dago, eta Landarrain anaiek burutu zuten, XVI. mendearen azken herenean eta estilo platereskoan. Sarrera, binaka doazen orden konposatuko lau zutabeen artean doa, eta hauen gainean gruteskoez eta munstroez apainduriko entablamendu bat dago. Hau guztia, goialdean dagoen kasetoiez apainduriko erdi puntuko arku handi batekin errematatu egiten da. Bi alboetan, eta atea zaintzen egongo balira bezala, San Pedro eta San Pabloren eskultura bikainak daude, baita profeta baten aurpegia zizelkaturik daramaten bi medailoi. Adierazkortasun handiko irudiak dira, anatomia-ikerketa zehatzarekin eta batere errazak ez diren jarreretan kokaturik. Dorreari dagokionez, XVI. mendearen azken herenean altxatu zuten Landarrain anaiek, eta Nafarroako Errenazimenduko hoberenetako bat da zalantzarik gabe. Altueran, tamaina beherakorra duten lau gorputzetan banaturik dago. Lehengo biak, inposta batekin bereziturik, latzagoak dira eta kaxeatutako pilastrekin egituratuta doaz. Gaineko atala kupula hexagonal batekin errematatu egiten da, eta arbotanteak edota dorretxoak bezalako tradizio gotiko berantiarreko osagaiekin apainduta dago.

Klaustroa elizari itsatsita dago Epistolaren aldeko murrutik, eta errenazimendu-aurreko estiloko obra bikaina da. Autoreen notiziarik ez badago ere, Landarrain anaiek burutu zutela esan ohi da. Oinplano karratukoa da, eta hemen ere osagai eta apaindura gotiko berantiarrak nagusitzen dira. Kontrahorma sendoen artean doazen bost arkuteriez osatua dago, eta apaindura famigero anitza darama. Arkuteria bakoitzaren goialdean koadrifolioak daramatzaten arku bikoitz gingildunak daude, eta gainean dauden zirkulu gingilaniztunekin errematatu egiten dira. Klaustroa osatzen duten lau galeriak estaltzeko dauden gurutze gangen bultzadak landare-apaindura duten kapiteletara bideratzen dira. Gangetako giltzarrietan, bestalde, ebanjelariak daude zizelkaturik, baita animalia ezberdinak ere.

Barnealdean XVII eta XVIII. mendeetako Nafarroako erretaula barrokoen bilduma hoberenetako bat aurki daiteke. Erretaula nagusia Viñaspre eta Martin de Aranalde maisuek egin zuten, XVII. mendearen bigarren erdialdean. Erdiko nitxoan Los Arcoseko Andre Mariaren irudia dago, gotikoa eta XIV. mendekoa. Estatikoa eta zurrun samarra agertzen da oraindik, baina Haurra ezkerreko belaunera desplazaturik agertzen da dagoeneko, bilakaera gotikoa erakutsiz. Erretaularen trazak egitura ahurra du, absidearen formari egokitzeko, eta hiru kaleko bi ataletan banatua dago. Orden konposatutako kapitelak eta apaindura aberatsa duten fusteak daramatzaten zutabeekin egituratua dago. Goialdean, erromanismoaren oroimena mantentzen duen apaindura-kaskaroi barrokoa ikus daiteke, absidearen gangaren formari egokituz. Programa ikonografikoari dagokionez, Bibliatik hartutako eszena-bilduma aberatsa dago, guztietatik Jasokundearen eta Pasioaren irudiak nabarmendu daitezkeelarik. Erliebe eta mukulu biribileko taila batzuetan Gregorio Fernandezen eragina sumatu egiten da, Juan Angel Nagusia maisuaren bitartez jasota. Obra hauek naturalismoranzko bilakaera hasia duen estilo erromanista batetan koka daitezke.

Ikustaldiaren erretaula bikaina Epistolaren aldeko murruan dago, eta XVI. mendeko lana da. Bere konposizioan eragin flandriarra ikus daiteke, Pedro Diaz de Oviedo maisuaren bitartez honaino iritsita. Traza gotikoa du, banku batekin eta hiru kaleko gorputz bakarrarekin, eta kale bakoitzean talde eskultura bat ikus daiteke, Flandriako artean ohikoa den naturalismoa islatzen duten pintura batzuekin.

San Joan Bataiatzailearen eta San Frantzisko Xabierkoaren erretaulak XVIII. mendekoak dira, Juan Angel Nagusiak eginak. Lehenengoa estilo barrokokoa da, eta diseinu mistilineoa du, hiru kaleko gorputz bakarrarekin eta zutabe salomondarrekin egituratua. San Frantzisko Xabierkoaren erretaula Ebanjelioaren aldeko murruan dago baita ere, eta tamaina txikiko lana da. Gorputz bakarra darama, eta hiru kaleetan dauden zutabe salomondarrek oso izaera apaindua eta barrokoa ematen diote. Gainean, antzeko trataera daraman atikoa du, nitxo zuzen batekin. Erretaula osoak landare-apaindura ugari jaso zuen.

Eliza honetan aurki daitezkeen XVIII. mendeko gainerako erretaulak barrokoak dira. Jose Araya eta Lucas de Mena maisuek burutu zuten San Gregorio Ostiakoarena, Jesusen Bihotzarena eta Juan Angel Nagusia lehen aipaturiko artistak egin zuen Arrosarioko Amabirjinarena.

Koruan 1557. urtean Martin Gumet maisuak burutu zuen koru-aulkiteria ikusgarria dago, estilo manieristakoa. Lan benetan bikaina da, bere 23 jarlekuekin. Taula bakoitza bereizita agertzen da pilastra ildaskatu batekin, eta gainean santuak eta ebanjelariak zizelkatuta daramatzaten erdi puntuko arku batekin errematatu egiten da. Martin Gumet artistak berak ere egin zuen bertan dagoen fazistola, lehoien arteko egitura triangeluarrarekin, eta fronte bakoitzean erliebe figuratiboak daramatzaten taulekin apainduta. Koruan bertan ere XVIII. mendearen bigarren erdialdeko organo rokoko bat dago. Bertan dagoen kutxa Diego de Camporredondo arkitektoak egin zuen 1757. urtean, eta organoa bera Lucas de Tarazona Leringo maisu organogileak burutu zuen garai berean. Lan ikusgarria da, eta hiru gorputzeko erretaula baten modura planteatuta dago. Guztietatik, goiko atala nabarmendu daiteke, orden konposatuko lau zutabeekin egituratua.

Sakristian tiradera-armairu jarraitu bat dago, Diego de Camporredondok egina. Traza mistilineoa du, eta gorputzean apaindura rokoko ugari darama. Tiraderek ere antzeko dekorazioa daramate. Nitxoetan, mukulu biribileko irudi interesgarriak daude, zertxobait zurrunak diren arren, eta konposizioa errepikakor samarra duten arren. Parrokiako inbentario honekin amaitzeko aipatu beharra dago sakristian bertan gordetzen den urregintza bilduma bikaina, XVI eta XIX mendeen arteko pieza ezberdinekin. Guztietatik nabarmendu daitezke 1569. urteko brontzezko kanpaitxoa, XVI. mendeko krismera bat, XVII. mendeko zilarrezko kaliz bat eta XIX. mendeko zilarrezko erretilua.